Kontzeptua

Jabetza Kolektiboa: Iparraldeko adibidea

Jabetza-eskubide kontzeptu beraren arabera, familia-ondareak ez ziren soilik pertsona batenak, baizik eta familia osoarenak. Ondare horretan, arbasoen etxea eta haren mendeko ondasunak izaten ziren: altzariak, higiezinak, azienda, herri-ondasunen gaineko eskubideak, elizako eskubidea eta ehorzketa-eskubidea . Dena osotasun ukiezin bat zen, eta familia zen haren jabea. Horrela, beti zirauen, erabilezin eta banaezin, mendez mende, eta bikote batek kudeatzen zuen belaunaldi bakoitzean.

Inork ez zezakeen erabaki, bere kabuz, gutxienez bi mendetik familiaren eskuetan ziren ondasun higikorrez eta higiezinez. Ondasun horiei papoaux edo avitins zeritzeten . Etxerakoak ez zeukan inolako jabetza-eskubide esklusiborik jasotako ondasunen gainean. Haien kudeatzailea zen bakarrik, eta hurrengo belaunaldiari utzi behar zizkion oso-osorik.

Belaunaldi baten familia-ondarearen arduraduna, Coutume-ak hala izendaturik, haur zaharrena zen beti, sexua zeinahi zuela ere . Premutasun-eskubidea nahitaez bete beharreko araua zen, eta ez zuen inork urratzen. Etxearen interesak eskatzen zuenean bakarrik onartzen zen araua indargabetzea. Familia-ondarearen arduraduna ez ezik, premua familiako kide guztien arduraduna ere bazen: gazteena eta zaharrena, biziena eta hilena.

Haur gazteagoek gurasoek eman nahi zietena hartzen zuten, baina etxearen duintasunak galdegiten zuen egoera duinean geldi zitezela. Jaiotetxea uzteko unean, haur horiek gurasoek arbitrarioki ezarritako kopuru bat jasotzen zuten. Halere, azken horiei zegokien haur bakoitzari heziketa ematea eta lanbide bat irakastea, eta, gainera, ezkonsari egokia eratu behar zuten beste etxe bateko premuarekin ezkontzen zenarentzat; bestela, sortetxea uzteko gogorik ez zuten haurrak ostatatzeko, elikatzeko eta mantentzeko betebeharra zeukaten. Etxea, eta beren "legezko- eta oinordetza-eskubideak" utziak zituztenak, harrezkero baztertuak gelditzen ziren aitaren edo amaren ondorengotzatik , baina, zori txarrak joz gero, beti itzul zitezkeen jaiotetxera, eta etxeko jaun-andreek hartu egin behar zituzten.

Bi bikoteek -oinordekoak eta haren ezkontideak, eta oinordekoaren aitak eta amak, hots, "nagusi gazteek" eta "nagusi zaharrek", eta are aitona-amonek edo haietatik bizirik zenak- kudeatzen zuten, batera, familia-ondarea, eta eskubide berdinak zituzten guztiek, zuten sexua edo izaera gorabehera. Administrazio-egintzek eta, bereziki, erabilera-egintzek ondasun indibisoaren jabe guztien adostasuna behar zuten, eta emazteak senarraren eskubide berak zeuzkan bikote bakoitzean. Nagusikidetzaren euskal instituzio tipikoa dugu hor, jabetza-eskubidearen kontzeptu kolektiboaren lekuko.

Ondarea familiarena zen. Ezin zen zatitu, ez eta erabili. Lurren eta etxeen salmentak oso bakanak ziren. "Premia larrietan" bakarrik ametitzen ziren horiek, behar bezala egiaztaturik eta kudeatzaile guztien adostasunaz. Egoera horietan saldutako ondasun bat, atzera-eskuratze jentilizio baten helburu izan zitekeen beti; saltzaileak edo haren oinordekoak eros zezakeen berriro, baldintzarik gabe, saldu izan zen prezio berean, batzuetan salmentatik zenbait belaunaldietara, "toutezfois & quantes bon luy semblera". Praktika hori ezohikoa zen Frantzian , baina Antzinako Erregimen osoan iraun zuen bizirik, eta baita geroago ere, nahiz eta Baionako burgesak kexu izan maiz, euskal lurretan inbertitu ezin zutelako, nahiz eta Bordeleko parlamentuak eta intendenteek ere aurka egin batera. Azken horiek ziren ohituraren etsairik handienak, zeren baitzioten horrek eskualdeko jarduera ekonomikoa geldiarazten zuela . Proposamen bat aurkeztu zen 1784an, eta gero 1788an Lapurdiko Biltzarrean, eskatuz alda zitezela Coutume-ko atzera-eskuratze jentilizioari buruzko artikuluak. Parrokia gehienek, ordea, aurka bozkatu zuten. Instituzio hori funtsezkoa zen euskal gizartearentzat, familia-ondarea kontserbatzea bilatzen baitzuen eta, beraz, hark bizirik iraun zezan. Frantziako Batzar Konstituziogileak indargabetu zuen azkenean, 1790ko uztailaren 17an, eta ezarri zuen, aldi berean, familia-ondarea zati berdinetan banatuko zela oinordekoen artean. Lege horrek, lehenago edo geroago, euskal gizarte-ordena hondatuko zuen Frantzian.

Baina familia-ondarearen kontserbazioak bizirik iraun zuen Frantziako Iraultzako lege bateratzaileen aitzinean. Legegile iraultzaile dogmatikoek, lurraldeetako berezitasun oro suntsitzeko asmoz, departamentutan banatu zuten Frantzia. Gainera, Napoleonen Kode Zibilak Frantziako Zuzenbidea batu zuen 1804an, eta horrek zuzenbide indibidualista eta burges bat ezartzen zien frantziar guztiei, hots, euskal zuzenbidearen justu kontrakoa. Hala eta guztiz ere, euskal ohiturak bizirik daude oraindik.

Lurren jabetza indibisoa bizirik ageri da tarteka, iraganeko aztarnatzat. Bereziki Zuberoan eta Nafarroa Beherean da bizirik, non 1838an legeztatu baitzuten haren estatusa. Baina orduan eratu ziren batzorde sindikalek inbertsio-politika bat ekarri dute, lurrik gabeko artzainen kalterako. Tradizioaren eta modernotasunaren arteko gatazka bat da.

Gatazka hori bera berragertzen da jabetza pribatuaren inguruan ere. Barnealdean, tradizioa errespetatzen da oraindik, eta arbasoen etxea "sakratutzat" daukate; itsasaldean, aldiz, ez da hala, aspaldidanik.

Jabetza-eskubidearen kontzeptu erromatarra sartu dute. Indibidualista da, eta jabeak ondasunak nahi erara erabil ditzake. Horrekin batera, espiritu kapitalista hedatu da gure landa eskualdeetan. Horrek guztiak ondorio larriak ditu Frantziako Euskal Herriaren biziraupenerako.