Kontzeptua

Jabetza Kolektiboa: Iparraldeko adibidea

Lurra modu naturalean, enpirikoki, lurralde-unitatez banatzen zen biztanleen artean. Banaketan, aldeak ziren lurralde batetik bestera. Lapurdin, herri-lurrak parrokia bereko biztanleenak ziren indibisoan ; Zuberoan, lurralde osoko biztanleenak ; Nafarroa Beherean, lurraldea osatzen zuten zazpi eskualde edo haranetako bakoitzarenak eta bost hiribilduetako bakoitzarenak .

Herri-lur horiek behar-beharrezkoak ziren abeltzaintza-lekuetan, eta garrantzi handia zeukaten tokiko ekonomiarako. Lapurdiko eta Zuberoako Coutumes-etan (Ohituretan) maiz eta zabal aipatzen dituzte.

Eskualde bakoitzeko biztanleek hainbat eskubide zituzten: padouentage edo compascuité eskubideak, glandage eskubideak, etxerako su-egurra biltzeko eskubidea, eta soustrage eskubidea. Horiek bizitokiko herri-lurretara zeuden mugaturik. Herri-lurrez gozatzeko, biztanleek eskualdean bizi behar zuten iraunkorki familiarekin batera, eta ohiko eta ezohiko kargetan lagundu.

Hura ez zen jabetza-eskubide bat, gaur ulertzen dugun eran. Ez zen egiazko eskubide bat, baizik eta eskubide pertsonal bat. Eskualdeko biztanle izateari zegoen lotua, eta sekula ez zen bihurtzen jabetza-eskubide esklusibo, erkidegoak hala ematen ez bazuen bederen. Ez zetorren ez lehentasun-eskubidetik, ez eta oinordetza-eskubidetik. Eskualdetik alde egiten zuenak automatikoki galtzen zuen herri-lurrez gozatzeko eskubidea. Eskubide hori etxeari zegokion, eta han bizi zenak erabiltzen zuen. Herri-lurren gaineko eskubideak familia-ondarearen zati ziren, eta harekin batera eskualdatzen ziren.

Ondare kolektibo hori demokratikoki kudeatzen zen. Lapurdin, parrokia bakoitzean, etxeko nagusiek hartzen zituzten erabakiak, igandean batzarrean bilduta, meza nagusiaren ondoren. Nobleak eta elizgizonak batzar horretatik kanpo ziren. Erkidegoari zegozkion auzi guztiak eztabaidatzen eta bozkatzen ziren. Etxe bakoitzak, haren garrantzia gorabehera, boto bat zeukan. Erabakia gehiengoz hartzen zen. Alkate-parrokoak eta batzarrak urtean behin hautatutako auzoetako zinpeko banak betearazten zuten hura.

Nafarroa Beherean, zazpi eskualde edo haranetako bakoitzeko Batzar Nagusiari edo Juntari zegokion herri-lurren kudeaketa . Nahiz eta printzipioz etxeko jaun guztiek zuten parte hartzeko eskubidea, parrokia bakoitzetik ordezkari bat izendatzea gailentzen zen praktikan. Bilera horietan guztietan, Lapurdin bezala, elizgizonak kanpo ziren; etxe nobleetako nagusiek, aitzitik, parte har zezaketen, inolako nagusitasunik edo hierarkiarik gabe, gainerako jaunekin berdintasunean. Horiek ordezkari bat edo bi izendatzen zituzten, eta horiek joaten ziren Batzar Nagusira, nahitaezko agindu bat zeramatela. Lehen bilkura batean gaiak agertu eta eztabaidatu ondoren, diputatuak beren parrokietara itzultzen ziren etxeko nagusiei haien berri emateko, behar ziren azalpenekin, eta etxeko nagusiek gaietako bakoitzaren gainean bozkatzen zuten. Bigarren bilkura batean, diputatuek Batzar Nagusian aurkezten zituzten parrokien erantzunak. Erabakia gehiengoz hartzen zen, eta parrokiek boto bana zeukaten. Sindiko hautatu bat arduratzen zen erabakia zuzen bete zedin.

Zuberoan, Silbieta zeritzon biztanleen batzar nagusiari. Parrokietako ordezkariak biltzen zituen, nobleak eta elizgizonak izan ezik. Nafarroa Beherean bezala, haren agindua nahitaezkoa zen. Batzarra bi saiotan egiten zen, saiotik saiora astebeteko tartea zela. Parrokien botoen gehiengoz hartzen ziren erabakiak, eta parrokiek boto bana zeukaten. Sindiko iraunkor bat izaten zen Zuberoan, eta hura arduratzen zen hartutako erabakiak bete zitezen.

Batzar horien funtzionamendua demokratikoa zen, bada. Zuberoan, ordea, tokiko nobleek eta sindiko nagusiak galdeginik, erregeak, 1730 ekainaren 28ko ageriko gutunen bidez, Silbieta deuseztatu zuen, eta lurralde-estatuez ordeztu, zeinak Nafarroakoen eta gainerako estatu-herrietakoen antzekoak baitziren. Hor, berdin ordezkaturik zeuden hiru estatuak, hots, Noblezia, Kleroa eta Hirugarren Estatua, eta azken hori 26 prokuradoretara mugaturik gelditu zen ordutik. Horiek mandatu ordezkatzailea zeukaten, zeinak guztiz baztertzen zuen edozein herri-kontsulta. Hori eraso larria izan zen euskal demokraziarentzat. Zuberoako estatuek horrela funtzionatu zuten Frantziako Iraultza arte, baina errege zerga-administrazioaren engranaje-pieza huts gisa.

Batzar horien eskumena unibertsala zen, baina herri-lurren administrazioa zuten kezka nagusi.

Lurren salmentak gertakari bakan iraun zuen. Antzinako Erregimenaren azkenetan, ordea, bereziki Lapurdin, zorpetutako parrokiak, errege-ogasun gero eta goseagoaren biktima, herri-lurrak saltzera beharturik aurkitu ziren, beti ere tokiko ekonomiarako nahitaezko ez baldin baziren. Zuberoan eta Nafarroa Beherean, gainera, usurpazioak gero eta ugariagoak ziren. Leherketa demografikoarekin, lurrez gabetutako seme gazteagoek herri-lur zatiak garbitu, hesiz inguratu eta berentzat hartzen zituzten. Tokiko agintariak gainez eginda zeuden fenomenoaren zabaleragatik, eta erregearen agenteek ez zieten laguntzen.

Indibidualismoa hedatzen ari zen. Monarkia, fisiokraten eraginez, nekazaritza-kolektibismoaren etsai zen. Baimendu egin zuen lehenik, eta agindu gero, 1773an, Luis XV.aren erregealdian, herri-lurrak banatu behar zirela.

Baina, Arthur Young bidaiari ingelesak (1787tik 1789ra ibili zen Frantzian) aitortu zuenez, euskaldunek "trabak ipintzen zizkioten etengabe banaketari, herri-lurrak beren ondaretzat baitzeuzkaten".

Izan ziren banaketa batzuk, baina ez zen izan fenomeno orokorra, ezta gutxiagorik ere. Herri-ondasunak nahitaezkoak zirenean tokiko ekonomiarako, ez ziren banatu. Lurren erregimenak, are astinaldi iraultzailearen eta 1793ko ekainaren 10eko legearen ondoren ere, Antzinako Erregimenarekin bezala iraun zuen. Hainbesteraino izan zen hala, non legegileak, Luis Filiperen garaian, esku hartu behar izan baitzuen, 1838an, egoera hori legeztatzeko. Ondasun indibisoak administratzeko, bost batzorde sindikal eratu ziren . Horiek antzinako Batzar Nagusiak baizik ez ziren, haiek bizirik iraun baitzuten, eta baitiraute egun ere, Baigorriko haranean, Amikuzen, Garazin, Oztibarren eta Zuberoan.