Zuzendariak

Zulueta Vergarajauregui, Iván

Donostian 1943ko irailaren 29an jaiotako zine zuzendari gipuzkoarra. Bere benetako izena Juan Ricardo Miguel Zulueta da.

Ez zitzaion Ivan izena ezartzen utzi jatorri sobietarragatik. Euskal zinemagile taldearen baitan nekez izango da "egile madarikatu nagusia" titulua hainbeste merezi duenik. Madrilgo Lanbide Berrien Espainiar Ikastetxean Dekorazioa eta Nueva Yorkeko Art Students League izeneko erakundean publizitate-marrazki eta margolaritza ikasi zituen.

Egia esan, bere zinemagintzako jardunaz gain Zulueta filmetarako eta zinemaldietarako kartelak diseinatu dituen grafista handi bat da. Arazo politikoengatik Zine-Eskola Ofizialak jasan zuen itxialdiaren sustapenarekin erakunde horretan sartu zen. Gerora Zuluetaren bizitza artistiko aztoratua izango zenaren susmoa. Bere lehen filma S-8an egindako La fortuna de los Irureta (1964) izan zen. Jada Eskolan egindako bere praktiketan bere obsesioak askatu egin zituen. Adibidez, bigarren ikasturteko Agata (1966) praktika, Edgar Allan Poeren El retrato ovalado kontakizunean oinarritutakoa. Hirugarren ikasturtekoa, Ida y vuelta (1967), Williams Jenkinsen kontakizun batetan oinarrituta zegoen. Egia esan, Zuluetaren ideia finkoetako bat terrore-generoa da. Jaime Chavarri eta Antonio Droverekin batera TVEko Último grito (1968) programa egin ondoren, zuzendari donostiarrak Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) bere lehen film luzea, Richard Lesterrek The Beatlesekin egindako filmen eragineko puru-egoerako "pop zinea" filmatzen du. Proposamenaren ausardiagatik ez zuen ikusleengandik ez kritikarengandik konplizitaterik jaso. Bere ibilbide guztia nabarmendu duen gogo apurtzaile eta ikonoklastari leiala izanez, film horrentzako pentsatutako lehendabiziko tituluak Caca, culo, pedo, pis o Popilandia y Cacalandia izan ziren. Eta filmazioaren lehen egunean Zuluetak, grafikotasuna eta kartelak egiteaz gain, dekoratuak diseinatu eta margotu zituen. 1970etik 1978ra film labur esperimentalen arloan jarduera frenetikoa garatzen du. Diktadura garaian polizia-erregistroak jasan zituen inoiz gehiago ezer jakingo ez zen pelikulak konfiskatu zizkiotela. 1980an, 70eko hamarkadan izan zituen bere esperimentazio guztien emaitza bezala, Madrilgo Azul zinean Arrebato estreinatzen du. Film luze horrek duen muturreko zamari leiala izanik emanaldiaren ondoren gonbidatu batzuek Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko bulegoetan amaitu zuten.

Titulu horregatik bakarrik Zulueta espainiar zinearen historiaren zati da. Zinemagile donostiarraren arte-proposamenak bezalako -Madrilgo Alphaville zineetan urte oso batez jarraitu zuen- muturreko miresmen korrontea sortu zuen. Lan urratzaile horrek zineak sorrarazten duen lilurapenaz dagi. Lilura hori hain da indartsua ze errealitatea banpirotzera iristen da, desagerraraztera eraman arte. Eusebio Poncela (Jose Sigadorena, bere lanarekin ase gabeko zine zuzendaria), Cecilia Roth, Will More, Helena Fernán-Gómez (bere ahotsa Pedro Almodóvarrek bikoiztua zen) eta Marta Fernández Muro, besteak beste, bezalako aktoreak lan egiten dute. Berlin edo Canneseko zinemaldiak Arrebato, bere estremismoagatik beldurtuta, arbuiatu egiten duten bitartean, film horrek berak Mysfest Misterio Zinemaldian Pelikularik Hoberenari Saria eta Fantasporton Gidoirik Hoberenari Saria lortzen ditu. Zirkuitu marjinaletan bizirik irauteko bere burua gai ikusten ez zuen espainiar zine esperimental baten gailur distiratsua izateaz gain industria-ingurugirora egokitzeko gaitasun handiagoa zeukan zine bati bidea eman zion. Zuluetak urrats hori emateari ezezkoa eman zion eta eszena zuhurki bertan behera utzi zuen. Urte batzuk geroago TVEko Crónicas de mal serierako Ritesti (1992) film laburra eta TVEko Delirios de amor serierako Párpados (1989) film laburrak eginez, bere bultzada abangoardista menderaezinez, horretarako egokiena ez zen medio baten, telebistan berriz heldu zion ibilbideari. 1989an Alcala de Henaresko Zinemaldiak omenaldia egin zion. Zinemaldiaren eremuan Carlos F. HerederoK Iván Zulueta; la vanguardia frente al espejo liburua aurkeztu zuen. 1995ean euskal zuzendariak "El Mundo" Euskal Zineari Sarien IV. Edizioan Lan Pertsonalik Hoberenadi Saria jaso zuen.

Eta 2002. urtean, bere Arrebato maisu lanaren berrezarpenarekin bat etorrita, Donostiako Koldo Mitxelena Kultura Etxeak Zuluetaren obra plastiko eta grafiko guztiaz erakusketa eta bere zinemagintzarekiko maratoia antolatu zituen. Kartel-diseinatzaile bezala izan duen bere lanari buruz Pedro Almodovarren Laberinto de pasiones, Entre tinieblas eta ¿Qué he hecho yo para merecer esto? bezalako filmentzako egindakoak azpimarra daitezke. Gainera Viridiana edo El tercer hombre gisako titulu ospetsuen berrezarpenetarako kartelak egin ditu.Bestalde Marlene Dietrich-i eskainitako berrezarpen bideo-grafikorako, Amnistia International edota Stanley Kucrick eta bere 2001 filma, una odisea en el especio filmentzako kartelak ere egin ditu.

Iban Zulueta Donostian hil zen 66 urte zituelarik 2009ko abenduaren 30ean. Atzean utzi zuen heroinarekiko zaletasunaren aurkako borrokak betetako bizitza latza. Hortxe ditugu ohiko arauetatik aparte burutu zituen filmak, trebezia berezia agerian utzirik. Alex de la Iglesia zuzendariak bere talentua gogora ekarri zuen El Pais egunkarian 2009-12-31ean argitaratutako Autosuficiencia artikuluan. Hona hemen artikulu horren zenbait pasarte:

"Arrebato pelikulak ezin hobeto islatzen du filmaketa baten prozesua, zehaztasun osoz erakusten du. Zeluloidea jan egiten zuen. Haren zinema belaunaldi oso baten jatorria eta motorea bilakatu zen. Bi pelikulekin bakarrik asko eta askok baino urrutiago ailegatu zen." (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Eta Pedro Almodovarrek ere, aparteko sormen artistikoa eragin zuten urte marjinaletan harekin ibili eta gero, egunkari eta egun berean, Nos reíamos tanto artikulua idatzi zuen eta bertan zinemagile donostiarraren erretratua eskaintzen digu, Zuluetaren izaera distiratsua erakusten digu:

"Zaila da azken urte hauetaz hitz egitea. Donostiara itzuli zen, Norma Desmond bezalaxe, baina halere bizi-bizi zeuzkan lau zentzumenak eta sentiberatasun xehea ere ez zuen galdu. Espaniako zinemagintzak zuzendari berezienetakoa galdu du eta, Erizerekin batera, ezin hobeto zekien irudiei gorputz estetikoa ematen. Ez zuen irudi kaskar bat bera ere filmatu. Erosoen sentitzen zen alorra abstrakzioarena zen. Irudi garbia, esanahiaz beteta, fikzioaren enbarazua uxatuz, hainbat soinu ezberdinetan oinarritua. David Lynch-en antzekoa, ez hain tenebrista eta pop-aren aldekoa."(Itzulpena gazteleratik moldatua).