Zinekoak

Silencio Roto

Oria Films-ek produzitu zuen filma, 2001ean. Montxo Armendarizek lehen aldiz hartu zuen film luze bat produzitzeko eta zuzentzeko ardura.

Puy Oriak lagundu zion produkzio lanean. Espainiar Errepublika berrezartzeko asmoz makiek egiten duten borroka antifaxista da Silencio roto-ren ardatza. Bere obrak ohi duen lirismo neurritsu horrekin, Armendarizek gerrillari idealista batzuen borroka alfer, kixotesko eta agoniatsua erakusten du. Gerrillariak mendian bizi dira, guardia zibilek eta armadak jazarrita, Frankoren diktadura botatzeko alfer-alferrik saiatzen. Ildo horretan, Armendarizek askatasunaren aldeko kantu eder hunkigarri bat egiten du berriro, Tasio-n, 27 horas-en eta Las cartas de Alou-n bezala.

Istorioa 1944an hasten da. Lucía (Lucía Jiménez) mendiko herrixka batera heltzen da. Hor, Manuel (Juan Diego Botto) ezagutzen du, ahal duen guztietan mendiko gerrillariei laguntzen dien errementari bat. Laster, Lucía Manuelez eta horrek defendatzen duen kausaz maitemintzen da. Halako batean, Manuel ere mendira joan beharrean gertatzen da. Izua eta beldurra nagusi diren labirinto batean bizi dira eskualdeko jendeak. Makian ibilitako gizonekin hitz eginda eraiki zen gidoia, tamalez jadanik ahaztuak ziren gertakari batzuk erakutsi nahi baitzituen Armendarizek. Makiak Espainiako gerra zibila amaitu ondoren aritu ziren. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, indar aliatuek ez zuten batere konpromisorik agertu Espainiaren askatasunaren alde. Hori sekulako muturrekoa izan zen gerrillarientzat. Halere, borrokan jarraitu zuten, eta bidelapur hustzat zeuzkaten. Azken makia, José Castro Vega, 1965ean hil zen, guardia zibilarekin izandako borroka batean. Borroka urte haietan, biztanle ugari -haurrak barne- espetxeratu zituzten, torturatu, edo zuzenean hil, mendiko gerrillariei laguntzen zietelakoan. Filmean, oso ongi erakusten da giro hori. Egun batean, guardia zibiletako tenientea (Joseba Apaolazak modu sinesgarrian jokatua) heltzen da herrira, Gestapoko piztiarik ankerrenari ere inongo zorrik ez dion militarra. Horrekin, sekulako izua sortzen du Armendarizek filmean.

Emakumeen aldeko omenaldia ere bada Silencio roto. Haien bidez kontatzen da istorioa. Pasarte batean, Lucíak, protagonistak, leiho baten atzean babestuta dagoen kaboaren emazteari begiratzen dio. Zapalketa-giroa nabari da herrian. Gero, kaboa hiltzen da, eta begiraden harreman hori gertatzen da berriro, baina ikuspegia eta planifikazioa alderantzizkoak dira. Bi emakumeek bi egoeretan dituzten sentimenduak bezalaxe. Izan ere, emakumeak beti galtzaile ateratzen dira borroka negargarri horretan. Bestalde, ez dago ikuspegi epiko bat gerrillariez. Gerrak doilortu egiten du. Eta horien borroka, tramak aurrera egin ahala, agoniko bilakatzen da. Halako batean, baso azkenik gabean ahal duten bezala bizirauten duten piztiak dirudite. Esanguratsua da, alde horretatik, pasarte bat: Lucía, bizia jokatuta, mendira igotzen da, gerrillariei jana eramateko eta, bide batez, senargaia ikusteko. Han denean, gerrillarien nagusiak (Ramón Barearen interpretazio aparta) jaten jarraitzen du, neskaren aldera zeharo hotz, haren ekintza ausarta eskertu gabe.

Kritikak aho batez goretsi zuen Armendarizen talentua. Filmak ibilaldi ikusgarria izan zuen zinemaldietan. Honako sari hauek jaso zituen: Valladolideko Olid Meliá Saria; Film Onenaren Saria, Tuterako Opera Prima Zinemaldian; Publikoaren Saria, Gasteizko Euskal Zinemaren Astean; Jules Verne Saria, Nanteseko Espainiar Zinemaren Jaialdian, eta lau sari, El Mundok Euskal Zinemari emandako X. Sarietan (Film Onenarena, Zuzendari Onenarena, Gidoi Onenarena eta Aktore-zerrendako Aktore Onenarena).



  • Armendáriz, Montxo: Silencio roto: un guión de Montxo Armendáriz, Madrid, Ocho y medio, 2001, 157 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.