Zinekoak

Itsasoak ere bizi nahi dute

Ornis Films produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1985ean, eta Rafael Trekuk eta Francisco Bernabék zuzendu zuten. Lehen film zientifiko luzea da Euskal Herriko zinemaren historian. Zinemagileek bazituzten eginak jadanik genero dokumentaleko film labur eta ertain anitz. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin eta Euskal Telebistaren lankidetzarekin egin zuten beren lehen film luzea.

Itsasoari buruzko dokumental eder bat da. Lau urte aritu ziren bera filmatzen. Honako toki hauek ageri dira filmean, besteak beste: Maldiva uharteak, Bretainia, Itsaso Gorria eta Kalifornia Beherea. Trekuk eta Bernabék bi helburu garbi zituzten, oroz gain: itsasoaren edertasunaren testigantza ematea, eta gizakiak itsas-inguruneari etengabe egiten dizkion erasoak salatzea. Militantziagatik, zinemagileek, batzuetan, irudi ederretatik aldendu, eta kalitate urriko irudi filmatuak tartekatzen dituzte, horiek salaketarako duten indarragatik. Izurde-sarraskitzeak eta baleen zatikatzeak aipa daitezke, esate baterako. Bi zinemagileak, dena dela, saiatu ziren izurde-hilketa bat zuzenean filmatzen Japonian, baina alferrik. Naturaren defentsako erakunde bateko amerikar batek gai horri buruzko material filmatua utzi zien orduan, eta haiek filmean sartu zuten. Mar adentro filmaren ildo nabarmenki ekologista horretan, bada beste helburu bat ere: itsas faunaren alde jarri nahi dira ikusleak. Horretarako, Bretainiako itsasbazterreko izurdearen istorio hunkigarria erakusten da, eta hark herriko jendearekin duen konplizitatea. Beste une batean, balea baten irudiak hartzen dituzte, eta, azkenean, filmaketa-taldeko kideak hura laztantzen ari dira. Hirugarren kasu batean, marrazo bati jaten ematen ari da urpekari bat.

Kontatzailearen doinu hanpatua da dokumentalari egotz dakiokeen akats bakanetako bat. Antzeko dokumentalek jadanik denbora luzea zeramaten telebistan eroso instalatuta, zinema-aretoetatik urrun, eta, beharbada horregatik, Mar Adentro apur bat bitxia eta harrigarria gertatu zen. Bi zinemagileek lankide apartak izan zituzten filma osatzeko: Carmelo Bernaola, soinu-bandan, eta Fernando Larruquert, muntaketan.

Mar adentro 1985ean estreinatu zen, Tenerifeko Naturako eta Ekologiako IV. Zinemaldian. Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen. Hurrengo urtean, sari bera eskuratu zuen Cartagenako Ontzi eta Itsas Zinemako XV. Astean. 1990ean, berriz, Açor de Auro Sari Handia irabazi zuen Azores uharteetako (Portugal) 6º Mostra Atlántica de Televisao Portuguesa delakoan.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.