Zinekoak

Udazkeneko euria

Ariane Films produkzio-etxe eusko-madrildarrak produzitu zuen filma, 1989an. José Ángel Rebolledo izan zen zuzendari. Lluvia de otoño film ederra da. Mugimendu erromantikoaren espiritua aldatu nahi du zeluloidera, urtebete lehenago Gonzalo Suárezek bere Remando al viento (1987) filmarekin egin zuen bezala.

Daniel idazlea krisian dago. Emaztearekin partekatzen duen etxea utzi, eta bidaia bati ekiten dio bakarrik, bere egoerari irtenbide bat bilatzeko. Filmaren osagai erromantikoa indartzeko, margolan berezi batzuk ageri dira beti zintzilik protagonista lotarako gelditzen den hotel tristeetan: Gitarrista zahar itsua, Picassorren etapa urdinekoa (garai horretako urdina bakardadearen eta tristeziaren metafora garbia zen), edo Caspar David Friedrich-en Mondaufgang ubre der See paisaia lirikoa. Daniel, azkenean, Euskal Herrira heltzen da. Haurtzaroa eman zuen landetxean jartzen da bizitzen, orain arreba bizi baita hor. Laster, senar-emazte gazte batzuk ezagutzen ditu, Ricardo eta Paula, eta idazlearen bizi lasaiak sekulako astindua jasaten du berriro, Danielek maitasun-harreman bat izan baitzuen Paularekin aspaldi. Hark, ordea, istripu bat eduki ondoren, oroimena galdu du, eta ez du deus ere gogoratzen. Daniel, laster, Paula berreskuratzen saiatzen da, baina alferrik. Porrot berri horrek bakardadera kondenatzen du berriro idazlea. Rebolledok maiz lortzen du filma inguratzen duen hats erromantikoak bizia har dezan. Zoritxarrez, mundu erreala eta ametsena nahasten ditu: Rebolledok iradoki nahi du, batzuetan, Paularen eta Danielen arteko harremana idazlearen irudimenaren fruitu izan daitekeela.

Bi mailak sekula ez dira osoki batzen, eta horrek nahasmena sortzen du ikuslearengan. Lluvia de otoñok badu beste problema larri bat: Rebolledok, laurogeigarren hamarkadako bigarren erdiko euskal zuzendari frankok bezala, atzerriko antzezleei ematen dizkie protagonisten postuak. Antzezle horiek, ordea, normalean, oso gutxi lagun diezaiokete euskal zinemari. Kasu honetan, Kiel Martin antzezle amerikarrak egiten du Danielena. Kiel Martinek ospe apur bat bereganatu zuen Hill Street Blues (Canción triste de Hill Street) telesailean aritu zenean. Tamalez, oraingoan ez da gauza Danielen barruko abentura erdiragarria emozioz adierazteko. Oso hotz ageri da, ez daki gauzak adierazten, eta, horrela, ikuslea ez da sartzen istorioan. Kritika gogorrak jaso zituen Rebolledoren lan bitxi eta iradokitzaileak. Ikusleek ere, ez zuten ongi hartu. Filmeko musika zoragarria da. Alberto Iglesias donostiarrak konposatu zuen.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.