Kontzeptua

Euskal zinematografia

Laurogeita hamarreko hamarkada ez da urrats onez Euskadiko zinearentzako hasten. Alfonso Arandiaren. El anónimo...¡vaya papelón! (1990), José María Tuduriren Santa Cruz el cura guerrillero-Santa Cruz apaiz gudaria (1990) edo José Antonio Zorrillaren, El invierno en Lisboa (1991) bezalako pelikulak laurogeiko hamarkadako bigarren erdian zehar euskal zinematografíaz jabetu den sormen-krisia luzatu egiten dute.

Eusko Jaurlaritzak ordura arteko zinematografia-politikari erabateko aldaketa ematen dio Euskal Media baltzu publikoa sortuz. Orain diru-laguntza adigaia desagertu egiten da. Zine-industria sortzea bideratu eta esleitutako diru-publikoak errentagarri bihur ditzaketen sustapen bide berriak bilatzen dira. Eusko Jaurlaritzak, orain, sozietate honen bitartez bere kasa edota koprodukzio bidez ikus-entzunezko baliabideak ekoizteari ekingo dio. Erabaki instituzional honen ondorioak negargarriak dira. Nepotismo eta lehiakortasun desleialarekiko salaketak behingoan dira eta Euskadin zine-giroa gehiago nahastu besterik ez da egiten. Eta gainera sozietate berriak laurogeita hamarreko hamarkadan indarrez sortuz doan euskal zinegile belaunaldi berriari lepoa ematen dio, euskal zinearentzako aukera historikoa galduz.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian Eusko Jaurlaritzak, egoeraren jakitun dela, sozietatea begi-bistatik kendu egiten du baina kaltea eginda dago eta euskal zinematografiak bere ondorioak luzaroan ordainduko ditu. Kultura Sailak ordutik ez du hain politika erratura jo, baina laurogeiko hamarkadako lehen urteetan garatu zuen politika handinahia bezalakorik ere berriro ez du berreskuratu.

Euskal Media gertaeraren ondoren Eusko Jaurlaritzaren politika euskal industria-sarea garatu eta sustatzeko 2003an aurkeztutako Ikus-entzunekoaren Liburu Zuriaren gauzatzean eta arte-ondorio nabarmenak 1997an bere jaiotza egunetik lortu dituen laburmetraien sustapen eta hedapenerako Kimuak programan zentratu da. 2004 urtetik, Liburu Zuritik sortutako oldozmenetik abiatuta, Kultura Sailak urtero deialdi publikoen bitartez garatutako sustapen-bide bat finantzatzen du.

Inguru nahaspilatsu honetan 1990etik euskal zineak, direnak direla, gorakada garrantzitsua ezagutu du. Laurogeiko hamarkadaren amaieran sormen-krisia errealitate izanik eta susperraldi baten aldekoak gutxi zirela, 1991an Euskal Herriko zine ahuldua indarrez beteko duen estreinaldia izango da.Todo por la pasta, Enrique Urbizuk maisutasunez egindako indarkeria eta erabateko ekimenezko thriller bortitza dugu. Ama Lur eta El proceso de Burgosekin bezala euskal zinearen historian aro berria hasi zen. Gutxira Juanma Bajo Ulloak Donostiako Zinemaldian bere Alas de mariposa (1991) opera primaz Urrezko Oskola lortzen du. Eta 1992. urte hasieran Julio Medemek Vacas izeneko karlisten gudetan girotutako baserri- drama eder bat estreinatzen du.

Euskal zine berria, gaztetasun eta gaitasunez betea bide-eginez dabil. Urte horretan Victor Ericek beste maisu-lan bat sortzen du El sol del membrillo, zinearen eta margoaren muga eta ahalmenak aztertzen dituen dokumental arriskutsua. Eta 1993an euskal zinegileen belaunaldi berriak, Alex de la Iglesiaren Acción mutante, estreinaldi garratza, Julio Medemen La ardilla roja komedia erromantikoa eta, edertasuna eta lazturaren konbinazio biribila lortzeko Juanma Bajo Ulloaren trebetasunaren beste erakusle bat den La madre muerta lako estreinaldiekin euren gaitasunaren laginak emanez darrai. Eta laurogeigarren hamarkadan sortutako euskal zinegileek ez dira Imanol Uriberen Días contados (1994) -urteko garaile nabarmena Donostiako bere Urrezko Oskolez eta bere Goya 8 sariz-, Maité euskal zinearen historian komediarik arrakastatsuena izatera iritsiko den Eneko Olasagastik eta Carlos Zabalak zuzendutako Angel Amigoren produkzioa dena edo Montxo Armendarizen Historias del Kronen (1995) bezalako interesgarri diren estreinaldiak aurkeztuz atzean geldituko. Arte-aro pilpiltsu honetan gerizpe bakarra zinegileen eta erakundeen arteko etengabeko tirabirak dira, 90eko hamarkadako bigarren erditik, behin Euskal Media Eusko Jaurlaritzak deseginda, tirabirak lasaituko diren arren.

Arrakasta-multzoa ez da, jakina, hemen bukatzen. 90eko bigarren erdia aurrera doan heinean euskal zinegile berriak sortzen dira, beste batzuk finkatu, jaialdi ospetsuetan sariak lortu eta gainera takilan aurreko urteetan pentsaezinak ziren diru-arrakasta lortu ziren. 1995ean zine espainiarraren garaile handienetariko bat, produkzio-etxe nafarra duen, Justino, un asesino de la tercera edad (1995) da. Alex de la Iglesia eta Julio Medemek El día de la bestia (1995) y Tierra (1996), lanekin hurrenez hurren lormen handi bi lortzen dituzte. Imanol Uribek Bwanarekin (1996) bere bigarren Urrezko Oskola lortzen du eta Daniel Calparsoro sortzen da Salto al vacío (1995) y Pasajes (1996) pelikulekin. 1997an Juanma Bajo Ulloak em>Airbag ez aurrekaririk gabeko takila-arrakasta lortzen du, bere estreinaldiaren ondoren espainiar zinearen historian pelikularik takilekoena izatera iritsiz. Montxo Armendarizek Secretos del corazónekin Berlingo Zinemaldian Europar Pelikularik Hoberenari Angel Azul saria lortzen du eta gainera Atzerriko Pelikularik Hoberena Oskarera izendatzea lortzen du. Alex de la Iglesiak Perdita Durango, Estatu Batuetan filmatutako pelikula estreinatzen du, estreinaldian espainiar zinearen historian izandako pelikularik garestiena dela. Veneziako Mostrak bere atal ofizialean,1997an eta 1998an euskal zinegileen bi pelikula hautatzen ditu; Daniel Calparsororen A ciegas eta Julio Medemen. Los amantes del Círculo Polar. 1998an Alex de la Iglesiak Muertos de risarekin takilak berriz lehertzen ditu.

Euskal marrazki bizidunen zinearen gorakadaz ez hitz egitearren. 1985en Kalabaza tripontziak hasitako bidea laurogeita hamarrekoan, Maite Ruiz de Austriren. La leyenda del Viento del Norte-Ipar Haizearen erronka (1991), El regreso del Viento del Norte-Ipar Haizearen itzulera (1993), -1994an Animazio-Pelikularik Hoberenari emandako Goya Saria-, Baleuko produkzio-etxearen. Megasonikoak (1997), -1998an Animazio-Pelikularik Hoberenari emandako Goya Saria-, Juanba Berasategiren Ahmed príncipe de la Alhambra (1997) (eta bere ondorengo aztarna den egile beraren El embrujo del sur (2002) edo Joxean Muñoz y Txabi Basterretxearen. La isla del cangrejo (2000) -2001ean Animazio-Pelikularik Hoberenari emandako Goya Saria-... bezalako arrakastekin zabaldu egiten da.

Nabaria da euskal zinegileek, azkenean, zazpigarren artean euren tokia lortu dutena.