Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Euskal zinematografia

Euskal zinematografia


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share

Zinemaren hasiera Euskal Herrian

Euskal Herrian zazpigarren artearen abentura ikaragarrizkoari buruzko aipamena egiteko zinemaren jatorrira beratara joan beharra dugu. Hasiera-hasieratik, Euskal Herrian arrakasta handiago edo txikiagoz pelikulen ekoizpen egonkor eta publikoarengana heldu al izateko erakorik igarotako XX. mendeko laurogeiko hamarkadara arte ez dela emango esatea argi utzi behar da. Izatez laurogeiko hamarkada horretan da euskal zineman aurrendari izango diren lanak aurkitzen ditugun garaia.

Bizidun metraia luzeko lehendabiziko pelikula 1985ean iritsiko da (Kalabaza Tripontzia). Zientzia mailako lehen luzemetraia (Mar adentro) ere 1985ean estreinatzen da. Komedia generora atxikitako lehen luzemetraia Tu novia está loca...-rekin 1987an iristen da. Labur-labur mundu mailako zinemaren historia berrikusten baldin badugu, luzemetraiadun komedia ugari eta bizidun pelikula asko aurkituko ditugu XX. mendearen lehen erdian. Zeintzuk dira atzerakuntza horren zioak?.

Hasteko, zinemaren lehenbiziko egunetan dirudunen eta agintarien artean ez da sorkuntza zinematografikoarekiko laguntza seriodun konpromisorik izango. XX. mendearen hasierako euskal zinegileen lana, hasi orduko porrotera bideratutakoa bentura besterik ez da. Baina gainera guda zibilaren ondoren euskal adierazpen artistiko garbi bat askatasunean garatzeko edonolako ekimen zapuztuko duen diktadura erregimena erortzen da Euskal Herriaren gain. Edozein kasutan euskal zinegileek euren lurrean iraunarazteko jasan behar izan dituzten eragozpen ugariez irakurleak jabetu nahi badu hasieratik hasi beharra dago.

Zinematografoaren magiak jada asmakizun ikaragarri honen lehenbiziko uneetatik Euskal Herria argiztatzen du. Kaputxinoen Boulevardeko Gran Caféko Indiar Aretoan Lumière anaien proiekzio historikoa Parisen 1895ean egiten baldin bada, Biarritzek 1896ko udaran asmakizun berriari harrera egiten dio, Bilbao, Vitoria, Iruñea edo Donostia bezalako beste euskal hiri batzuk gutxi beranduago eginaz. Ez ziren erakusketa goiztiarrak bakarrik egin. Jon Letamendi eta Jean Claude Seguin euskal zinearen historiaren ikertzaileek euskal orubean, hurbileko beste lurralde batzuekin erkatuz gero data goiztiardun filmazio batzuen aztarnak -denak Lumièren pelíkula eta kamarekin- aurkitu dituzte.

Jakin dakigun lehen filmazioa Rochers de la Vierge da. Kamarek, 1896ko ekainean, Biarritzgo inguru ospetsu horren hartualdi batzuk, Lumière-n asmakizuna lapurditar tokian bertan lehen aldiz erakutsi baino arinago alegia, egin zituzten. Hasierako beste hartualdi batzuen albisteak 1896ko uztailean Hugensen bidamotografoak, 1897ko ekainean Gasteizko Enparantza Zaharreko Antonio Salinasen ikusteak edota 1897ko uztaileko Jose Maria Obregonek Bilbon (Bilboko Buruhandiak eta Areatzako Zubia) eginak dira. Tamalez, Rochers de la Vierge besterik ez dugu.

Jada esan den bezala, ez burgesiak eta ezta garaiko erakundeek ere ez zuten zinematografia-sormenari laguntzeko interesik txikiena ere erakutsi. Euskal aurrendariek urte horietan izango diren ezegonkortasunaren adibide lazgarri bat baliabiderik ezagatik amaitu ezin izan zen Isaac Diezen Josetxo (1910) pelikula da. 1920an Musidora frantziar artistak Jaime de Lasuen bilbotarrarekin batera Pour Don Carlos zuzentzen du. Pelikula, Auñamendiko alde bietan filmatu zen eta guda karlistei buruzko gaia jorratzen zuen.

1923an, Bilbon, Alejandro Olavaria, Aurelio Gonzalez eta Enrique Santos zinemagileek eratutako Hispania Film Zinematografia-Ikastegia sortzen da. Telesforo Gil del Espinaren zuzendaritzapean, Un drama en Bilbao (1923) eta Lolita la huerfana (1924) 1924an filmatu ondoren, Ikastegiak bere egitasmorik garrantzitsuena gauzatzen du: Edurne, modista bilbaína, euskal langileriaren mundua azaleratzen duen -garai horretako ekoizpen guztiak bezala- foileto inozoa. Lehen euskal luzemetraiadun pelikula honetatik bazterkinak, gidoia eta argazki batzuk besterik ez ditugu. Telesforo Gil del Espinarek pelikularen aldaki bat -beharbada dagoen bakarra- bazterkinak zirelakoan, gozoki-etxe batetara igorri zuen. Horrela historia-balio neurtezinezko lan aitzindari hau fotogramarik fotograma zatitua izan zen, publizitate-erakargarri gisa gozokiekin batera izanez. Tartean, 1923 eta 1928 bitartean Manuel Intxaustik euskeraz, frantsesez eta gazteleraz errotulatutako dokumental batzuk filmatu zituen. Eusko Ikusgaiak izenburua ezarri zien eta euskal zinema dokumental garaikidearen aurrekaririk gardenentzat aintzat hartu daitezke.

Euskal Herritik bertoko euskal zinematografia sortzeko borrokan beste ahalegin nagusi bat 1928an estreinatzen den El mayorazgo de Basterretxe baserri-aldeko Azkona anaien eskutik datorkigun eta bere espirituan bere aurreko Edurne modista bilbaina langilearenetik baino sabindar aberriaren ideiarengandik hurbilago zegoen baserri-aldeko melodrama dugu. Euskal pelikula bati buruzko politika zentsuraren lehen albisteak -eta tamalez ez bakarrak- jada urrutiko egunotan azaltzen zaizkigu. Bizkaiko Gobernadore Zibilak filmari hasiera ematen zion dantza jaialdi baten ikurrina erabiltzea debekatu egin zuen. Ez zen izan, jakina, pelikulari eragin zion arazo bakarra. Soinudun zinea pelikularen estreinaldiarekin batera gertatu zen. Pelikula, mutua izanik erakustera eman orduko zaharkituta gelditu zen, horretara bere karrera komertziala geldituz. Gaineratutako eragozpen bat, beraz, herritik bertotik filmatzeko euskal zinemagileek egindako lan neketsuan.

Lehen soinudun euskal pelikula 1930ean estreinatu zen. Au Pays des Basques izan zen. Maurice Champreuxek egina eta mendebaldeko Euskal Herrian filmatua izan zen. Eta 1933an Teodoro Ernandorenaren Euzkadi estreinatzen da. Euskal lehen pelikula politikoa da eta Donostiaren setioan behin betiko galdu zen EAJren egoitzan soldadu frankistek aurkituta erre izatean. Gudan Gipuzkoa eta Bizkaia arin erortzeak eta Agirre Lehendakariaren Gobernuaren baliabiderik ezak errepublikari leiala zitzaion euskal esparrutik propagandarako zinema-ekoizpen garrantzitsurik garatzea eragotzi egin zuen. Xehetasunok zituzten lanen artean Nemesio Sobrerillaren (1973) Gernika laburmetraia, euskal haurren irtetearen eta atzerrirako euren bide luzearen eszena hunkigarridun euskal lurrarekiko eraso faxistaren lekukoa nabarmentzen da. Dokumental honen irudi samingarriak euskal herriak jasan behar zituen egun goibeltsuen iragarpena ziren.

Carlos Roldán Larreta
2010

Our Sponsors