Dantza

Haurren Dantzak

Jaiotzen denetik, inguratzen duen kultura eta indarrean diren harreman-sistemak bereganatzen joaten da gizakia, pixkanaka-pixkanaka. Hots, sozializazio-prozesuaren bidez eta jolasaren ildo pedagogikoari jarraituz, komunitateko kide txikiak helduek zuzenduriko entretenimenduen (abestiak, ipuinak, jokoak, etab.) hartzaile pasibo bihurtzen dira. Gerora, haurrek beraiek garatzen dituzte jarduera horiek, nerabezaroan eta, batez ere, gaztaroan zehar, lehenago ikasitakoa erakusteko aukera ematen duten ahalmena eta jakin-mina eskuratu ahala.

Oro har, haurren jolas- eta jai-jarduera guztiak jolasean edo helduen jarduerak imitatzeko joeran oinarritzen dira. Beraz, esan bezala, bi alderdi horiek alderdi soziala, ekonomikoa eta filosofikoa aintzat hartzen dituen eta komunitateko kide txikiei zuzendurik dagoen sozializazio-sistemaren osagai dira.

Jolasaren bitartez, gainera, haurrak beren alderdi fisikoa eta gorputzekoa, intelektuala edo soziala osatuz doaz egunero. Aldi berean, komunitate baten bizimodua gidatzen duten arauak eta komunitate horrek bere ekosistemarekiko dituen harremanak barneratzen dituzte. Esaterako, gizarte tradizionalen testuinguruan, urteko zenbait jaiegunetako ardatz nagusiak ume taldeak ziren, eta beste batzuetan, ume talde horiek gazteen jarduerak imitatzen zituzten. Jaiegun horietako zenbait eskola-giroan ospatzen ziren eta, gainerakoak, bestelako agente sozializatzaileak (familia, berdinen taldeak, kidetza edo erreferentzia taldeak, etab.) nagusi ziren testuinguruetan.

Testuinguru tradizional horretan, "Haur Folklorea" delakoaren alderdi soziokulturalak ugariak eta anitzak izan dira (jokoak, dantzak, mintzaira eta kontaketa, mitologia etab.). Bestalde, hainbat ekintza-eremutan gauza daiteke, eta eragin adierazgarria izan (hezkuntza-jarduera, gizarte- eta kultura-jarduera edo, are gehiago, jarduera terapeutikoa) etorkizunari begira.

"Haur Folkloreak" elementu aberasgarri anitz ditu eta, aldi berean, kultura tradizionalaren zein komunitatearen sozializazio-sistemaren hainbat ikuspuntu edo alderdi biltzen ditu. Horien artean, besteak beste, ondokoak azpimarra ditzakegu:

  • Joko musikatuak. Joko musikatuetan abesti errimadunek, musikak eta mugimendu erritmikoek bat egiten dute, eta ahoz aho hedatutako melodia malgu aldakorrak buruz ikasteko aukera ematen diote haurrari.
    Zenbait haur-abesti eta melodia izaera sinpleko joko erritmiko edo musikatuei (korroak, soka, pilota, etab.) lotuta daude. Haien urratsen zein koreografien sinpletasuna dela eta, ezin dira joko-dantzatzat hartu. Dena dela, jolas musikatuak eboluzio normalizatu jakin batzuetan oinarritu daitezke, eta parte-hartzaileek zorrotz behatzen dituzte. Zentzu horretan, mugimenduak aipatutako entretenimenduaren oinarri den melodiari eta/edo abestiari egokitzen zaizkio.
  • Joko-dantzak (Irri dantzak, Kalapita iantzak edo. Joku dantzak) rol pedagogiko, sozial eta erreferentzial garrantzitsua betetzen dute haurren munduan. Modu horretan, etxe-giroan, helduek jolaserako dantzetan trebatzen zituzten haurrak. Gerora, gaztaroan, abilezia eta trebetasun handiz dantzatzen zituzten tabernetan, auzolan jakin batzuetan, jaietan edo familia-ospakizunetan etab.
  • Dantzak, zentzu hertsian, zenbait erritmo anitzi jarraiki gauzatzen dira, jaiegun jakin batzuetan. Beraz, parte-hartzaileek prestakuntza berezia edo egituratua behar dute izan. Dantza bakoitza parte-hartzaile jakin batzuei zuzenduta dago. Gainera, tradiziozko dantza batzuk haurrek egin ohi zituzten, eta haurrenak beraienak ziren. Baina gehienetan, helduen jai- eta joko-jarduera imitatzera edo gizarteko kideekin batera aritzera mugatzen zen umeen partaidetza.

Dena den, egia da kultura tradizionalari eusteko eta jarraipena emateko arazoak direla eta, dantzek geroz eta gehiago joko dutela beste adin batzuen bereizgarri diren folklore-alderdiak (dantzak, kantuak, errituak, etab.) hartzera.

Folklorearen beste alderdi batzuk ere aurki ditzakegu, hala nola musikarik ez duten hamaika joko, bildumazaletasuna, hainbat bilketa, jolas-jostailuen zein soinu edo musika-jostailuen elaborazioa. Edo haur-kanta edo esaeren (igarkizunak, aho-korapiloak, hitz-jokoak etab.) ugaritasuna, eta zozketa, zenbaki-segida edo olgeta moduen kopuru handia. Eta ezin dugu ahaztu haurren munduan ipuinak eta kontakizun mitologiko edo legendarioak norbanakoaren ezagutze-prozesuaren garapenean edo adosturiko baloreen gizarte-justifikazioan arras garrantzitsuak direla. Arrazoi beragatik aintzat hartzekoak dira kide txikien unean uneko parte-hartze zikliko ugariak, adibidez, jai- edo eske- kantuetan, errituetan edo tokian tokiko gizartearen bestelako ospakizun-jarduera bereizgarrietan.

Haurren mundu tradizionala bere testuinguruan kokatu ostean, haur-dantzen kontzeptu orokorra zehaztera, edukiak egituratzera eta jatorrizko funtzionalitateak finkatzera mugatuko gara. Dantzak haurrek egin eta imitatu dituzten forma koreografikoak dira, edo helduek zuzendu izan dituzte kolektibitateko kide txikiak dibertitzeko edo entretenitzeko.

Baina, bestalde, nabarmena da dantza-kontzeptuaren mugak ez daudela argi zehaztuta eta, horregatik, ez da batere arraroa dantzaren ekintza-eremuan errituzko dantzak nahiz bestelakoak, "joko-dantza" ezagunak eta joko musikatuen sorta zabala sartzea.

Era berean, gogoan izan behar dugu haur-dantzak, nahita ala nahigabe, haurren ahalmenetara edo garapen fisikora, ezagupenezkora eta sozialera egokitzen saiatu izan direla hasiera-hasieratik. Beraz, dantza mota hori haurren gaitasunen eta dantza-koreografien erronken (espazioaren menderatzea, erritmoa eta mugimendua, gorputzaren kontrola, imitatzeko ahalmena, gizarte adostasuna etab.) arteko lokarri bihurtu da.

Haur-dantzen eremua arras zabala da, baina ez oso ezaguna. Horregatik, zaila da dantza horiek sistematizatzea edo egituratzea modu argian eta egokian. Ildo horretan, joko musikatuak direlakoen barruan, baldintza edo lotura argirik gabeko oinarri musikala duten jarduerak edo entretenimenduak azaltzen dira. Hau da, akonpainamenduzkoa (erritmikoa edo musikala) den oinarri melodiko jakin bati jarraituz jarduera nagusi bat garatzen da, baina jarduera horrek, gehienez ere, hasierak, amaierak edo une jakin batzuk arautzen ditu noizbehinka. Jarduera mota horren adibide adierazgarriak ditugu hegaztien inguruko errituzko jokoak ("oilar jokuak" eta "antzar jokuak") eta bestelako jokoak ("soka-muturra", "al higuí" etab.).

Baina hizpide ditugun joko tradizionalen eta musikalen artetik, batzuk melodia bat oinarri duen mugikortasun erritmiko edo neurtu batera egokitzen dira. Joko-dantza edo dantza gisa har ezin baditzakegu ere, joko musikatuek, berez, badituzte aurrekoen oinarrizko ezaugarrietako batzuk. Haur txikiei (lehen urteetakoei, batez ere) zuzenduriko zenbait jolas eta abesti nabarmen ditzakegu: kulunka, zabunka edo lauhazkatzekoak, sehaskan egoteko edo lo egiteko jolasak, imitazio-jolasak eta atzamar, esku edo oinekin egiten direnak.

Era berean, ekintza-ariketei loturiko hamaika joko musikatu haurraren heltze- eta sozializazio-prozesuan landu ohi dira, eta nerabezaroan zein gaztaroan ere jorratuak izan daitezke. Oro har, koreografia sinpleak edo konplexutasun handirik gabekoak dira, eta taldean zein bakarka egiten dira. Hots, joko musikatuak haur-joko musikatuen multzoa dira. Joko musikatuetan norbanakoak edo taldeak koreografia eta urrats sinpleei jarraituz aurrera egiten du, eta helburu nagusia entretenimendua da, besterik gabe. Aldi berean, haurrei ahoz aho hedatutako musika malgu aldakorrak buruz ikastea ahalbidetzen dieten errimadun abesti, melodia eta mugimendu harmonikoak erabiltzen dira joko musikatuetan. Bestetik, zenbait jolas biltzen dituzte, hala nola, asto-saltoa, soka-saltoa edo goma-saltoa, oin gainean jauzi egitea edo orekari eustea, zabu- edo kulunka-jolasak, esku-jolasak, jolas erritmikoak lerro paraleloetan edo korroan eta katearena eginez, antzezpenak eta mimikak, edo are gehiago, mintzaira erabiltzen duten kantu-jolasak.

Haietako batzuk neskatoek beren ohiko jostaketetan sarri egin ohi zituzten korro-jolasak ziren (Bira-bira monte, Txilin txilin, Aingeru luzia edo Iru Errege Magoak eta Ala pinpirrinera). Abestian adierazitakoa egiten zuten neskek (buelta eman edo korroaren erdiguneari bizkarra ematen jarri, belauniko jarri edo izaera mahometarreko agurrak egin etab.), edo abestiaren erritmoaren araberako itzuliak ematen zituzten, besterik gabe. Bestalde, "Kadera baten ganean" izeneko jolasak, adibidez, musikaren doinuari jarraituz oinak txandakatzeko ahalmena sustatzen zuen. Azkenik, helduek "San Pedro zeruetako ..." abestia kantatzen zuten etxe-giroan txikiak dantzan jartzeko.

Joko-dantza ezagunek izaera egituratuagoa dute. Dantza mota horrek ez du zerikusirik ezarritako errituekin eta, beraz, era informalean, bat-batean eta modu librean dantzatzen dira. Hau da, ez dira egiten jaiegun zehatzetan, ez daude inori zuzenduta, eta ongi pasatzea edo dibertitzea dute helburu bakarra (barre eginaraztea, norberaren trebetasuna erakustea, edo elkarren abileziak konparatzea, apustu eta guzti, edo apusturik gabe).

Testuinguru publikoan edo pribatuan egiten dira, parte-hartzea indibiduala edo kolektiboa da, eta musika sinplea izaten dute (erritmo, melodia eta kantu errepikakorrak). Joko-dantzaren egitura orokorrak (lerro bakarreko, lerro paraleloetako edo zirkulu-itxurako formazioak) eta indibidualak arau finko batzuk izan ditzake zenbaitetan, edo librea izan daiteke, nahi bezala aritzeko. Batzuetan, parte-hartzaileek tresnak erabiltzen dituzte.

Joko-dantza multzo hori Euskal Herri osoan egon da hedatuta, baina bai kantitate bai kalitate aldetik Pirinioen inguruan (Baztango harana, Luzaide edo Garaziko zonaldea, Sara eta Ezpeleta inguruan, Uztaritze, Baigorri, Burgete, Zuberoako goi-haranak etab.) iraun du ondoen.

Premisa orokor horiei jarraituz, joko-dantza batzuk haurrek egiten zituzten hainbat testuingurutan (toki publikoetan, adibidez plaza edo erromerietan, eta pribatuetan, hala nola, sukaldean, ezkaratzean, atarian eta ganbaran). Erreferentziazko taldeak (gazteak eta helduak) imitatzen zituzten edo, besterik gabe, heldu batek bultzatzen zituen, denen gozamenerako eta haurrak jolas-jarduera horiek pixkanaka ikasten joateko.

Ildo berean, dantza tradizionaletan haurren rola aldatu egiten da, tokiaren eta testuinguruaren arabera. Zentzu horretan, haurren partaidetza errituzko dantzetan unean unekoa izan da (prozesioetako irudien edo pertsona nabarmenen aurreko dantzak, antzerki-tankerako antzezpenak etab.) edo, bestela, lausotuz joan da kolektibitatea imitatzearekin edo harekin aldi berean parte hartzearekin batera.

Alegia, esan bezala, jolas musikatuak, joko-dantzak eta zenbait dantza, haur-dantza izen orokorrarekin izenda ditzakegun elementuak dira. Azken batean, haurrek egiten dituzte, beste adin batzuetakoen laguntzarekin edo bakarrik, beste inoren laguntzarik gabe, gorputz-mugimenduekin (modu indibidualean edo kolektiboan) eta koreografian edo espazioaren okupazioan melodia jakin bati jarraituz. Aldi berean, dantzaren funtzionalitatea jardueraren jatorri tipologikora eta oinarrizko helburura egokitzen da.

Ondare tradizional garrantzitsua da, izan ere, dantza eta, haur-dantzak, gainera, trebakuntza- eta gozamen-bide ere izan daitezke. Haurren garapenarekin eta hazkundearekin (eboluzio-etapa guztietan) bat aritzeko aukera emateaz gain, besteekiko eta inguruarekiko loturak indartzen dituzte, eta, halaber, barne-adierazpidea eta sormen estetikoa azaleratzeko modua izan daitezke. Edo bestela esanda, elkar eragina duten oinarrizko hiru eremutan mamitzen da dantzaren aberastasuna: gorputzean eta haren mugimenduetan, adierazpenean eta komunikazioan, edo are gehiago, sormenean.