Kontzeptua

Artearen Historia

Garai honetan, euskal arteak historian lehen aldiz abangoardia propioa sortzeko aukera izan zuen eta, horregatik hitz hori erabil dezakegu. Euskal artean lengoaia berriak sortzeko ahaleginak burutu ziren eta horrekin batera sorkuntza prozesua askatasun osoz bideratzeko nahia agerian utzi zuten. Gizartera hurbiltzeko nahia ere agerikoa zen, gizartearekin berarekin elkarrizketa berria eratzeko. Bigarren aro hori Francoren diktadura zorionez desagertu eta demokrazia ezarritakoan amaitu zen; Euskal Herrian aro berria hasi zen, arlo guztietan erabateko garapena eta hazkundea erdietsiz, baita artearen munduan ere.

Arte

Diktaduraren lehen urteetan zehar, erregimenak historian eta herrian oinarritutako estilo nazionala ezarri nahi zuen, dekorazioa estilo zaharren ildotik abiatuz, uste baitzuten horixe zela Espainiako Inperioaren unerik distiratsuena. Horrela, garai horretan gauzatu ziren eraikin gehienetan exhibizionismoa eta joera monumentalaren gehiegikeria agerian geratu ziren. Hala eta guztiz ere, ezugarri horiek ez ziren kasu guztietan bete, batetik oso garestia zelako eta bestetik ez zutelako gizartearen beharrekin bat egiten. Egoera ekonomikoa oso larria zen eta eraikuntza prozesua azkarra izan behar zuen, eraikin ugari behar baitzen. Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera lengoaia modernoa berreskuratzen saiatu ziren guda aurreko urteetan jardunean aritu ziren arkitektoen zein belaunaldi berrien eskutik. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, sentsibilitate berria sumatu zen euskal arkitekturaren inguruan; lengoaia modernoa eta arrazionala aldatu egin zen estilo berriari lekua utziz. Estilo berriari organizismoa esaten zioten. Kurbei lehentasuna ematen zien eta, batez ere, erikinen integrazioari garrantzi handi eman zioten, hau da, eraikinak bat egin behar zuen kokatzen zen inguru naturalarekin eta historikoarekin. Garai honetako azken urte horietan, organizismoa estetika berriena izan bazen ere, hainbat lanetan arrazionalismoarekin bat egin zuen, expresionismoaren osagaiak eta ezaugarriak ere ageri zirelarik.

Frankismoaren lehen bi hamarkadetan arkitekturarekin gertatu zenaren antzera, arte plastikoek ere betiko estilo kontserbatzailearen alde egin zuten, Euskal Herriko artearen baitan joeta eta korronte modernoak erabat dezagertu zirelarik. Pinturari dagokionez, artista gehienek paisaia landu zuten eta euren obrak figuratiboak izan ziren -eta ez errealistak-.

Arte
Lan horietan inpresionismoak eta postinpresionismoak izan zuten eraginaren oihartzunak sumatzen dira. Beraz, berrikuntzak, aldaketak eta etendurak hirurogeigarren hamarkadatik aurrera gertatu ziren. Hamarkada horretan sortzen da Euskal Herrian lehen garaiko abangoardia historikoak berreskuratzearen aldeko apustua egiten zuen pintore belaunaldi berria. Horrez gain, sortzen ari ziren arte mugimendu berrien eragina jasotzearen alde zeuden -informalismoa, espresionismo abstraktua- eta bestetik gizartera hurbildu nahi ziren, aldatzen ari baitzen eta behar berriak zituen.

Eskulturari dagokionez, XX. mendearen bigarren aldi horretan, joera berritzaileekin izandako harreman goiztiarrari esker, hauxe izan zen arrakasta eta garapen handiena eridietsi zuen arloa. Berez, Euskal Herrian berrogeita hamargarren eta hirurogeigarren hamarkaden artean euren lana garatu zuten eskultore taldeari Eskultura Euskal Eskola esaten diote.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.