Kontzeptua

Artearen Historia

Artearen esparruan, erromatizismoaren eragina Euskal Herrian ere sumatu zen, berandu eta indar gutxirekin izan bazen ere. Sentsibilitate berri horren adibiderik onena arte plastikoetan aurkitzen ditugu, historizismoak arkitekturaren alorrean ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, garai horretan Euskal Herriko hiri nagusiak, bereziki kostaldean zeudenak, izugarrizko hazkundea bizi izan zuten. Hazkundea Industria Iraultzaren eraginez gertatu zen, garai horretan lehen urratsak eman baitzituen, eta horrez gain bestelako eragileak izan ziren, turismoa bera esate baterako. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egin zituzten eta hazten hasi ziren, aldi berean behar berriekin bat zetorren artea eskatuz.

Arte

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar garatu zen estiloari eklektizismoa esaten diogu. Berez, nagusi izan zen sentsibilateta erromantikoa izan arren, garai horretan zehar hainbat estilo sortu eta konbinatu ziren, bat ere nagusitu ez bazen ere. Berez, arkitektura mailan, historizismoaz gain, modernismoak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Hala ere, punturik interesgarriena zera litzateke, garai hartako artea guztiz aldatu zuten estilo eta forma berriak -burdinaren arkitektura, inpresionismoa pinturan- Euskal Herrira ere ailegatzen hasi zirela.

Dena den, arkitektura herrikoia berreskuratzeko joerak Euskal Herrian bilakaera berezia eta propioa izan zuen, XX. mendearen hasieran neoeuskalduna izeneko estiloa sortu baitzen. Berez, estilo horrek euskal baserriaren ezaugarriak oinarri gisa hartzen zituen familia bakarreko etxebizitza berriak eraikitzerakoan.

Aldi honetako protagonista nagusia arkitektura eklektikoa izan zen arren, XIX. mende bukaeran Europako burgesiak estilo berri baten aldeko apustua egin zuen, modernismoaren alde alegia. Modernismoak eklektizismoa gainditzea aldarrikatzen zuen eta inspirazioa landare eta forma organikoetan oinarritzen da. Euskal Herrian, hain berritzailea zen estilo horrek eragin arina izan zuen, eraikuntzetako etxaurretan eta batez ere, arte aplikatuen eremuan. Hala ere, modernismoari esker Euskal Herriko arkitekturak dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa erdietsi zuen eta horrekin batera materialen erabilera trebeagoa.

Arte

Burdina eta porlana bezalako material berrien erabilera, arkitekturaren esparruan benetako iraultza baten ataria izan zen. Berez, material berri horien erabilerak eraikitzeko modua antzaldatu eta baldintzatu egin zuen, eta horrekin batera estetika ere aldatu egin zuen, formen diseinuan soiltasuna eta marra zuzenen aldeko apustua egitea ekarriz. Hala ere, euskal industriagintzak bere garapen ekonomikoa metal preziatu horretan oinarritu zuen arren, zutik dirauten garai horretako eraikinak gutxi dira, burdinez edota beste material berritzaileak erabiliz burutuak alegiak.

Arte plastikoetan ere eklektizismoa nagusitu zen, eta horrela, erromantizismoa, historizismoa eta kostunbrismoa izan ziren pinturan zein eskulturan landu ziren estilo garrantzitsuenak. Edonola ere, teknika eta forma aldetik, klasizismo zorrotzenari eutsi zitzaion eta estilo aldaketa jorratzen ziren gaien inguruan sumatu zen bakarrik.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.