Kontzeptua

Artearen Historia

Euskal Herrian sortu ziren lehen adierazpen artistiko garrantzitsuak erromanikoa esaten diogun estiloari dagozkio. Izan ere, elizak, nobleziak eta erregeek sortu zuten honako estilo hau, Europa mendebaldeko kristau lurraldeen batasuna bideratuko zuten ikurrak behar zituztelako. Beraz, aniztasun geografikoa, ekonomikoa eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko. Hortik dator arte erromanikoaren izaera homogeneoa eta horren funtzio didaktikoa. Izan ere, orduko gizartea landa giroan bizi zen, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituz; biztanle gutxi ziren, eta egoera politikoa beti kolokan zegoen: agintariak etengabe aldatzen ziren. Erromanikoa kultur erreferentzia nagusia bihurtu zen, bestelako estilo guztiak batuz.

Arte

Frantziako Cluny ordeneko monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Estilo honek mendebaldeko kristau munduaren kohesioa eta batasuna bermatu behar zituen. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabala eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan. Gero, horrren bitartez eta hortik bertatik abiatuta, adierazpen artistiko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Ekimen horiek, batetik erlijioaren hainbat premia asetzen zituzten, eta, horrez gain, hainbat estilo eta printzipiorekin bat egiten zuten, baliabide artistikoen bitartez helburu zehatz batzuk lortu nahi zituzten printzipioekin alegia. Beraz, erromanikoa da Euskal Herrian garatu zen lehen estilo artistikoa. Halere, Euskal Herrian landu zen erromanikoa oso ezaugarri xumeak zituen.

XII. mendearen hondarretik aurrera, beste kultur korronte bat heldu zen, eta, poliki-poliki, erromanikoa ordezkatu zuen, gotikoa alegia. Ordura arte, erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan hedapen handiagoa izan zuen, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan. Araba eta Iparraldean ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloari so eginez, Euskal Herriko lurraldearen arabera, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoaren elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Dena den, esan genezake lurralde guztietan arkitektura arte plastikoei nagusitu zitzaiela, eta arte erlijiosoa, arte zibilari.

Arte

Garai honetako adierazpen artistiko garrantzitsuenei dagokienez, arkitektura arloan honako hauek nabarmendu behar dira: Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia, Biana, Arrada eta Artaxonako herri harresidunak, Leireko San Salbatore monasterioa eta Aralarko San Miguel eliza, Iratxeko monasterioa eta Uxueko Santa Maria eliza, Lizarran Ruako San Pedro eliza, Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza, Estibalizko Andre Maria eliza eta Armentiako San Prudentzio eliza, eta Zuberoako Santa Garaziko eliza.

Euskal Herrian gorde diren bestelako diziplina plastikoei dagozkien aztarnak aztertuz, gehienak eskultorikoak dira, eta elizetako portadak eta klaustroak bereziki azpimarratzekoak dira. Kasu honetan ere, Nafarroan aurkitzen ditugu adibiderik onenak, besteak beste, Iruñeko katedral erromanikoaren klaustroko kapitelak, Tuterako Azken Judizioko portada, Lizarrako San Miguel elizako alboko portada eta Zangozako Santa Maria la Real elizako portada nagusia. Azken horretan dago multzorik osoena eta interesgarriena. Gainerako elizetan, bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan, apaingarri geometriko soilak dira nagusi.