Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Artearen Historia

Artearen Historia


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • escuchar
  • share
Informazio osagarria


         · Historiaurreko artea
         · Erromatarren artea
         · Arte Erromanikoa
         · Arte Gotikoa
         · Errenazimendua
         · Barrokoa


         · Neoklasizismoa
         · Eklektizismoa
         · Modernitatea
         · Abangoardiak
         · Garaikidea


         · Arkitektura
         · Eskultura

         · Pintura


Artearen historia artearen bilakaera denbora eta espazioan zehar aztertzen duen zientzia da, artearen hainbat historia planteatu baititzakegu garaia eta lekuaren arabera. Berez, artearen historia gizarte-zientzien disziplinetako bat da, izaera multidisziplinarra du eta historian zehar artearen azterketa objektiboa burutzen saiatzen, ezaugarri bereizgarriak aztertuz, estiloak sailkatuz eta garai desberdinak finkatuz. Arteari dagokionez, artea esaten diogu gizakiak bideratutako edozein produktu edo ekimenari, komunikazioa ahalbidetu eta ideiak eta emozioak aditzera emateko asmoz ekimenei alegia. Eta artearen definizioa denboran zehar asko aldatu bada ere, gaur egun artea bezala jotzen dugu gizakiaren sormenaren ia edozein adierazpen. Berez, XX. mendean zehar bederatzi arte mota bereiziki ziren -arkitektura, dantza, eskultura, musika, pintura, literatura, zinea, argazkigintza eta komikia-, eta gaur egun zerrenda horretan beste adierazpen artistikoak ere sartu dira, besteak beste, diseinua, publizitatea, moda edota gastronomia. Hala ere, zenbait erakundetara -unibertsitateak, museoak, artearen merkatua, argitalpenak- mugatutako disziplina akademikotzat jotzen den artearen historiak arte plastikoak edo bisualak haintzat hartzen ditu bakarrik -arkitektura, pintura eta eskultura bereziki, azkenaldi honetan argazkigintza eta bideoa ere gehitu badira ere-. Bestelako arte mota guztien ikerketa beste disziplinen esku geratzen da. Hala ere, artearen historiak harreman estuak mantentzen ditu beste ezagutza mota eta disziplinekin, esaterako, filosofiarekin estetikaren bitartez, soziologiarekin edo psikologiarekin.

Arte

Artearen historia Errenazimendu garaian hasi zen jorratzen lehendabiziko aldiz, bildumazaletasunak sortutako grinaren ondorioz. Zaletasun horrek lehenengo aldiz adierazpen artistikoen balizko funtzioa alde batera uzten zuen -funtzio erligiosoa edo politikoa alegia- eta aintzat hartzen hasi ziren horien ikuspegi estetikoa eta gizarte eragina. Aldi berean, balio ekonomikoa zuten gordailutzat hartzeak suposatzen zuen onura ere kontutan hartzen hasi ziren. Horrela, Aro Modernoan zehar eta bereziki Europako monarkia absolutoen goralditik aurrera, errege familientzat, nobleziarentzat eta elizarentzat artea bereizketa seinale bihurtu zen. Ondoren, burgesiak ere bide beretik jo zuen, beraien bildumetan arte lanak metatzen hasiz. Aldi berean, artearen historia biltzen zuten lehenengo liburuak idazten hasi ziren, mendebaldeko gizartearen ekoizpen artistikoa bakarrik aintzat hartzen bazuten ere. Gainera, gehienak azterketa garaiko artista garaikideek burutu zituzten.

Gero, iraultza bugesekin batera, museoen bitartez bilduma horietako batzuk jendearentzako erakusgai geratu ziren behin-betiko. Horrela, XIX. mendetik aurrera sortzen hasi zen egun ezagutzen dugun artearen historiari dagokion disziplina akademikoa. Ikuspegi berria jorratzen hasi ziren, ikuspegi zabalagoa artearen historiaren inguruan alegia. Aldi berean, zibilizazio guztietako artearen deskribapen orokorra egiten saiatu ziren eta ekoizpen artistikoak aztertzen kultura bakoitzeko ezaugarriak aintzat hartuz, ez bakarrik mendebaldeko artearen historiari zegozkionak. Berez, gaur egun artearen historiak gizartean onespen zabala dauka XX. mendean zehar artearen historia landu zuten erakundeak, fundazioak, unibertsitateak, museoak eta galeriak, publikoak zein pribatukoak, ugaldu egin zirelako; komunikabideen areagotzea ere oso garrantzitsua izan da artearen historiaren azterketa eta hedapenerako.

Arte

Euskal Herriko artearen historiari dagokionez, gure artean honako disziplina hau, beste askorekin gertatu den bezala, berandu garatu da eta modu eskasean. Berez, Euskal Herriko artearen historia osatzeko lehen saiakerak ez dira sortzen XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasiera arte, Angel de Apraiz, Gregorio de Mujica, Juan de la Encina edo Flores Kaperotxipi bezalako adituak lanean hasten direnean. Jarraian, belaunaldi berri batek aurrekoaren testigua hartuko du eta ikerketa zorrotzagoak eta sakonagoak burutuko dituzte, Juan Maria Alvarez Emparanza, Mario Angel Marrodan, Juan Plazaola edo Edorta Kortadi bezalako adituei esker. Gaur egun, ikasketa unibertsitarioei esker arte historialarien kopurua asko handitu da eta horri esker adituen artean belaunaldi berriak sortu dira bertan Javier Gonzalez de Durana, Kosme Maria de Barañano Letamendia, Xabier Saenz de Gorbea edo Javier San Martin bezalako adituak nabarmenduz.

Artearen historia antolatzeko orduan hainbat aukera badaude ere, arruntena eta ohikoena denboraren zatiketan oinarritutakoa da; ondoren beste azpizatiketa bat gauza daiteke euskarri artistikoan, lurraldetasunean, estiloetan edo zenbait artistetan oinarrituz. Artearen historiaren inguruko zatiketa horrek historia beraren berezko zatiketarekin bat egiten du. Gure kasuan, Euskal Herriko artearen historiari dagokion atal nagusian zatiketa kronologikoa sortu dugu artearen historia hamaika garaietan sailkatuz -historiaurreko artea, arte erromatarra, erromanikoa, gotikoa, errenazimendua, barrokoa, neoklasizismoa, eklektizismoa, modernitatea, abanguardiak eta XXI. mendeko artea-. Jarraian, euskarri artistikoan oinarritutako azpizatiketa egin dugu -arkitektura, eskultura, pintura- eta azkenik, disziplina horietako bakoitzean beste zatiketa aurki dezakegu lurraldearen arabera.



José Javier Fernández Altuna
2011


Images

Our Sponsors