Matematikariak

Zuazua Iriondo, Enrique

Matematika Aplikatuko aditua. Eibarren (Gipuzkoan) jaio zen, 1961ean.

2001. urtetik, Matematika Aplikatuko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta 2008ko irailetik, Ikerbasqueko ikertzailea eta BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) zuzendari zientifikoa. Halaber, Jakiundeko osoko kidea da, eta Innobasqueko Berrikuntza Teknologikoko Kontseilu Betearazleko kidea. Matematikako lizentziatua da EHUn.

1987an, unibertsitate horretan doktoratu zen, eta 1988an, Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean. 1987-88 ikasturtean, EHUko irakasle elkartua izan zen, eta ondoren, Analisi Matematikoko irakasle titularra, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. 1990ean, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Matematika Aplikatuko Katedra bat lortu zuen, eta 2001ean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan sartu zen.

Hainbat unibertsitatetan aritu da irakasle bisitari; hona heman haietako batzuk, besteak beste: New Yorkeko Courant Institute, eta Minnesotakok eta Riceko unibertsitateak (AEB); Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala; Cambridgeko Isaac Newton Institute; eta Frantzian, Pierre et Marie Curie Unibertsitatea, Paris-Sud Unibertsitatea, Versaillesko Unibertsitatea, Orleanseko Unibertsitatea, Tolosako Unibertsitatea, Nizako Unibertsitatea eta Parisko Eskola Politeknikoa.

ESAIM:COCV aldizkariko argitaratzaileen burua da, eta SIAM Journal on Control and Optimization aldizkariko editore korrespondentea eta beste aldizkari batzuetako argitaratze-batzordeko kidea. Zenbait zentro eta agentziatako batzorde zientifikoko kidea da; haien artean, azpimarratu behar da European Research Council (ERC) zentroko Advanced Grants-etarako Matematika Batzordeko presidentea dela.

2006an, Euskadi Saria jaso zuen, Zientzia eta Teknologiaren modalitatean, eta 2007an, Julio Rey Pastor Saria eman zioten, Matematika eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloan.

Oihartzun handiko 200 artikulu inguru argitaratu ditu; izan ere, ISI Institutuak (Thompson) Highly Cited Researcher deklaratu zuen 2004an.

Matematika Aplikatuaren arloan, hauek dira Enrique Zuazuaren espezializazio-eremuak: deribatu partzialetako ekuazioak, sistema-kontrola eta zenbaki-analisia.