Musikakoak

Zortziko

Zentzu orokorrean, zortzikoa gaur egun da, batez ere, abesti edo pieza musikal bat erritmo oso zehatz batean, 5/8 konpasean idazten dena, eta kasu gehienetan punttuekin, honela gutxi gorabehera. Franko dira egitura honetako abestiak, ezagunenen artean aipa ditzakegu:

Gernikako arbola, Jose Maria Iparragirrerena, Maite, Pablo Sorozabalena, Maitetxu mía, Francisco Alonsorena, edo La del pañuelo rojo, Avelino Agirrerena, adibide gehiegi ez ematearren.

Hala eta guztiz, gaur egun ere, zortziko hitzak beste esanahi batzuk ditu musika eta dantzaren arloan: Nafarroan bereziki egiten diren dantza batzuk, erritmo bitarrean eta 2/4 konpasean idatzita: Lantzeko zortzikoa, Baztango zortzikoa, eta abar.

Beste zortziko batzuk, beste erritmo batean daude, eta normalean 6/8 konpasean idazten dira: hauek dira, adibidez, Iparragirreren Ume eder bat edo egile ezezagunaren Donostiako hiru damatxo kasuak.

Eta zortziko hitzak, noski, beste esanahi bat du bertsolaritzan: zortzi bertsoko estrofak, bi mota nagusirekin: handia, hamar eta zortzi silabeko bertsoez osaturik, eta txikia, zazpi eta seikoekin. Hedaduraz, bertso horiek kantatzeko erabiltzen diren doinuek -osatzen dituztenak nolabait ere- zortziko izena jaso egiten dute.

Esanahi hauek, irudiz oso ezberdinak izanik, zerikusi aski estua dutela esan daiteke, begirada historikoa emanez gero.

Lehen erreferentzia zehatzak oso modernoak dira, ia XIX. mendekoak: batetik, noski, Juan Ignacio de Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarriak, 1824 urtean argitaraturik, eta bestetik, Humboldt deituriko paperak (XX 1994). Ikerlari alemaniar horrek euskal doinu eta hitz tradizionalak eskatu zituen, eta beraiekin batera egile ezezagun batek (esan da Juan Antonio Mogel izan zitekeela) euskal musikaz zehaztasun handiko deskribapen batzuk ere prestatu zizkion. Dokumentu hauetan, "euskal estilo musikal erabat berezkotzat" jotzen da Europa mailan zortzikoa, eta tartean erritmo hori idazteko arazoak ere aipatzen dira. Egilearen ustez, izan ere, 6/8 idazkera hobea zen 2/4a "baino baina musikari arrotz batek ezingo zuen asmatu euskaldun batek duen espresioa, abestiak eskatzen duen zehaztasuna idatzi arren". Hasier hasieratik, beraz, zortzikoaren izaeraren ezaugarri nagusiak aurkitzen ditugu lehen testiganza hauetan: zortzikoa oso elementu ezaugarrizkotzat hartua izango da euskal musika eta kulturarako, eta hori bere erritmo berezko, bitxia eta zailagatik.

Garai honetan, ezaguna denez, Mendebaldeko estetika musikala simetrian oinarritzen zen: Ilustrazio garaian, Natura ikuspuntu arrazional batetik ikusten zen, eta bere barnean lege matematikoak betetzen ziren, simetria horien artean. Erritmoa simetrikoa izan behar zen, baina zortzikoarena, beste euskal musika batzuekin gertatzen den bezala, ez zen horrelakoa. Humboldt paperetako egile ezezagunarentzat, adibidez, txistua laguntzen zuen danboliñak mugimendua markatzen zuen erritmo bitxi batekin, efektu "txarra" egiten zuena, baina "herritarrei, horrekin moldaturik, laguntzen ziena".

Iztuetak (1824:48), halere, liburu famatuan, bi zortziko mota definitzen ditu konpasaren arabera: saltotacoac 6/8 konpasean, ziur aski Humboldt paperetan komentatzen ziren beraiek, eta, beste aldetik, 2/4koak, asieraco zortzicoac deitzen dituenak. Hala eta guztiz, Iztuetak erritmoan baino puntuen, edo konpasen, neurketan insistitzen du gehiago, eta badirudi bere buruan zortzikoaren ezaugarri nagusia zortzi konpaseko esaldiak izan behar zela. Ilustrazio garaiko estetika musikalean, esaldiak ere simetrikoak eta erregularrak izan behar ziren, eta badirudi Iztuetarentzat esaldi erregular horiek zituzten doinuak zortzikoak zirela, eta esaldi irregularrak zituztenak, berriz, soinu zaharrak.



Iztuetaren obran oinarriturik, musikologo eta folklorista batzuek hedatu dute zortzikoaren esanahia eta beraz, zortzi konpaseko esaldiak dituzten doinu guztiak zortzikoak izango lirateke, fandangoak eta arin-arinak barne. Esaldi erregular hauek, halere, arruntenak izan dira Mendebaldeko dantza gehienetan Erdi Arotik hona, eta XVIII. mendeko musika erudito aurreklasiko eta klasikoan araua ere. Hain arrunta da estruktura hau, ezen izen propio bat duela, esaldi karratua hain zuzen. Honek bitxiagoak, baina ez erabateko salboespenak bihurtzen ditu soinu zaharrak beraien esaldi irregularrengatik. Irizpide hori jarraituz, beraz, mundu osoko denbora guztietako doinu asko eta asko zortzikoak izango lirateke.

Hala eta guztiz, Iztuetak (1824:104-106) une zehatz batean bere gaztaroan zortziko guztiek hitzak zituztela estrofa baten arabera ere esaten du: zortziko txiki bat, hain zuzen. Eta Humboldtek berak, bere Diario (1924:120-121) famatuan estrofaren garrantzia ere azpimarratzen du, bere landa-lanean horrela esan baizioten. Hau da momentu honetan zortzikoaren etimologiarik probableena, nahiz eta aspalditik esaldiaren estruktura eta batez ere erritmoa berez garrantzitsuagoak izan. Halabaina, esan daiteke historian zehar hitzak dituzten zortziko gehienek erabili izan dutela zortziko txikia estrofa.