Musikakoak

Zortziko

Azken hamarkadetan euskal musikak jasan dituen prozesuek, noski, eragina izan dute zortzikoan. Euskal gizartean bizi diren aldaketa sakonak islatu dira bere ikonologia musikalean, eta ikur berriek zaharrak ordezkatu dituzte. Zortzikoak, beste euskal musikaren ikono klasikoekin batera -hala nola txistuak edo abesbatzak- esan daiteke garrantzia galdu duela beste ikur berrien kontra, batez ere txalaparta edo trikitixa batetik eta rock, folk eta pop-etik etorritako joeren kontra bestetik. Zortzikoaren esentzia erritmikoa, gainera, oso nekez batera daiteke azken musika hauekin, konplexotasun erritmikoak oso modu ezberdinetan sortzen baitituzte. Gaur egun, alegia, inori ez litzaioke bururatuko zortzikoa euskal musikaren adierazle nagusia izan daitekeenik.

Honek ez du esan nahi, noski, zortzikoaren gaia ez dela eztabaidagarria izan. Batetik, teoria oso berritzaile batzuek etimologia berriak proposatu dituztelako, hala nola Juan Antonio Urbeltzena (1989). Honek ez du uste, normalean egin den bezala, zortzikoaren izena zortzi zenbakitik datorrenik, eta beste hitz batekin, sorchi, soldado raso o sin graduación harremanetan jarri du, musika militarrarekin, eta hedaduraz gaztaroarekin erlazionatuz. Gauzak horrela izanda, eta musika militarraren definizioa eman gabe, praktikan ia edozein musika eta dantza zortzikoa izan daiteke. Teoria hori abiapuntua izan da tradiziozko dantzan oinarrituriko espektakulu eder batzuk egiteko, baina ez du ia defendatzailerik aurkitu maila teorikoan, kontrakoa baizik.

Hala ere, momentu honetan batez ere gaiaren konplexotasun erritmikoak hartu dira aztergai. Gezurra badirudi ere, bakarrik azken urteotan azpimarratu da doinu eta dantza batzuk jo eta kantatzen direla erritmo ezberdinetan: Lekeitioko Katxarranka, demagun, 5/8 zortzikoa da kaleetatik ibiltzen denean baina 6/8 3/4 ezpata-dantza erritmo bihurtzen da dantzatzeko momentuan. Zentzu horretan, Sabin Bikandik (1994), kasu, idatzi du doinu bera, interpretazioa eta momentuaren arabera, 8/8, 3/8 (bi modu ezberdinetan), 11/16, 9/8, baita 5/8 moduan ere.

José Ignacio Ansorenak (1990a, 1992, 1995, 2003) bereziki, zortzikoa idazteko arazoak eguneratu ditu esanez gaur egun dantza batzuk (hala nola Lesakakoak, Oñatiko Korpus-dantza, Zumarragako Ezpata-dantza, Durango Merinaldeko Dantzari-dantza eta beste batzuk, askotan 5/8 konpasean idatzita eta interpreteak horrela jotzen dutelaz konbentziturik egon arren, errealitatean 3/8 konpasean jotzen direla, modu oso sinkopatuan. Honek zerikusi handia du Albénizen idazkera zaharrarekin, 3/8 horien bina konpas egile horren konpas banarekin bat datozelako. 5/8 konpasa, bere ustez, XIX. mendeko danbolinteroek egindako moldaketa bat besterik ez zen, erritmo sinkopatu hori ekiditzeko nahian. Azken urteotan, izan ere, Txistulari aldizkarian agertu dira dantza horiek idazkera berrian, bai doinuak soilik bai txistulari bandarako moldaketetan.

Ideia honek idazteko arazo bat -zergatik Albénizek idatzi zituen 6/8 konpasean eta ez 5/8an pieza horiek- modu oso arrazional batean konpontzen du. Baina airean uzten ditu beste gauza batzuk: zergatik Albénizek berak defendatu zuen bakarrik hogeita hamar urte geroago 5/8 idazkera zortzikorako, bere garaian ezaguna eta erabilia; zergatik gaur egun arte mantendu izan diren 6/8 zortziko dantzatuak (gutxi izan arren, tradizioan horrela mantendu ziren) ez dira sinkopatuak, edo beste modu batean esanda, zergatik konpasa bera izanik bi erritmo hain ezberdin ditugun.

Pentsa genezake Iztuetaren garaitik bi zortziko erabat ezberdin zeudela: bata 5/8 punttuduna, kantatzen zena, eta beste bat, sinkopatua, dantzarako. Arazoa orduan da nola sortu zen gure zortzikorik famatuena, punttuduna, oroitzen baditugu zer gutxi ziren gure folkloristek herritik jaso zituzten adibideak. Modu honetan, adibidez, Aita Donostiaren teoria, erritmoa dantzatik abestira pasa zena, ezeztatuko genuke.

Beste aldetik, prozedura informatikoak erabili izan dira ere halako aferak argitzeko. Sabin Bikandi eta bereziki Karlos Sánchez Ekiza (2004) segundo-milarenetan neurtu dituzte interpretazio batzuk belarriaren subjektibotasunetik ateratzeko nahian. Ikerketa horien arabera, horietako dantza batzuk 5/8 konpasean daude, baina idatzitako erritmo punttuduna:

jotzeko momentuan egiten da horrela:

6/8 zortzikoa, sinkoparik gabe, bat dator orokorrean idatzitako erritmoarekin. Baina Jose Ignazio Ansorenak proposaturiko 3/8 idazkera ez dabil ongi dantza batzuetarako, hala nola Lesakako dantzak, Baztango soka-dantza edo Durangoko Merinaldeko dantza batzuekin. Ekizaren ustez, idazkera hori sinpleegia da erritmo oso konplexu hauek behar den moduan adierazteko, haien funtsa ez baita matematikoki proportzionala, gorputzaren mugimendu ez matematikoetan oinarriturik baizik.

Laburbilduz, zortzikoa izan da denboran zehar batere dudarik gabe gehien landu den euskal genero musikala. Bitxia eta berezkoa, bere izaera ikonikoak eta bere bitxitasun musikalak eztabaida asko sortu izan dituzte. Nahiz eta errealitatea konplexuagoa izan zortzikoa, gaur egun eta orokorrean, 5/8 erritmo punttudun oso ezaugarrizkoa duen abesti edo pieza instrumental bat da. Gaur egun ditugun datuen arabera, euskal musika herrikoiaren erritmo bitxi batzuk konpas eta erritmo oso zehatz honetan gauzatu ziren, antza denez XVIII. mendean. Hurrengo mendean erritmo horri gehitu zitzaizkion beste elementu erromantikoak, askotan estilo belcantistico italiarrarekin lotuta, produktu berri bat baina euskal tradizioan oso integraturik sortzeko, sekulako arrakasta lortu zuena eta euskal musika denbora luzez identifikatu zuena.

Azken garaian, zortziko erromantiko honek pairatu izan behar ditu euskal gizarte garaikidearen aldaketak, eta bere garrantzia, dudarik gabe, ikaragarri murriztu egin da. Hala ere, eta bidean beste zortziko mota batzuk fagozitatuz, euskal ikur zalantzezina izaten darrai, agian zentzu horretan generorik euskaldunena. Ohore hori nekez ken dakioke.