Pintoreak

Zamacois Zabala, Eduardo

Bizkaitar margolaria. Bilbon jaio zen 1841eko uztailaren 2an, eta Madrilen hil, 1877ko urtarrilaren 12an, 36 urte zituela.

Marrazketa ikasi zuen Jose Balaca pintorearekin, eta 1859an, Madrilgo San Fernando Arte Ederren Eskolan sartu zen. Jaioterrian merezitako izen ona irabazi ondoren, Erromara joan zen, eta Parisera, beranduago. Bertan zegoela, haren koadro kostunbristek ospe handia lortu zuten, eta Meissonnier margolari handiaren irakaspenak jaso zituen. Ospetsu samar bihurtu zen, genero-koadro txikiak margotuz. Izan ere, XIX. mendeko 70eko hamarkadan mota horretako margolanak oso preziatuak ziren. 1875ean Madrilera bueltatu zen, gaixorik.

Frantses Gobernuak Ohorezko Legioaren domina eman zion 1874an, eta Parisko Erakusketa Unibertsalean diploma bat sortu zuten, haren ohorez. Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen, 1860an, 1862an, 1864an eta 1866an, baita Parisko Erakusketa Unibertsalean ere (1878). Izan ere, hil aurretik obra ugari bidali zituen azken horretara.

Sari hauek lortu zituen: Ohorezko aipamena Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (Madril, 1860), La desesperacion koadroarekin; Hirugarren Domina Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (1862) Un violinista, Una visita eta Oficiales de guarda obrekin; Hirugarren Domina Arte Ederren Erakusketan (1864), Un recuerdo, Últimos momentos de Cervantes, Los quintos, Los limosneros, ¡A la patria! eta Cuidado, que te ven izeneko koadroekin; Hirugarren mailako domina Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (1866) La primera espera eta Episodio de la guerra de la Independencia koadroekin; eta Urrezko Domina 1870eko Parisko Erakusketan.

Obra horiez gain, aipatzekoak dira: Bufones del siglo XVI, La educación de un príncipe, Visita inoportuna (Bilboko Arte Ederren Museoan), El amor platónico, Jaque y mate, El guarda campestre (Charles Dickens nobelagileak erosi zuen), Autorretrato, El favorito del rey, Retrato de Mme. Stewarts eta Reverencia al Rey (azken obra hori Madrilgo Arte Modernoaren Museo Nazionalaren jabetzakoa da). Mariano Fortuny pintorearen lagun handia izan zen.