Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Pablo Zabalo Ballarin

Pablo Zabalo Ballarin


toolbox

  • editions:
  • other languages:
    • ver en castellano
  • share

Arkitektoa. Donostia, 1893ko uztailak 3; Donostia 1961eko ekainak 9. Arkitektoa, pintorea eta marrazkilaria, eta bere garaiko profesionalik aktiboenetakoa.

Diego Zabalo itsas merkatariaren eta Josefa Ballarinen semerik zaharrena, beste hamaika anaia-arreba izan zituen: Luis, Maria, Antonio, Jose, John edo Juan marrazkilaria, Txiki bezala ezaguna, Felipe, Santos, Ricardo, Carmen, Mercedes eta Ignacia, azken hau marrazkilaria ere. Pablok arkitekto gradua Madrileko Arkitektura Eskolan lortu zuen 1918ko abenduaren 5ean, ikasketak 1909/1910 ikasturtean hasi ostean. Jarraian bere jaioterrian ezarri eta Dora Agirrerekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen: Teresa, Xabier, Lore, Mikel, Amaia (Purgatorioko Arimetako erlijiosoa) eta Belen. 1922ko apirilaren 1ean eta 1923ko urriaren 1ean bitartean Donostiako zortzigarren teniente alkate nazionalista izan zen, eta udalaren behin-betiko lan komisioan parte hartu zuen. 1930ko otsailaren 26an osatu zen Donostiako udalaren osoko bilkuran parte hartzeko gonbidapena ez zuen onartu. Gutxienez 1934ean Altzako udal arkitektoa izan zen, oraindik udalerri independentea zenean eta Gipuzkoako hiriburura anexionatuta ez zegoenean. 1937an, Guda Zibila zela eta, Iparraldera lekuz aldatu zen eta Ziburu, Donibane Lohitzune eta Ustaritzen bizi zen. 1938an Frantziako La Rochelleko itsas portutik Oropesa izeneko itsasontzian Txilera joan zen arte. 1939an herrialde amerikarrean, bertoko gobernuak eman zizkion erraztasunei esker, arkitekto titulua baliozkotu zuen. 1942an Espainian ezarri zen diktadurak Zabaloren arkitekto aritzea suspenditu zuen, gobernu berriaren kontrako jarrera zuten beste hainbat profesionalekin egin zuen bezala. 1948an Donostiara bueltatu eta bere estudioa eta egoitza bertan ezarri zituen hil zen arte.

Zabalok, eskuarki, etxebizitzak proiektatu zituen: etxe erreformak eta handitzeak, auzo etxeak eta etxe bakarrak. Santiago de Chile, Donostia eta Altza eta Pasaia hurbileko udalerrietan, eta neurri gutxiago batean Hernani, Errenteria, Eibar, Irun, Tolosa eta Lezan kokatuta daudenak. Hauetan garaian ohikoa zen eklektizismoa jarraitu zuen, eta hala eraiki beharreko eraikinaren arabera estilo eta dekorazio elementu ezberdinetako errepertorioa erabili zuen.

1918 eta 1937 bitartean, erbestea hasi aurreko garaian, proiektu asko egin zituen, batez ere hogeita hamargarren hamarkadan. Garai honetako obren artean aipatzekoa da Emilio Eizagirrerentzat, bere bezero garrantzitsuenetako batentzat, 1926an Donostiako Kolon Pasealekua 2 eta Mirakruz kale artean egin zuen auzo etxea. Bezeroak eraikin nabarmen bat nahi zuen eta horretarako kokapen azpimagarria hautatu zuen, batez ere fatxadaren burualdean deigarria zen arkitektura dekoratzailea lagun. Enkargua kale bereko 4 eta 6. zenbakietara hedatu zen, antzeko ezaugarriak jarraitzen zituen multzo erregular eta uniformea lortuz, eta jarraian 10. zenbakia eraiki zuen ere, azken hau bi kaleen arteko kokapenean. Hortaz, Zabalok Gipuzkoako hiriburuko kale nagusienetako baten hasiera definitu zuen.

1928ko ekainean arkitektoak arkitektura berri batera hurbiltzeko saiakera egin zuen Donostiako Secundino Esnaola 7 kalean proiektatutako auzo etxean. Egin izan balitz hiriburuko lehen eraikin arrazionalista izango litzateke, baina azkenik lengoai ez hain depuratu baten aldeko apustua egin zuen. Modu honetan Jose Manuel Aizpurua, eta bere laguntzailea Joaquin Labayen, zenbait obra eta proiektuetan defendatzen ari ziren arrazionalismoa bereganatu zuen Zabalok. Hauetako batzuk 1928ko uztailean Gipuzkoako hiriburuan Asociación de Artistas Vascos-ek antolatu zuen erakusketan aurkeztu ziren, Zabalok egindako beste hiru proiekturekin batera.

Bere ibilbide profesionaleko eta Euskal Herriko arkitektura arrazionalistaren eraikinik esanguratsuena, 1934ko maiatza eta 1935eko abuztua bitartean, kontratazioa eta aukeratutako lekuaren inguruko polemikak lagun, burututako tuberkulosiaren kontrako Lezako erietxea da. Arabako diputazioak egin zion enkargua, probintziako aurrezki kutxa eta Instituto Nacional de Previsión izeneko erakundearen sostengu ekonomikoarekin. Altuerako bloke bakarra eta luzerako garapen handia zuen eritxeak, Jose Manuel Aizpurua, Eduardo Lagarde eta Manuel Sánchez Arcas-ek 1933an Donostian ospitalea eraikitzeko lehiaketara aurkeztu zuten proiektuaren tuberkulosiaren kontrako pabiloia izan zuen eredu. Beheko solairuan zerbitzu komunak kokatu ziren, eta gainerako solairuetan gela indibidual eta bikoitzak, hegoaldean eraikinari oso imajina deigarria ematen zioten terraza irten independenteak zituztenak. Erietxea jatorriz erabilgarria zen terraza batez koroatuta zegoen, izkinetan zituen bi gorputz irtenetan makinen gela, tximistorratza eta Eguzki erlojua kokatu zituelarik.

Arrazionalismoa ondorengo proiektuetan presente jarraitu zuen, 1935 eta 1941 bitartean Donostiako Kolon Pasealekuan desagertuta dagoen frontoian esaterako. 1935ean ere hiri bereko Lasala 3 enparantzako auzo etxean lan egin zuen, Jose Manuel Aizpuruak jarraitu eta 1938an bukatu zenean modernotasunetik urrun zegoen proposamena agertzen duena. Halaber, aipatzekoa da 1935ean proiektatu eta Zabalok berak erbestetik bueltatu ostean 1949an bukatu zuen Gipuzkoako hiriburuko Ramon Maria Lili 8 eta 9 kaleko auzo etxea, Lezako erietxean erabilitako estetika arrazionalista depuratuago bat aurkezten duena.

Iparraldean hasi zuen erbestean pinturak garrantzia hartu zuen bere egiteko artistikoan, nahiz eta aurretik erakusketaren batean parte hartu zuen. Txilen zegoela bertan zegoen euskal komunitatearekin paper garrantzitsua izan zuen, foiletoak, dekoratuak, eszenografiak eta janzkera folklorikoak egiten, 1945ean Santiago de Chileko udal antzokian ospatu zen Festival Folklórico Vasco izenekoan egin zuen bezala. Gainera euskal jatorriko eraikitzaileekin lan egin zuen familia bakarreko etxeak eraikitzen, gehienak Santiago inguruko egoitza auzoetan. Hiriburuko "Euzko Enparanza" plazan berritze lanak egin zituen, eta Santiagoko Ikastetxe Hispanoamerikarraren Nuestra Señora del Pilar eliza eraiki zuen bota ostean, bere seme-alabek eta beste erbesteratu eta etorkinek ikasten zuten Aita Eskolapioen kolegioan, nahiz eta obrak Zabalo jada Donostian zegoela bukatu ziren. Elizan euskal tradizioarekin bat datozen elementu dekoratzaileak nabarmentzen dira.

Euskal tradizioa presente egon zen ere bere Arquitectura popular del País Vasco izeneko liburuan, 1947an Buenos Aireseko Ekin argitaletxeak kaleratu zuena berea anaiak John Zabalok Grafía y ornamentación de la rotulación vasca izeneko liburuarekin batera. Pabloren liburua Santiago de Chilen dago sinatuta 1945eko ekainaren 15ean, eta bi zati ditu. Lehenengoan arkitektura tipologia tradizional ezberdinen inguruan aritzen da (etxebizitzak, baserriari arreta berezia emanez, elizak eta hilerriak landuz), eta bigarrenak testua laguntzen dituzten 76 ilustrazio ditu. Bi anaien arteko lakindetza editoriala Nikolas Ormaetxeari (Ortixeri) enkargatutako Urte guzuko meza-bezperak liburuan jarraitu zuen. Lana 1950ean eta ondorengo urteetan inprimatu zen Frantziako Tours hirian. Bertan Pablo eta John tradizioarekin bat egiten zuen ilustrazioak eta dekorazio elementuak egin zituzten.

Pablo Zabalo Amerikako erbestetik bueltatu zenean Ategorrietan, Donostian, eraiki zuen etxe bakar batean finkatu zituen bere estudioa eta egoitza. Etxeak Txileko lore autoktono baten izena zuen: Villa Copihue, bertan bizitako urteak gogoan. Errepublikako urteak bezain aktiboa izan ez zen garai honetan, arkitektoak bere lanari ekiteko arazoak izan zituen. Agian horregatik pinturak garrantzi handiago izan zuen. Horietako batzuk 1953an Donostiako Aranaz-Darras aretoetan erakutsi ziren "Pablo Zabalo-José Antonio Zumalabe" izeneko erakusketan. Zabalok gerra aurrean harremana izan zuen zenbait erlijio ordenentzat egin zuen lan, eta noiz edo noiz aparejadorea zen Xabier Zabalo bere semearen laguntza izan zuen.

Garai honetako lanen artean eraikin erlijioso eta etxebizitzen erreforma eta handitze asko egin zituen, eta baita auzo etxeak familia bakarreko etxeak eraiki ere. Bere proiektuetan aurreko urteetan garatu zuen arkitektura ulertzeko antzerako modua agertzen du, batzuetan errejimenaren kultura arkitektoniko ofizialak proposatzen zuen estetika klasizistarekin bat eginik, eta besteetan, berrogeita hamargarren hamarkadaren bukaeran, garatzen hasia zen modernotasunarekin. Urte hauetako obren artean azpimarratzekoa da 1953an Cortijos y Rascacielos izeneko aldizkarian argitaratu zen Endoiako landa eliza. Berak sinatutako artikuluan, eta bere arkitekturaren eklektizismoa laburbildu dezakeena, arkitektoak euskal tradizioari erreferentzia egiten zioten arkitektura eta dekorazioei egiten die erreferentzia. Aipatzekoa da ere, 1950ean Carlos Elgezua eskultorearekin batera Eibarren egin zuen Ignacio Zuloagaren monumentua, eta 1953- 1960 bitartean Astigarragan lankide izan zuen eskultorearentzat eraiki zuen etxe-estudioa. Bere azkenetako obra da, jada modernotasunetik hurbil, 1959an Donostiako Elkano 13 bidean 19 hasi eta 1964an Andres Basterretxea Arzadunek bukatu zuen familia bakarreko etxea.

Francisco Javier Muñoz Fernández
2011


Images

Our Sponsors