Arkitektura

Tola Jauregia. Elorrio

XVII. mendeko arkitektura zibilaren esparruan, eta zehazki barrokoa bezala izendatzen dugun estiloan, jauregia izan zen eraikin eredu nabarmenetako bat.

Tipologia honetan, Bizkaiko lurraldean, adibide garrantzitsuak aurkitzen dira, esate baterako, Elorrio hiribilduan. Jakina denez, XVII. mendeko hasieran eman zitzaion hasiera harresiz kanporako hedapenari eta honekin batera hirigintzaren garapenari. Ekonomikoki, bai Ameriketatik ekarritako ondasunei esker, bai Madrilgo administrazioan lan egiteari esker -Austriarren garaian-, Elorrioko familien aberastea hasi zen. Hau guztia islatzen da arkitektura zibilaren hedapenean, bereziki, Tola bezalako jauregietan.

Elorrioko adibideen artean Tola jauregia eraikin interesgarrienetako bat da. Elorrioko bidegurutze batean kokatzen da, Arkitekto Kapelastegi, San Vicente eta San Juan kaleen artean, hain zuzen ere. Jauregiko orubea leku pribilegiatu batean aurkitzen da, izan ere, landa inguruek eta Orrio errekak mugatzen dute kokalekua, hiribilduko sarreran.

Betidanik, Tola orubea oso preziatua izan zen Elorrio hiribilduan. Jauregia eraiki baino lehen, XVI. mendean, bertan Urkizu leinuaren dorretxe bat zegoen eta XVII. mendean, 1680.ko hamarkadan zehazki, Agustin de Urkizu Kapitainak bultzatu, sustatu zuen jauregi berri honen eraikuntza.