Pintoreak

Tellaeche Aldasoro, Julian de

Gipuzkoako margolaria Bergaran jaio zen 1884ko azaroaren 30ean. Liman (Peru) hil zen 1957ko abenduaren 24an.

Eduardo Chicharroren tailerrean eta Pariseko Julien eta Colarosi akademietan egin zituen ikasketak. Ibilbidea pinturan zentratu baino lehen, itsasmutila izan zen; lanbide hori ezin izan zuen inoiz ahaztu eta egindako lan ederretan hala erakutsi zuen; 1916an Madrilen eta Bartzelonan egindako Euskadiko Artisten Erakusketan miretsiak izan ziren. 1939an Parisen finkatu zen, ontziak, olatuak, esperientzia handiko itsasgizonak eta abar margotuz; horien gaiekin arrakasta artistiko eta ekonomiko handia lortu zuen. Era berean, zaharberritze-lan garrantzitsuak egin zituen.

1952an, Parisetik, Limara joan zen eta bertan bizi izan zen hil arte. Nazio horretan Peruko Altxor Artistiko Nazionalaren Kontserbatzaile izendatu zuten. Amerikan eta Europan asko bidaiatu zuen. Euskadiko Artisten Elkartearen (1911) sortzaile taldekoa izan zen eta arte-kritikaren zenbait lan argitaratu zituen Bilboko egunkari batean (1924). 1931n Ascensio Martiarena pintore eta laguna ordezkatu zuen hura falta zenean, eta irakasle lanetan aritu zen.

Tellaeche Euskadiko joera akademizista menderatzaileko pintura etnografiko orotatik aldentzen zen eta literatura erromantizistako kutsua kentzen zion. Pintura egitura gordinean uzten zuen, bere lege eta berezko indarrekin, biluzik eta deskribapen-korronte orotatik aldenduta.

Parisko Areto Erakusketetan (1913) hartu zuen parte; Pintura eta Eskulturaren I. Nazioarteko Erakusketan eta Euskadiko Artisten Erakusketan, biak Bilbon izan ziren 1919an; Boigelet Aretoa (Brusela, 1921); Barbazange Aretoa (Paris, 1922); Stromky Galeria (Stockholm, 1923); Artista Iberiarren Aretoa (Madril, 1925); Euskadiko Artisten Elkartea (Bilbao, 1927); Nazioarteko Erakusketa (Bartzelona, 1928); Delsa Aretoa (Bilbao, 1946) eta Donostian 1958an.

Hil ostean omenaldi-erakusketa egin zioten Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Bilboko Bankuak antolatuta.

Hauek dira lan ezagunenak: Maternidad, El tuerto, Un hombre de mar, El viejo patrón, Pescador lequeitiano, Retrato de Bruno Mauricio de Zabala (Gernikako Batzar Etxearen Galeriarako eskatu zioten), Marinero viejo, La llegada de las barcas, El puerto y Veleros, (azken lan hau Madrilgo Arte Garaikideko Museoaren jabetzako lana da), Madres, Orio, El pescador con remo, Remero eta abar.

Tellaecheren lanak hainbat museotan daude: Donostiako San Telmo Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Gasteizko Museo Probintziala.

Joaquin de Zuazagoitiak (Bilbao, 1909-19) honela ikusten du:

"Izan ere, ezer baino lehen, Tellaeche modernizatzailea da. Bizitzak asko erakartzen du eta ez dago denborarik atzera begirako begiradak jaurtitzeko. Une aldagarriak jakin-mina pizten dio eta begi-sentsibilitatea modalitate berrien bila ari da beti. Hastapen berri-berrien harraparia da" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bernardino de Pantorba eta Luis Araquistain (Madril, 1929):

"Julián de Tellaechek jarduera artistikoa itsasorantz bideratu du, itsasmutilen bizitza gogorrera ( ... ). Tellaechek ez du itsasoa margotzen, bertako gauzak baizik, bertako izakiak margotu ostean; belaontzi bat, portua, txanberga, maskaroia eta boteen islak uretan. Tellaecheren ustez, itsasoa giza bizitza ikusten den ispilua da..." (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Arturo Acebal Idigoras (1973):

"Bere belaunaldiko beste margolari handi batzuen moduan, Tellaeche Madrilen arnasten den giro akademizista eta dekadentetik urruntzen da eta Pariserantz begiratzen du; bertan, pintura oso une onean zegoen, inpresionismoaren ondoren (...). Tellaecheren pinturan eta haren artista-pentsaeran espezializaziorako edo bere mundu tematikoa mugatzera bideratutako joera nabari da. Pintura osoan hiru gai nagusia nabari dira: Amatasunak, arrantzaleak eta haize-oihal handiko ontziak. Batzuetan, koadro bera ere errepikatzen du aldaketa batzuk eginda. Gauza bera esan dezakegu gorri-kolore bat edo bi gorri-kolorez, urdinez, okre koloreaz, zuri-koloreaz eta beltzez mugatutako paleta osatzean, berak hala nahi izanda egindako mugaketei buruz ere" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Angel Marrodan (1973):

"Tellaecheren itxura plastikoa -Euskadiko artean horren esanahia oso agerikoa da-, bere pasio nagusia biltzen duen marrazkilariaren berezko senaren figuratibismotik dator (hau da, hain zuzen: marrazteko duen gaitasuna), bere buruaren gainean lan eginez, hurrengo iraganeko ildo irmo eta espresionistako pintore izatera iritsi arte" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Edorta Kortadi Muga, 1980:

"Agian, horren arrakasta eta sendotasuna zehazki horretatik dator, XX. mendeko oinarrizko hiru poetika horien laburpen eta egite pertsonaletik: eraikuntza-adierazpena-koloreak. Laburpen modernoa eta geldiezina gauzen izatearen eta egituraren bila ari da, une batzuetan kubismo analitikora eta ia abstraktismorantz hurbilduz" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).