Kontzeptua

Antzerti

XVIII. mendean, kulturaz jantziak ziren esparruetako norbanako jakin batzuk -euretariko batzuk Euskalerriaren Adiskideen Errege-Sozietateari sorrera emango ziotenak izanez- norberaren eta herriaren jostaketarako lanak idazteari ekiten diotenean, antzerti modernoa sortzen da. Mende horretan ustiaketa oraindik oso urria da; hala ere, euskeraren idatzizko antzertiaren ibilbidea hasten den garaia une horretan ematen da. Garai horretako gogoan izan beharreko lanak honako hauek dira: P. Barrutiaren Actos para la Noche Buena (1759), Gabon Sariak (1762) eta Xabier M.ª de Muniberen El borracho burlado (1764) eta S.A. de la Gándararen Gernikako gabon Kantak (1764). Lantxo horietatik gehienak erlijio-antzertiak dira, Gabon aroan elizetan antzezteko egindakoak alegia. El borracho burlado euskeraz eta gazteleraz idatzita dago eta lehendabiziko aldiz Bergaran antzeztu zen. Hizkuntza bien erabileraren azalpen bezala egileak berak honako hau adierazten digu:

"Digo, pues, que mi primera idea fue de que toda esta ópera fuese en vascuence, pero luego me faltó la dificultad del dialecto de que me había de servir de ella. Si me valía del de Azcoitia hubiera sido poco grato del resto del País hasta la frontera de Francia...".

XIX. mendearen barrena, gaztelerazko antzertiaren eremuan egileetariko batzuk nabarmentzen dira. Manuel de Gorostizak (1789-1851) Mexikon jaioa baina jatorriz euskalduna zena, moratiniar erako ekanduei buruzko komediak idatzi zituen, horien artean Indulgencias para todos (1818), Las costumbres de antaño eta Contigo pan y cebolla (1833) nabarmenduz. Bere antzezlanak Parisen (1822), Bruselan (1825) eta Méxikon (1899-1902, 4 aleki) argitaratu ziren. Obdulio Perea (Gasteiz, 1836-1870), saineteen, Un duelo a muerte dramaren eta María adolescente auto sacramentalaren egilea da. Eugenio de Olabarriak (Bilbo, 1829-1883), Carlos de Austriaren drama antzezten du.

Erregimen Zaharraren Baionako antzertia beti izan zen Baionako biztanleen distrakziorik begikoena. Ikuskizun horren lehen aretoa Maubeceko Pilota Jokoan kokatuta egon zen eta Scaronen Roman Comique lana gogoraraziz bertatik igarotzen ziren aldra miserableentzako nahikoa zen eszenatoki mugikor bat ezartzen zen. 1270. urtean, Piemonteko harresiaren alboan, antzerti modernoa eraikiko zen toki berean gutxi gora behera, garaiko beharrizanetarako nahiko baino gehiago ziren Merkataritza Burtsa eta ikuskizunetarako aretoa, baionatarrak horrekin erabat arro izanez, eraiki zituzten. Eraikuntza hori, arretarik gabe eta ia eremu mugikorrean eraikia, behingoan erortze egoeran jarri zen eta ez zen berriro 1778ra arte erabili, urte horretan horniketa plastiko eta erosotasun apur bat gehiago izan zituen ikuskizunetarako aretoa izanez. Dekoratu-sorta bildu eta jantzi eta osagarrietarako biltegi bat eratu zen. Baina zaletuen nahiak oraindik ez zituen asetzen zeren hainbat alditan tokiz aldatzeaz mintzo ziren, eta 1819an, alkateak Karmeliten komentua zegoen tokian kokatuta egongo litzatekeen ikuskizunetarako areto berri bat eraikitzeko programa bat argitaratu zuen. Aurrekontua eta eraikin berriaren banaketa ere argitaratu egin ziren, baina egitasmoa laster bertan behera utzi zen eta antzinako antzerki zaharrarekin jarraitu zuten, mendearen hasierakoa eraiki zenean Baroilhet etxera, Armen Enparantza kalera eramanez.

Musika antzertian euskal dramagile aldra oso batek ere oihartzuna lortzen dute. Hilarion Eslava y Elizondok (Burlata, 1807-1878) Cadizen 1841ean Il Solitario opera estreinatzen du, ikaragarrizko arrakasta lortuz, gerora, urte berean Sevilla eta Madrileko antzertietan errepikatuz. Joaquin Romualdo Gaztanbidek (Tutera, 1822-1870) La mensajera, Catalina, Casado y soltero, Un pleito, Los hijos de Eva, etab. bezalako zarzuelak estreinatzen ditu. Valentin Maria de Zubiaurre y Urionabarrenetxea 1871an Don Fernando el Emplazado antzezpenarekin Alhambrako Antzokian egile bezala konfirmatu egiten da. Emilio Arrietak 1850ean La conquista de Granada opera estreinatzen du eta El dominó azul, La estrella de Madrid eta El grumete bezalako zarzuelak ere.