Kontzeptua

Antzerti

Antzerti Aske bezala, hirurogeiko hamarkadaren amaieraren eta laurogeiko hamarkadaren hasiera bitartean, ikuskizun eszenikoen ustiaketatik Espainia frankistaren egitura nagusien aurkako gizarte-, politika- eta kultura-oposaketa aurkezten duen mugimendua definitu daiteke. Arte-sormena gogoetaren eta salaketaren menpean jarriz, Antzerti Askeak bitarteko material eta adierazpen-bide urriak erabiltzen zituen, nahita pobreak beharbada, eta horretatik eratorri zen "furgonetaren estetika" klixe famatua (bere izaera ibiltariagatik aparejuak eta aktoreak neurri txikidun ibilgailu baten sartu zitezen beharrizanak eraginda).

Antzerti Askearen jaiotza 1967 eta 1969 bitartean ematen da, eta antzertiari aurre egiteko era berri baten oinarriak jarriko dituzten taldeetan gauzatuko da, aurretik izandako ereduekin etendura ekarriz. Hain heteroklitoa den gertakaria izanez edozein sailkapen egitea oso zaila den arren, talde aipagarri bezala ondorengoak azpimarratzera ausartzen gara: Bizkaian, Akelarre, Cómicos de la Legua, Geroa eta Cobaya Teatro Cósmico; Gipuzkoan, Orain; La Farandula Araban; eta El Lebrel Blanco Nafarroan.

Antzerti burgesak jardundakoaren iruntzietara, talde horiek diskurtso ofizialak ahaztuta zituen eguneroko gaiak jorratzen zituzten eduki politiko nabarmenagoa edo ez hain nabarmena zuten idazlanekin publiko herrikoiaren bila irten zuten. Zentzu horretan, bai aktoreentzako bai herritarrentzako ere antzezpenak izaera asaldatzailea, militantziaduna izaten zuten; mitin politikoaren edota batzarraren ordezkoak ziren; beraz, 1977tik asoziazio eta irizpide askatasunak berreskuratzerakoan, Antzerti Askea inoiz bere onera etorriko ez zen krisialdi sakon baten erori zen.

Pilotalekuak, enparantzak, parrokia-guneak, gizarte-klubak, etab. ordezko areto izaten ziren. "Non jardungo dugu ? Itxiko diguten tokiren baten !", adieraztera ematen zuten egunkarietan bilbotar talde ezagun bateko kideek. Aipatu dezagun bada, El Lebrel Blanco izan zela bere jabegopeko aretoa kudeatzeko asmoa egi bihurtu zuen euskal talde bakarra, Iruñako Amaia kalean, bestalde espainiar antzoki askeen sare apartaren baitan integratuta egon zena. Esperientzia hori lehergailu terrorista batek hondatu zuen.

Era informalago baten, hiribildurik garrantzitsuenetan ere txandakako esparruak sortu ziren: Bilbon Santiago Apostoleko ikuskizunetarako aretoa; Gasteizen Casa del Cordo eta Marianistak; Donostian San Telmo abadia edo Gran Kursaaleko poltsiko-antzerkiak; Durangon eta Barakaldon asko-gutxi inprobisatutako aretoak. Bertatik igaro ziren espainiar Antzerki Askeko talde garrantzitsu ia guztiak eta, kasuren batzuetan, nazioarteko esparrukoak ere.

Areto egonkorrak eta banaketarako sare deszentralizatuak sortzeko ahaleginak porrota jaso zuten. Taldeen ekintzen ugaritasunaren bitartez (ekitaldiak, irakaskuntza, maskaragintza eta dekoratuak, publizitatea eta agindutako lanak, etab.) nahi ziren sektorearen lehen profesionalizazio saioak ere ez zuten arrakastarik izan. Hainbeste urritasun izan arren, Antzerti Askeak, batzuetan, arte maila ikaragarriaren aztarnak ematen ditu.

Espainiar Antzerki Askearentzako inflexio puntu bezala ahobatez aintzakotzat hartutako erreferente historiko bezala Donostian 1970eko maiatzean ospatutako Antzerkiaren Nazioarteko Jaialdia azaltzen zaigu, Los Goliardos taldearen eta bertako Turismo eta Ikuskizunen Ikastetxeak antolatuta. Informazio eta Turismo Ministerioaren zentsuraren aldetik antolatutako hiru ikuskizuni buruzko debekuak konpainien planto egitea eta jaialdia bat-batean geldiaraztea ekarri zituen Principal Antzokiaren asanblada-okupazioa izan ondoren (bi maiatza arinago Odeoneko paristar antzokian gertatutakoaren ihakin nabaria). "Antzerki Askearen Zero Jaialdia" gisa ezagutzera eman zenak hutsunea utzi zuen, 1973 eta 1974 urteetan Bilboko Antzerti Askearen Asteak betetzen ahalegindu ziren eta, zori askoz gehiagorekin, 1975etik Gasteiz bere Antzertiaren Nazioarteko Jaialdia.

Antzerti Askeak euskerarengan sektore herrikoi zabal batenganako komunikaziorako funtsezko bidea ikusi zuen. Horregatik, hasieratik taldeek euren lan-agendara euskerazko klaseak gehitu zituzten. Comicos de la Leguak bere lehen ikuskizun euskalduna 1976an eman zuen, 1977an Akelarre, eta 1980an Orain. Militantismo politikoa gainbehera etorri eta iraultzarako asmoak itzaliz joan zirenaz batera, euskal kulturagatiko zudua iratzarriz joan zen. Orden horretan nahiko esanguratsua izan zen behin Comicos de la Legua desegitean, 1980an, bere "hil osteko seme" ziren Karraka eta batez ere Maskarada bertoko ohitura eta estetikarekiko ikerketetan buru belarri aritzea. Forma parantzertikoetatik ikasiz (pastoralak, inauteriak, erritu-ondarea eta jai-ondarea, etab.), eta Bernardo Atxagaren literatura konplizitateaz eta idazleen testuen hautaketa egokiaz (Dario Fo, Marc Legasse), Maskaradak euskal eszena desakralizatu egin zuen eta eremu euskaldunetik antzertiaren biziberritutako hautematea eman zuen.

Esan den bezala, Antzerki Askearen nortasunaren ikurretariko bat talde-sormena zen eta horregatik tokiko idazleen presentzia oso urria da. Baina idazleekin elkarlan estuan aritu ziren taldeak ere bazeuden, ikaragarrizko emaitzak lortuz: El Lebrel Blanco Patxi Larrainzarrekin, Akelarre Rapha Bilbaorekin, Geroa Ramiro Pinillarekin eta Ignacio Amestoy, Cómicos eta Maskarada aipatutako Bernardo Atxaga idazlearekin.

Idazleak utzitako hutsunea sarritan idazlea bera baino absolutuagoa zen zuzendaria demiurgo gisa betetzera etorri zen. Ildo horretan, urte haietako "egile" nabarmen bezala Luis Iturri definitu beharra dago, horrela aldarrikatu ez zen arren. Akelarreko zuzendaria bere dramaturgietatik eta inoren testuetatik abiatuz ikertu zituen antzerki lengoaien eraberritzaile bikaina izan zen. Iturriren ikaslea, eta bera bezala zuzendari-dramaturgista, Ramon Barea Comicos de la Leguan talde-sorkuntzen koordinatzaile bezala jardunaz hasi zen, eta Karrakaren ikuskizun askoren ia eragile ia absolutua izanez bukatu zuen. Maila berberean sartzen dugu Elena Armengod, Bekereke taldearen sortzaile eta gidaria, laurogeigarren hamarkadako antzerti esperimentalaren nazio eta nazioarteko erreferentzia nabarmena.

Antzerti Askeak euskal ikus-entzunezko industria hasberriari eragingo zioten aktore eta sortzaile belaunaldi berriari bidea eman zion, eta euren esperientziak 1980ko hamarkadan sortutako antzerti talde berrientzako erreferente bezala balioko dute.