Auñamendi Eusko Entziklopedia
Fondo Bernardo Estornés Lasa

Buscador

Home > Auñamendi > Iñaki Zubeldia Otegi

Iñaki Zubeldia Otegi


toolbox

  • editions:
  • other languages:
  • escuchar
  • share

Ikaztegieta, 1945.

Gaztetan Arantzazuko seminarioan ibili zen ikasten, eta bada garai hartako anekdota bat Arrikrutzeko kobazuloaren inguruan. 1966an Zubeldia eta beste gazte bat, Jesus Manuel Maroto, Arrikrutzeko kobazuloan barneratu ziren. Arrikrutzeko edertasunagatik harrapatuta (horrela aitortu zuen urte batzuk beranduago Zubeldiak), sarritan joaten ziren baina inoiz ez ziren heltzen mapen eta liburuen bidez ezagutzen zuten Aranzadi salaraino: "Arrikrutz nos cautivaba por su belleza. Solíamos entrar en la cueva pero nunca llegábamos a nuestro objetivo, que era la sala Aranzadi, que es enorme y de cuya existencia sabíamos por los planos y libros", (Noticias de Gipuzkoa, 2012ko maiatzaren 10ean). Egun batean, atseden hiru orduak nahikoak ez eta sei ordu eskatu zizkioten arduradunari kobazuloko joan-etorria egiteko; honek baimena eman zien arratsaldeko zortzietan koroan kantatzeko bueltan egotekotan. Beraiek eginiko antortxekin abiatu ziren gazte biak eta kobazuloan barrena Aranzadi salaraino ibili ondoren itzultzerakoan okerreko bidea hartu eta lehoiaren galeria izenekoan agertu ziren: "Nos encontramos con el esqueleto que en un principio pensamos que era de un oso cavernario ya que en Aizkirri hubo muchos" ["Hezurdura bat topatu genuen eta hasiera batean kobetako hartz batena zela uste genuen Aizkirrin asko egon baitziren"]. Galduta, iluntasunean, haluzinazioekin... horrela egon ziren ordutan harik eta goizeko 5,30etan bere bila abiatutako lagun taldea ikusi arte.

Hurrengo batean, hezurdura hura zegoen tokiraino itzuli eta animaliaren hagin bat hartu zuten Jesus Altuna paleontologoari bidaltzeko. Bi urte pasa ziren animaliaren hezurdura atera arte eta 3,80 metro neurtzen zuen eta 35.000 urte zituen lehoi baten hezurdura zela ondorioztatu zuten. Gaur egun, hezurdura hori (penintsulan dagoen horrelako bakarra eta Europako bakarrenetarikoa) Intxaurrondoko Centro de Depósito de Materiales Arqueológicos y Paleontológicos delakoan dago. Iñaki Zubeldiak urtetan ez zuen kontu aipatu baina geroago hainbat hitzaldi eta jardunalditan komentatu izan du, bai eta haurrentzat idatziriko ipuinetan ere.

Seminarioan Teologia ikasketak burutu ondoren Zubeldiak Irakasle ikasketak egin zituen, bai eta Pedagogia lizentziatura (Hizkuntzaren Pedagogia atalean). Irakasle lanetan ibili zen ikastoletan hamar urtez eta gero beste bost urtetan Ikastolen Irakasleen Elkartea sortzen eta koordinatzen. Hasierako bere ibilbidea irakaskuntzarekin erlazionatuta baldin badago (aipaturiko lanez gain hainbat ikastaro eta jardunalditan parte hartu zuen) geroago testugintzan aritu zen, Zipriztin, Hizkuntza, Sirimiri,... bildumak sortzen; eta azkenik, literatura munduan (bai testugintzan bai literaturan editore lanetan ere aritu zen, Elkar argitaletxean hasieran eta ondoren Ibaizabalen).

Ibilbide literarioari dagokionez 1976an Irun hiria ipuin lehiaketa irabazi zuen Unai agintaria ipuinarekin. Lan hori, zenbait urte beranduago haurrentzako bilduma batean plazaratu zen Euskaldun bat Marten (1982), euskal haur eta gazte literaturan zientzia-fikzioko lehen lana.

Bere sarien artean badira Korosti ipuinarekin irabazi zuen Agustin Zubikarai lehiaketa 1993. urtean; eta 1985ean, Eusko Jaurlaritzak testugintza saritzearren ematen duen Isaac Lopez Mendizabal saria ere eskuratu zuen Zirpiztin I liburuarekin (azken argitalpen hau Joxan Ormazabalekin batera egina). Azkenik, 2009an Etxepare saria irabazi zuten Iñaki Zubeldiak eta Estibalitz Jalonek Katalina kontalari albumarekin.

Haur eta Gazte Literaturan abentura eta umorea duten kontakizunak dira nagusi Zubeldiaren obran. Hona hemen ikaztegietarrak idatzitako titulu gehienak: Euskaldun bat Marten (Elkar, 1982), Josu Azalaren harribenturak (Elkar, 1986), Tximu bat klinikan (Elkar, 1991), Txerrama errudun (Elkar, 1994), Ipuin eroa (Elkar, 1994), Maddi oporretan (Elkar, 1995), Miru eta Mara (Elkar, 1995), Nire aita ezin izan nuen salbatu (Ibaizabal, 1997), Pako belea (Ibaizabal, 1998), Pako belearen bihurrikeriak (Ibaizabal, 1999), Bizitzaren oihanean galdurik (Ibaizabal, 1999), Josu Azalaren abenturak (Ibaizabal, 2001), Mirari hegalari (Ibaizabal, 2001), Iratxoen mundu zoragarria (Ibaizabal, 2002), Pako belea basoan (Ibaizabal, 2002), Loro bat eskolan (Ibaizabal, 2003), Txikiak baina bixkorrak (Ibaizabal, 2003), Olentzero larri (Gero/Mensajero, 2005), Ama! (Giltza, 2006), Oparirik ederrena (Desclëe, 2006), Xirripin fantasmatxoa (Ibaizabal, 2007), Nagadu (Gero/Mensajero, 2007), Euskaldun bat Marten (Ibaizabal, 2007), Basoa sutan (Erein, 2008), Txerrikumeen abenturak (Ibaizabal, 2008), Salimarentzat oparia (Ibaizabal, 2008), Ipuin eroa, (Desclëe, 2009), Katalina kontalari, (Pamiela, 2010), Maddiren ametsak, (Desclëe, 2010).

Bere lan batzuk erdaraz ere argitaratu dira (El Olentzero en apuros, !Mamá! edo Las historias de la abuela Catalina, beste batzuen artean).

Baina abentura eta umoreaz gain Zubeldiaren lanetan gai serioak ere ukitzen dira. Ama! (Giltza, 2006) liburuan ,esaterako, neskato bat dugu narratzaile eta kontatuko digu berak sei urte zituenean ama nola minbizia zela eta nola gaixotu eta ondoren hil egin zen; orain, baina, bi urte beranduago amaren eskutitz bat irakurri ondoren Beatrizek haren presentzia nabarituko du, adorea izango du aurrera egiteko. Basoa sutan (Erein, 2008) ipuinean, aldiz, ekologiarekiko kezka ageri zaigu; eta Katalina kontalari (Pamiela, 2010) albumean, istorioak beste modu bat narratzeko modua ageri zaigu, Argia aldizkarian argitaraturiko erreseina batean ageri zen bezala:

"Irakurleak, beraz, hiru istorio ezberdin jasoko ditu baten barruan. Animali ezberdinenak (mantangorriak, tximeletak, matxinsaltoak) baina guztiak zomorro txikien entretenigarri, guztiak ezberdinak baina aldi berean parekoak. Irudimena eta goxotasuna erabili dira istorioak sortzeko eta irudimena eta bizitasuna irudiak egiteko. (...) Katalin kontalari liburu honek tradiziotik du (alegien tradiziotik, istorio baten barruan beste hainbat kateatzeko tradiziotik, fantasiatik,...) baina baita modernitatetik; baina, batez ere, goxotasuna eta irudimenetik; entzuleari kontatzeko eta irakurleak gozatzeko liburua; begiekin eta belarriekin disfrutatzeko lana."

Sorkuntza lanaz gain, Iñaki Zubeldiak hainbat komunikabidetan kolaboratu du: Anaitasuna, Jakin, Hegats, Berria, Galtzaundi, Karramarro, Argia... eta Egan aldizkarian Haur eta Gazte Literaturari buruzko azterketa eta artikuluekin. Azken hauen hautaketa bat argitaratu du bi liburutan: Haur literatura aztergai (Egan, 2006) eta Haur literatura aztergai 2 (Egan, 2012).

Xabier Etxaniz Erle
2012


Images

Our Sponsors