Kontzeptua

Bertsolaritza

Bertsolaritzan abesterakoan errima musikaren esku geratzen dela nabarmendu behar da, haren ibilgutik poetak bere inspirazioaren hitzak husten ditu, eta arduragabe egiten duela dirudi. Bertsolariak ez ditu bertsoetako silaba kopurua zenbatzen, ezta azentu kopurua ere, eta ez zaio hori egitea bururatzen. Doinuaren joerari jarraitzearekin nahikoa du, hark eramaten dion lekutik ardurarik gabe joanez.

Melodiak silaba bakoitzeko nota bakarra izanez gero (melodia silabikoa) ez dirudi zailtasun handiegirik dagoenik: nota bakoitzeko silaba bana sartzen da. Baina doinuak silaba bakoitzean hainbat nota dituenean, bat-bateko jardunean hau ez da ohikoena, poetak ezagutza praktiko egokia izan behar du, doinuarekiko konfiantza, silabak nota talde bakoitzean sartzen joateko, pneuma bakoitzeko kantu gregorianoaren teknikan esango zen bezala, hain zuzen, bertsolariek abesteko duten formarekin antz handia duena. Diptongoei dagokienez, Pirinioetako bi aldeetako bertsolarien artean jokabidean edo erabileran ezberdintasunak daudela nabaritzen da. Hegoaldekoek ea, oa, ia eta ua (joan aditza kasu batzuetan salbuetsita) konbinazioak ez dituzte inoiz silaba bakartzat jotzen. Lapurtarrek, Nafarroa Beherekoek eta Zuberotarrek, aldiz, diptongoak izango balira bezala erabiltzen dituzte, silaba bakarra osatuko balute bezala, au eta ai korrelatiboekin egiten duten antzera.

Bertsolariek ahapaldiko kontsonante kopurua baino ez dute kontuan hartzen, eta hauei beren termino teknikoan puntuak deitzen diete. Kontzienteki, errimaz baino ez da arduratzen. Eta errimaren arabera, nomenklatura teknikoa eta haren sailkapena ezarrita dauka, ez bertsoena, ahapaldiena baizik. Horrela, bederatzi puntuko bertsoez hitz egiten entzuten da, herri poetikaren zailenak direnak, bertsolari on ororen tour de force-a osatzen dutenak. Xenpelarren Betroiaren tratua eta Bilintxen Zaldi baten bizitza bederatzi puntuko bertsoak dira. Eta euskarazko herri poetikaren eta gaztelerazko poetikaren artean ezberdintasuna dagoela ikusi behar da, adibidez: gatelerazkoak ez ditu ahapaldi bakoitzean lau kontsonantzia perfektu baino gehiago onartzen, eta euskarazkoak, ikusten dugunez, bederatzi ere onar ditzake. Hala eta guztiz ere, bertsolariek abesten dituzten bertso gehienek lau kontsonantekoak dira. Batzuk ere bost puntukoak dira Pello Mari Otañoren Mutil koxkor bat itsu-aurreko edota Bilintxen Mando baten gañean adibidez; seikoak ere badaude, Xenpelar-Musarroren Aizak, Mañuel mañontzi esaterako.

Gazteleraz kontsonantzia lortzeko ahapaldi berberean hitz bera errepikatzea onartzen ez duen legeak, nekazal inguruetako poetikan aplikazio berezia dauka. Bertsolariak ezin du kontsonantzia lortzeko bertsoaren bukaeran hitz bera errepikatu, baina ez hori bakarrik, izan ere ezin du hitz bera ahapaldiko bestelako punturen batean errepikatu. Ahapaldi batean behin erabilitako hitza ahapaldi berean berriz ere ezin da errepikatu, bertsolariak ahaztu behar du, bestela potoa deitzen dutena egingo luke, eta hau porrotaren sinonimoa da, moztuta geratzea (poto egin). Potoa akats larria da eta bertsolari saiatu batek ez luke inoiz egin behar, esan dugunez porrotaren sinonimoa delako. Gainontzean, kontsonantzia egiterakoan kontuan izan behar da aditzaren laguntzaileak (da eta du batez ere) eta bat zenbatzaileak atzizkitzat hartzen direla eta, horrela, bertsoaren bukaeran edo beste edonon errepikatu ahal dira ez baita potorik egiten (gizon bat, esaterako, aiton bat hitzekin kontsonantzia perfektuan dago; egin du, jakin du-rekin; gaizki da, jailki da-rekin, etab). Guzti honetaz aparte, ziurtatu dezakegu bertsolaria orokorrean ez dela pozik geratzen bertsoetako azken silabak bokaletik aurrera bakarrik soinua dutenean, batez ere bokala a edo an, etab, artikuluarena, denean, nahiz eta bertso zorrotza edo katalektikoa (oinetariko bat akastuna denean) izan, gazteleraz gertatuko zen moduan; bertsolariak kontsonantzia azken-aurreko silaban hastea exijitzen du. Inoiz ez ditu burua eta begia, besoa eta ilea, edo behatza eta hanka behar bezain kontsonantetzat hartuko. Ez horrela bukaera i edo o duenean (gogo, jango; utzi, gorantzi); baina kasu hauetan silaba osoaren kontsonantzia eskatuko zuen, ez bakarrik bokalarena (kasu horretan, go eta tzi); non eta aurreko bokala ere batera etortzen ez bada (ondo, gogo; jantzi, jakin). Arau orokor bezala esan dezakegu kontsonantea zenbat eta errazagoa izan (a, a, ak, etan; kin; tzen; ten, etab, atzizkiak) herri poetikaren jenioa aukeraketan zorrotzagoa izango dela. Eta ahapaldiak zenbat eta silaba gehiago izan, berarekiko tolerantzia are handiagoa izango da, bederatzi puntuetakoarekin gertatzen den moduan. Bere garaian Xenpelarrek piztutako mirespenaren arrazoietako bat, bederatzi puntuetako ahapaldietan ere kontsonantzia perfektua egiteko erraztasun handia zeukala zen.

MLE