Sendagileak

Urkiola Zaldibar, Vicente

Mediku bizkaitarra, Otxandion 1820an jaio eta Madrilen 1888an hila.

Ikasketak Madrilen egin zituen eta bertan doktore titulua lortzen du 1857an. Deban jardun zuen 1850etik 1854ra, urte horretan bere kontsulta Irunera eramanez; Bidasoako hiriaren mediku titular bezala, 1855eko kolera izurritearen lekuko da. Urte bat geroago Altzolan dihardu lanean, bainuetxeko mediku titularra izanik 1857. urtean. Sociedad Española de Hidrología Médica sortzaileetariko bat zen (1877).

Guía del bañista en los baños de Alzola, Madril, 1870 liburuaren egilea da. Carlos Zenon de Belaunzaranekin Manual de Baños del Mar, Donostia, 1850 izenekoa argitaratu zuen.

Erreferentzia. Luis Sánchez Granjel: Diccionario histórico de Médicos Vascos, Bilbo, 1993.