Konposatzaileak

Usandizaga Soraluce, José María

Konpositore eta piano-jotzailea. Donostia, 1887 - 1915. Musikaren arloko euskal nazionalismoan ardatz izan zen eta euskal operaren aitatzat hartzen da, beste batzuekin batera. Nagusiki prestakuntza eta teknika frantziarra jaso zuen eta eremu hispaniar osoan arras ezaguna izan zen bere zartzuela bakarrak (Las golondrinas) izandako arrakastari esker.

Donostiako giro burgeseko familia dirudun batean jaio zen. Carlos bere aita Uruguaiko ohorezko kontsul izan zen, musikariaren amaren aldetiko aitonaren (Nicolas Soraluce y Zubizarreta musikari, historialari, politikari eta enpresaria) oinordetza betez. Bere amaren aldetiko osaba ere, Candido Soraluce, konpositorea izan zen eta Iriyarena Donostiako euskal zartzuelaren estreinaldia zuzendu zuen (1878); berak lan horri preludioa idatzi zion. Halaber, Usandizaga Donostiako Udal Museoko (San Telmo Museoa) lehen zuzendari Pedro Manuel Soraluceren iloba zen.

Familiako testigantza batzuen arabera, musikarekiko zaletasuna haur zela izandako istripu baten ondorioz garatu zuen, bost urte zituenean betiko herren geratu baitzen. Pianoko lehen ikasketak Amak eman zizkion. Gerora, solfeoa, pianoa eta harmonia ikasi zituen German Cendoya eta Beltran Pagola hiriko Arte Ederretako Akademiako irakasleekin. Bederatzi urte besterik ez zituen pianorako lehen Vals-a konposatu zuenean. Donostian haur prodijio fama hedatuz zihoan hirian izaten ziren bilera eta entzunaldi pribatu edo erdi pribatuetan. 1898ko udazkenenean lehen aldiz jendaurrera azaldu zen Donostiako Kasino Handian bere trebetasuna erakusteko, lokal horretan sestetoan egin ohi ziren kontzertuen barruan. Bi urte beranduago (1900-03-18) Donostiako Arte Ederretako Jauregian aurkeztu zen Mozarten pianorako Concierto eta Haydnen Trío interpretatzeko.

Mont-de-Marsan herrian (Landak, Frantzia) Francis Planteren aurrean egindako entzunaldi baten ostean argi geratu zen musikari ibilbidea egingo zuela. Irakasleak ikasketa-plan bat ezarri zion Usandizagari Pariseko Schola Cantorum ospetsuan sartzeko xedez. 1901eko udazkenean matrikulatu zen han. Irten baino egun batzuk lehenago (1901-10-19) Kasino Handian despedida antolatu zioten eta egileak bere Escenas de caza interpretatu zuen, errepertorioko beste pieza batzuekin batera. Candido osabari esker, Usandizaga Tomas Bretonen gomendio-gutun bat hartuta abiatu zen Parisera, han Isaac Albenizi emateko. Era berean, Mª Cristina erreginaordeak sinatutako beste gomendio-gutun bat eraman zuen Espainiako enbaxadan aurkezteko.

Frantzian Gabriel Grovlez (pianoa), Fernand de la Tombelle baroia (harmonia), Louis Tricon (kontrapuntua) eta Louis de Serres (instrumentuak eta ahotsa) izan zituen irakasle, betiere, Vincent d'Indyren ikuskapena jasoz. Schola ezaguneko ikasleen orkestran tinbalaren atrila bereganatu zuen. Orkestra hura Donostian izan zen 1902ko irailean, Charles Bordes zuzendari zela. Eta han, Usandizaga piano-jotzaile bakarlari gisa aritu zen berriz ere. Ikasturte bat igarota, Parisen Resurreccion Mª Azkue eta Jesus Guridi izan zituen ikaskide; azken horrekin harreman estu eta iraunkorra izan zuen. 1905ean Scholan seihileko beka bat eskuratu zuen kurtsoetan izandako ibilbide ona zela medio; dena den, eskuan izandako lesio baten ondorioz, piano eskolak utzi behar izan zituen aldi batez. Hala, bere birtuoso izateko nahimenak ezerezean geratu ziren eta konposaketan murgildu zen, arlo horretan dagoeneko argi nabarmentzen baitzen: 1904an Enrique Fernandez Arbosek orkestrako Suite en La bat estreinatu zuen Donostiako Kasino Handian eta bi urte lehenago, Donibane Lohizunen, Usandizagaren Suite para piano entzun zen, euskal kantu herrikoiei buruzkoa. Hala ere, Usandizagak piano-jotzaile aparta izaten jarraitu zuen bizitza guztian zehar.

Azkenean, 1906ko urtarrilean Pariseko ikasketak utzi eta Donostiara itzuli zen behin betiko. Garai horretan gero eta ospe eta arrakasta handiagoa eskuratzen hasi zen bere herrikideen artean, euskal folklorearen eragin zuzena zuten konposaketei esker. Hala, Donostia (1906), Elgoibar (1907), Eibar (1908) eta Hernaniko (1909) euskal jaietan konposaketa arloko lehen sariak eskuratu zituen orkestrarako Irurak bat, bandarako Bidasoa eta Euskal festara eta gizonen kororako Fantasía vascongada lanei esker, hurrenez hurren. Abesti herrikoiak hartuta egin zituen zenbait moldaketa Ecos de Vasconia bilduman argitaratu ziren.

Bestalde, Nemesio Otañok Usandizagaren organorako Postludio bat barneratu zuen uneko euskal konpositore nabarmenen piezak jasotzen zituen eta hedapen handia ukan zuen bere Antología Moderna de Orgánica Española (1909) lanean. Lan horiekin guztiekin batera kontzerturako eta aretorako beste pieza batzuk taxutu zituen, kutsu erromantikoa zutenak. Horietako batzuk Kasino Handian estreinatu ziren, esate baterako, biolontxelo eta pianorako Fantasía eta pianorako Impromptus, azken hori Leo de Silkari eskainia; beste batzuk unean uneko egoeratan agertzeko konposatu zituen, esate baterako, Schottis (1910) , La Estaca gazte elkartearen dantza-saioak girotzeko idatzi zuena.

1909an Bilboko Koru Elkarteak obra bat enkargatu zion "euskal operaren" hurrengo kanpainan sartzeko, zeina Bilbon Charles Colinen Maitena obrak izandako arrakastak bultzatuta antolatu baitzen. Hala, Jose Powerren libreto bati buruzko Mendi-mendiyan "euskal pastoral lirikoa" sortu zen, euskarara Jose Artolak ekarritako kantagarriak eta gaztelaniazko zatiak barneratzen zituena. Titulu horrekin hasiera eman zion laburra bezain eragin handikoa izan zen sasoi liriko bati. Sasoi horretan, era berean, Santos Inchaustiren Lide ta Ixidor eta Jesus Guridiren Mirentxu ere ezagutarazi ziren. Bilboko Campos Elíseos Antzokian estreinatu zen 1910eko maiatzaren 21ean eta orokorrean oso harrera kartsua egin zitzaion, eragin itzela izan zuelarik. Usandizaga bera arduratu zen emankizunetako musika zuzentzeaz. Horrez gain, arreta eman zuen Eloy Garayren eszenografia zainduak, Aurelio Artetaren bozetoei jarraiki eraikia.

Mendi-Mendiyan lanak arrakasta handia izan zuen beraz, hala, hurrengo urtean Donostian estreinatu zen (Teatro Circo, 1911-04-15) Donostiako Orfeoiaren eskutik eta, gero, Bilbon errepikatu zen emanaldia (Arriaga antzokia, 1911-05-30). Horrez gain, Buenos Airesera eramateko kudeaketak egin ziren baina azkenean ez zen gauzatzerik lortu. Azkenik, 1912an, Jose Artolak euskarara ekarri zuen libretoa oso-osorik, eta Natalie Morelen hitzetan, urte berean konpositoreak musika jarri zion obra osoari.

Usandizagaren talentua eta deiera dramatikoa lau haizetara zabaldu zen. Horrela, beste opera bat konposatzen hasi zen, Costa Brava hain zuzen, Juan de Arzadunek idatzitako libreto bati buruzkoa, Donostiako giroa eta itsas giroa islatzen zituena. Alabaina, proiektua lehen urratsetan gelditu zen. Aitzitik, Hasshan y Melihah (1912) ekialdeko fantasia eta Umezurtza (1913) kantata amaitu egin zituen. Azken hori soprano, tenore, koru eta orkestrarako "eszena herrikoia" zen. Gainera, Donostiako Udalak Usandizagari enkargatu zion 13 de Agosto de 1813 ereserkia, Donostiako sutearen mendeurrena oroitzeko. Koru, banda, tronpeta eta danborrez interpretatzeko idatzi zen eta estreinaldi jendetsua izan zuen hiriko Alderdi-Ederreko lorategian. Autoreak Mendeurreneko Urrezko domina eskuratu zuen obra horri esker.

Antzerki arloan obra arrakastatsu gehiago egiteko grinak bultzatuta Saltimbanquis piezan jarri zuen arreta, Teatro de ensueño (1905) liburuan barneratzen dena. Liburua Gregorio Martinez Sierrak sinatu zuen (bere emazte Maria Lejarragak idatzi bazuen ere) eta Juan Ramon Jimenezen zertzelada poetikoak gordetzen ditu. Martinez Sierra bikotearekin harremanetan jarri zen 1912ko udan eta antzerkirako testua hiru ekitaldiko zartzuelarako obra (Las golondrinas) bihurtzeko prozesuan murgildu zen irrika handiz. Maria Lejarragarekin batera Cipriano Rivas Cheriff aritu zen kantagarrien ahapaldiak moldatzen. Obra Emilio Sagi-Barba eta Luisa Velaren konpainiak estreinatu zuen Madrileko Circo Parish delakoan (1914-02-05). Arrakasta eta entzute historikoa ukan zuen obrak. Publikoak eta kritikak goraipatu egin zuen Usandizaga eta Espainiako musika arloko konpositore entzutetsu eta miretsienetako izatera pasa zen berehala. Hilabete gutxiren buruan Las golondrinas Madrileko Teatro Real ezaguneko oholtzan izan zen ikusgai eta Espainia, Argentina eta Uruguai zeharkatu zituen goitik behera; horrez gain, Frantziako Gramophone konpainiak obraren grabaketa bat egin zuen. Bigarren ekitaldiko orkestrako "Pantomima" delakoak oihartzun berezia izan zuen eta denbora askoan zehar kontzertuko pieza independente modura interpretatu zen.

1914ko apirilean San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako akademiko urgazle izendatu zuten Usandizaga, Tomas Breton, Emilio Serrano eta Joaquin Larregla konpositoreen proposamenari jarraiki. Zaragozan Pilar Bayona piano-jotzailea ezagutu zuen eta hark Usandizagaren pieza batzuk sartu zituen bere errepertorioan. Bizitzako azken urtean musikaria La llama operaren konposaketan murgildu zen erabat, berriz ere Martinez Sierra bikotearekin lankidetzan. Uneko moda modernistaren ildotik, libretoan alegia alegoriko bat garatzen zen, ekialdeko zantzuak zituena, eta hartako musika egiteko biraketa exotikoak eta euskal folkloreko zenbait elementu nahasten ziren. Teatro Real antzokian estreinatzea aurreikusten zen 1915-16 bitarteko neguan. Baina konpositorea hil ostean (1915-10-05) proiektua bertan behera geratu zen, partituran xehetasun urri batzuk falta zirela. Zorigaitzeko gertakari horren ondotik Donostiako historia garaikidean ezagutzen den dolu adierazpen jendetsuenetakoa jazo zen. Eta, gerora, hil osteko hainbat eta hainbat omenaldi egin zitzaizkion.

Ramon anaiak La llama obra amaitu eta ikuskatu zuen eta, azkenik, 1918ko urtarrilaren 30ean Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinatu ahal izan zen. Urte berean, martxoaren 30ean, Madrileko Teatro Lírico aretoak hartu zuen txanda. Emankizun horretara Madrileko Udal Korporazioa bertaratu zen ofizialki, ezohiko agerpena izan zen hura. Obra berriak lilura orokorra sorrarazi zuen, batez ere, orkestra-lan aberatsa zela medio; dena den, ez zuen aurreko ekoizpenek ukan zuten ahobatezko adostasuna lortu eta ez zen errepertorioan mantendu. Bestalde, oso-osorik musikatutako Mendi-Mendiyan bertsioa Bilboko Koru Elkartean estreinatu zen konpositoreari egindako hil osteko omenaldian (Campos Eliseos Antzokia, 1916-05-28). Bertsio bera Donostian aurkeztu zen beranduago, hirian Nazioen Elkartearen Kontseiluak egindako kongresuan (1920-07-03). Orobat, Ramon Usandizagak opera bilakatu zuen Las golondrinas lana; horretarako, partiturako hainbat pasarte erantsi, aldatu eta berrantolatu zituen eta Bartzelonako Liceo ezagunean estreinatu zuen bertsio berria 1929an. Partitura horrek hirugarren berrikuspen kritiko bat ere izan zuen Ramon Lazkanoren eskutik 1999an. Aipatutakoaz gain, Ramon anaiak Jose Maria Usandizagak konposatutako beste pieza batzuk eraman zituen orkestrara edo osatu egin zituen.

Musikari gisa karrera dirdiratsua izan arren, bere bizitza nahiz ibilbide profesional osoa gaixotasun batek baldintzatu eta markatu zuen. Haur zenetik tuberkulosia izan zuen eta bere osasun egoera kaskarrak eraginda sarritan bere lanetan etenaldia egin behar izan zuen. Lan horietako asko, Gipuzkoako ingurutan landa-eremura erretiratuta taxutu zituen: Bidanian (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa) Mendi-Mendiyan musikala konposatu zuen; Azkainen (Lapurdi), Hasshan y Melihah obraren pianorako eta orkestrarako bertsioak; Urnietan (Gipuzkoa) Las golondrinas; eta Lekunberrin eta Igantzin (Nafarroa) La llama konposatu zuen. Bere heriotza goiztiarra dela medio hainbat galdera erantzun gabe geratu dira, esate baterako: Zer-nolako bilakaera izango zukeen bere musika-hizkuntza eta musika-estetikak? Hori bera gertatu zen mende bat lehenago Juan Crisostomo Arriagarekin.

Katalogo oparoa utzi zuen Usandizagak, bertan sormen handiko eta izaera aparteko autorea izan zela ikus daiteke, nahiz eta, logikoa den moduan, hainbatetan heldutasun falta ere ageri. Bere lehen obrak Parisen konposatu zituen nagusiki eta horietan areto-musika, Schola ezagunean inposatzen zen tradizionalismo akademikoa (Ouverture symphonique; Suite en La) eta adierazpen aske eta pertsonalagoa (Sur la mer; Pièces pour piano, op. 28) antzeman daitezke. Lehen sasoi horretan, era berean, erlijio- musikazko eta organorako corpus nahikoa osatua konposatu zuen, zalantzarik gabe Schola delakoaren orientazio katoliko agerikoak eta Frantziako organoaren tradizioak bultzatuta.

Bestalde, Parisen egindako egonaldian bere irakasleen ortodoxiatik at zeuden berrikuntza estetiko eta musikalak ezagutu zituen Usandizagak. Bereziki azpimarragarria Pucciniren obra dramatikoarekiko agertzen zuen mirespena, bere ekoizpen eszenikoan arrasto nabaria utzi zuelarik; orobat, Errusiako musika nazionalista maite zuen eta haren eragina Hasshan y Melihah obran eta Las golondrinas eta La llama obretako zenbait pasartetan antzeman daiteke. Orokorrean, bere musikak garaiko Frantziako erromantizismo ondorengo itzalari jarraitu zion, eskola inpresionistaren erreferentzia urri batzuekin zipriztinduta. Oso gutxitan -Danza española (1902), tango erritmoan; Jota (1910)- ikusten da Albenizen piano zaletasunari egindako omenaldi agerikorik. Autore hori Schola inguruko zirkuluarekin lotzen da profesionalki eta adiskide gisa.

Donostiara behin betiko itzuli ondoren, eskola nazionalista berriaren erreferente bilakatu zen bere musika-teknika ederrari eta euskal folklorearen erabilera bereziari esker. Horren harira, interesgarria da adieraztea Guridi, Otaño edo Aita Donostiarekin harreman nahikoa estua izan zuela. Mendi-Mendiyan obra joera euskaltzale horren azkenburukotzat har daiteke. Lan hori ardatz izan zen urte horietako euskal kulturaren berpizkundean. Bertan Usandizagak ordura arte ezagutzen ez zen motibo folklorikoen erabilera goratua proposatzen zuen, Wagnerren Leitmotiv delakoaren teknika oinarritzat hartuta.

Askoren iritziz Mendi-Mendiyan euskal opera nazionalaren egiazko sorrera izan zen moduan, Madrilen Las golondrinas estreinatu zenean, Espainiako antzerki lirikoaren gailur eta itxaropen gisa hartu zen. Merkatuan izandako arrakasta itzelak oparoaldian zen burgesiaren gustu fina islatzen zuen eta, haren ostean, berehala etorri ziren ezohiko neurria zuten antzerkirako beste partitura batzuk, esate baterako, Amadeo Vivesen Maruxa edo Manuel de Fallaren La vida breve. Nolanahi ere, hurrengo hamarkadetan publiko handiaren lehentasunak proposamen herrikoiagoetara bideratu ziren eta Las golondrinas alboratu egin zen nolabait, nahiz eta errepertorioan mantendu.

Usandizaga Belle Èpoque garaiko euskal kulturako eta Donostiako ikur aparteko eta bereizgarriena izan zela esan daiteke, izan ere, musikariak bete-betean bizi izan zuen aipatu garaia. Izaera alaia zuen, bere fisiko ahularekin topo egiten zuelarik, eta arrakasta goiz ukan zuen, heriotza bezalaxe. Horren guztiorren ondorioz, uneko euskal musikako idolo bilakatu zen. Haren ereduak eragin itzela izan zuen Pablo Sorozabal gaztearengan. Azken horrek Mendi-Mendiyan obraren Donostiako estreinaldian parte hartu zuen eta Ramon Usandizagari laguntza eman zion La llama obra gainbegiratzeko. Dena den, iturri eta gai euskaldunak alboratzearen ondorioz, bere azken sasoian maiz egiten zuena, desengainua agertu zen eta euskal nazionalismoa babesten zuten pentsalari eta artista batzuengan nahasmena eragin zuen.

Ignacio Lopez de Luzuriagaren arabera:

"Usandizagaren musikako ezaugarrietako bat [...] bere ingurune sozialeko gustu estetikoak hautemateko gaitasuna da: erlijiozko elementua eta herrikoi tradizionala; elementu exotikoa eta teknika modernistak sartzeko erabiltzen zuen anbiguotasuna, izan ere, exotikoren aldaera gisa barneratzen zituen aurrerabidearen zentzu gisa baino gehiago [...] Sozialki, Usandizagaren obra bere gizarte-klaseak zituen balio eta ideologia zalantzagarriaren isla zen. Klase hori euskal nazionalista zen modu zalantzagarrian, errepublikaren aldekoa zen modu zalantzagarrian, berez oso kontserbadorea baitzen; baina uneoro liberal aurrerakoi izatearen itxura ematen saiatzen zen" [1987, 88-89].