Konposatzaileak

Uruñuela Fernandez de Larrea, Jose Tomas

1891ko uztailaren 28an Gasteizen jaiotako konpositore, musikologo eta dantza irakasle arabarra. Donostian (Gipuzkoa) hil zen 1963ko uztailaren 3an.

Madrilgo Unibertsitatean Kimikan Lizentziatua (1916), gaztetatik eduki zuen musikarako bokazioa eta bizitza guztian zehar arlo honetan erabateko arduraldi edukitzen saiatu zen. Irakaskuntza munduan ibili zen eta Gasteizko Arte eta Ofizioetako Eskolako kontseilari izatera iritsi zen (1919).

Hogeiko hamarkadaren erdialdera, Aita Donostia ezagutzearekin batera, bere musika-kezkek beste norabide berri bat hartu zuten eta konzientzi-abertzalea piztu zitzaion. 1926. urtetik aurrera bere lehen euskal musika orriak agertzen dira, euskal testuzko partiturak nahiz euskal herri-gaiekin, bere ekoizpenean beti mantenduko diren gaiak. Hala, Itsalde erasona (1927), Nork Orain eta Agur Maria txisturako minuetoak (1928) eta Aista txinkurrun, Jorrai dantza eta Los Caballeritos de Azkoitia (1929). Bestalde, Maitia nun zira, El clavecín de Bendaña edo Canciones alavesas para voz y piano, gerra aurretik idatzitako lanak dira; garai honetan Baranbion bizi izan zen. Herriko gazteei txistua erakutsi zien eta dantza taldea eratu zuen. Bilbo erori zenean, Parisen erbesteratu zen eta euskal errefuxiatuekin kontaktuan jartzeko aukera izan zuen, bereziki Eresoinkarekin. Talde honentzat zenbait partitura berridatzi zituen eta 1929an Danse basque d'après l'Aurresku Bizkaien suite-a edo Fandango basque chanté bezalako konposizio berriak sortu zituen.

Momentu honetan bere jarduera dantza eta koreografiaruntz zuzentzen da. Olaeta familiaren lagun egin zen eta Sakharoff edo Béjart bezalako dantza-munduko pertsonak ezagutzen ditu. Hauen laguntzaz bilduko du frantziar Urrezko Mendeko dantza klasikoko materiala. Kanbon igarotako denboraldiaren ondoren, non euskal balleta baten sorreraren ideiak forma hartzen duen, 1942an Madrila aldatu zen. Lau hilabete geroago, Donostiako Kursaal kasinoko gerentea zen Manuel Odriozolaren eskutik, dantza klasikoko akademia sortzeko eskeintza jasotzen du. Lehen momentuan Kursaal-ean bertan bazegoen ere, gerora bere egoitza hiriko Musika Kontserbatorioan kokatu zen, Udal Dantza Eskola izenarekin; bere bizitzako azken urteak Schola Cantorum-ekin elkarlanean eman zituen.

Musikologo bezala, Uruñuelak kantuen bilketa, katalogazioa eta kontserbazioan izugarrizko lana egin zuen, batez ere Araba eta Iparralden. Prentsan, El P. Otaño y la música sacra, La Música y la guerra, La Música y Madrid edo La Escuela rusa bezalako lanak argitaratu zituen.