Kontzeptua

Trikitixa

"Trikitixa" hitzak adiera ugari ditu. Orokorrean gaur egun bi kidez osatutako musika taldetzat ulertzen dugu trikitixa: "soinujole" edo akordeoilaria eta "panderojole". Halaber, trikitixa da taldeak jotzen duen lau konposaketa klasikoetako bat. Hala, Txapelketan "Trikitixa I, Trikitixa II (porrusalda), fandangoa eta arin-arin" piezak jo behar izaten dira. Azkenik, trikitixatzat ulertzen da bi instrumentuen erritmora egiten den dantza. "Trikitixa" "triki-triki" onomatopeian du jatorria, zeinak panderoa hatzekin kolpatzean ateratzen duen soinua deskribatzen duen. Trikitixa beraz, Euskal Herrian akordeoi diatonikoa sartu aurretik bazegoen jadanik. Panderoa garai horretan jadanik erabili egiten ziren instrumentuen lagungarri zen, alboka, txistua, dultzaina edo txirularena, besteak beste.

Joan den mende amaieran eman zen "baxuen mekanikaren" asmaketarekin, akordeoi diatonikoak garrantzia handiagoa hartu zuen musika aukerak ere igo egin zirelako eta jotzeko ere zailtasun gutxiago zuelako. Mekanika berri hari esker akorde maior eta minorra, dominantearekiko akorde zazpiduna eta akorde zazpidun gutxitua eratu ziren. Akordeoi motari dagokionean -neurri txikikoa- "soinua" edo "soinu txikia" izenez ezagutzen da, izan ere, melodia sartzen duen instrumentua da. "Hauspoa", jadanik ez da erabiltzen. "Akordeoia" nagusiki, akordeoi handiari erreferentzia egiteko erabiltzen da. Akordeoi txikiari edo diatonikoari trikitixa esaten diona, oker dabil, terminoak nahasten ditu, trikitixa soinuaz eta panderoaz osatutako taldea baita. Trikitixa da, zalantzarik gabe, Euskal Herrian errotuen dagoen herri-musika. Gainera, ia espresuki euskaraz bizi den herri zati horri lotuta dago, gure arbasoen tradizio eta usadioak intentsitate handiagoz mantentzen dituen herri zati horri.

Etxe baten leihotik arin-arinaren erritmoa ateratzen denean edota ibilgailu baten kaseteak soinu hori isurtzen duenean, haren adi dagoena euskal hiztuna izango da ia segur. Dena den, trikitixaren soinua ateratzeko instrumentu ezinbestekoa -akordeoi diatonikoa- ez da bertakoa eta gainera ez du tradizio luzea Herrialdean. Frantziako eta bereziki Italiako Alpeetako eskualdeetatik barna sartu zen, 1860 inguruan Beasaindik Olaztira zihoan Iparraldeko Trenbidea eratzeko kontratatu ziren langileen eskutik. Zonalde honetako geografia korapilatsuak teknika berriak eta pertsona espezialduak eskatzen zituen tunelak eta lubetak eraikitzerakoan. Bi gauzak Alpeetan topatu zituzten, izan ere bertan 1850 eta 1860 artea, mendiko trenbide anitz eraiki baitziren.



Frantziako kontratistek langile haietariko asko mugiarazi zituzten Beasain, Zumarraga, Ormaiztegi, Brinkola, Oñati edo Idiazabala urte betetik hiru urtetarako kontratuekin. D?aosta eta Piamonteko nekazari haiek euren instrumentu kuttuna ekarri zuten eurekin, "fisarmonika" edo "akordeoi diatonikoa". Akordeoi diatonikoa berehala errotu zen Euskal Herrian. Instrumentu honen deiadar armoniatsua eta bere ñabarduren aberastasuna ez zitekeen konpara ahal txistu edo albokarekin. Nekazal munduak, orduan erromeria izan ohi zen bere jaialdi nagusirako baliatu zuen. "Soinu txikia" berehala hedatu zen herrialde guztian zehar, hasiera batean nahiko mantso komunikazioen zailtasunak zirela-eta. Bizkaia eta Gipuzkoan mende amaieran sortu ziren trenbide berriek bere hedapenean lagundu zuten. Herriak "soinu txikia" zalantzarik gabe bego onez ikusten bazuen ere, alkateek eta kleroak ukatu egin zuten. Ama Birjina Sainduaren festa zela-eta, ermitara egin ohi zen erromeria, zirriparraz beteriko egun baten atari besterik ez zen. Nekazal munduarentzat, hau zen ia-ia, elkarrengana biltzeko aukera bakarra. Herri edo baserri gertuenetatik etortzen zirenak, edari eta dantzekin aurreiritzi guztiak askatzen zituzten.

"Soinuaren" musikak, "inpernuko auspoak" "emakumeak gizonen eskuetara bultzatzen zituen", hala zioten garai haietako sermoiek. Ez da harritzekoa beraz, elizak instrumentu berria ukatu izana. Gainera "soinua", bere musika kartsuarekin, ederki egokitzen zen jauzi, salto eta erritmo biziz dantzatzen ziren Herrialdeko dantzetara. Euskal Herrian trikitixak, bere 125 urteko bizian, bilakaera sakona izan du. Antza gutxi duten hasiera bateko "fisarmonika" zahar haiek gaur egun Castelfidardon (Italia) egiten diren instrumentuekin. Erritmoak ere aldatu egin ziren. Baina ez genezala "soinujoleak" Herrialdeko musika besterik jotzen ez zuelako ideia okerrik egin. Hasiera-hasieratik bere errepertorioan kanpotik etortzen ziren eta bertakoen gozagarri ziren doinuak sartzen zituen: baltsak, mazurkak, tangoak, boleroak,e.a. Beste aldaketa batzuk ere eman dira. Trikitixa zaharrean emakumeak sarritan panderoa jotzen zuen. Bi "panderojole" eta "soinu" bat egon ohi ziren, edo akordeoijole eta panderojole askok trikitixa osatzen zuten. Gaur egun, sexuak ez du garrantzirik eta bai gizonak eta bai emakumeak edozein instrumentu jotzen ditu. Zenbaitetan instrumentu moderno elektronikoak eransten zaizkio: bateriak, pianoak, gitarrak... eta era guztietako musika jotzen da.

Ikuslegoa eta giroa ere aldatu egin dira. Erromeriak desagertze bidean daude. Gero eta gutxiago ospatzen dira. Halere, Euskal Herrian antolatzen diren festa ugarietako programa orok, trikitixa barneratzen dute. Zenbaitetan goizeko lehen orduetan egiten diren kalejirekin; beste batzuetan plan egiten den oholtza gaineko erakusketarekin. Edozein ospakizun da egokia: ezkon aurreko parrandak, ezkontzak, omenaldiak edo lagunarteko afariak. Soinu txikiak eta panderoak festari poza dakarkiote. Trikitixak eta bere musikak bilakaera bortitza jasan dute azken hogei urteetan. Arrazoi ugarik azaltzen dute hau. Lehenik eta behin lehiaketek, hauek jendaurrean onenen arteko lehia bultzatzen dute. Euskaldunen jitean oso barneratua dago lehiakortasunaren ideia. Hortik dator gure herri kirolen aberastasun eta barneratzea. "Txapelketetan" sortutako lehiakortasunak ere trikitixa bultzatzea lortu du. Argitaratu diren disko eta zintek, asko eta asko lehiaketen ondorio, eta irrati saioek trikitixaren entzutea asko hedatzea lortu dute. Eta azkenik, eskolak aipatu behar, izan ere, bertan gaur egun milaka gazte "soinu txikiaren" teknika ikasten ari dira.

Trikitixa da, zalantzarik gabe, berezko euskal musika. Gure erritmorik kuttunena. Munduan ez da korurik, Euskal Herrian gertatzen den bezala, txapelketa batera sei mila pertsona ekartzen dituenik, gainera entzute handiko musikarien partaidetzarik gabe egiten direnak (lehiatzeko beldur direnak). Ikuslegoak, gainera, Txapelketa ospatzen den barrutira sartzeko sarrera ordaindu behar du. Euskaldunen herriak trikitixa hautatu zuen musika kuttunena lez, eta hala ikusten da gaur egun ere.