Literatoak

Urruzola Vitoria, Estanislao

Uxola

Euskal idazle eta itzultzailea. Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen 1909ko abenduaren 13an. Tolosan hil zen 1986ko martxoaren 17an.

Merkataritza ikasketak Tolosako Eskolapioetan egin zituen eta berehala hasi zen herriko Limousin lantegian lanean. 1929an Tolosako Eusko Alderdi Jeltzalean sartu zen. Espainiako gerra zibilean gudari ibili zen 1937an atxilotua eta 12 urtez espetxeratua izateko zigorra ezarri zioten arte. Orduan hasi zen Espainiako espetxeetatik periploa. Cadizen zela Método de Alemán liburua idatzi zuen eta bertan gerra garaian bizi izandako esperientziak kontatzen zituen. Memoria haiek Bilboko Eguna egunkarian irakur daitezke. Hamabi urtetako espetxe-zigorra ezarri zioten arren hiru urte besterik ez zituen igaro kartzelan. 1944an María Eugenia Mujikarekin ezkondu eta Tolosako Oriabe arte grafikoen enpresan hasi zen lanean.

Garai haietan eguneroko ogi bilakatu ziren salaketak, inspekzioak, kontrolak eta isunak bai Estanisentzat, baita Maria Eugenia emaztearentzat ere. Bizitzen uzten ez ziotela-eta, babes eta lasaitasun bila, Valentziako Burriana herrira joan zen familiarekin.

Bertan giro erabat euskalduna aurkitu zuten, izan ere, herrian bizi ziren beste euskaldun batzuekin topo egin baitzuten; hala eta guzti zere, bertako kultura, hizkuntza eta ohiturak guztiz errespetatu zituzten. Gorputza Burrianan zuen Urruzolak, burua eta bihotza, ordea, Euskal Herrian utzi zituen. Burrianan igaro zituen urteetan paper fabrika batean egin zuen lan kontalari moduan. Burrianan hazi ziren Urruzuno Mujika familiako hiru semeak.

Burrianatik bueltan, 1966an, Elduiango Sorrieta baserrian bizi izan ziren hilabeteetan. Itzulera ez zen samurra izan, hasieratik hasi beharra izan baitzuten eta behin baino gehiagotan izan zen atxilotua eta deklaratu beharra izan zuen.

Ondorengo urteetan, Tolosako Kultur eta Turismo Ekintzetxean egin zituen jubilatu arteko azken lan-urteak, bai eta Tolosako Eskolapioetan ere, euskara irakasle moduan. 70eko hamarkada amaieran hartu zuen erretiroa, baina idazteko lanak ez zituen hil zen arte utzi. Bere eskuek hamaika artikulu, eleberri, olerki, ber tso eta, batez ere, antzerki oparitu zizkion euskal kulturari.

El Día, Eguna, Euzko Gogoa, Egan, Aranzazu, Zeruko Argia, Goiz-Argi eta La Voz de España aldizkarietan kolaboratzailea izan zen. Andoni, Ezpalak, Xirorien Gertaerak, Pelotaria bezalako eleberrien egilea. Antzerki-lanen artean honakoak aipa daitezke: Eskalearen Eguarria, Lengusu amerikanoa, Euskal mendien ezkontza, Ezkontzeko deia, Neronek nere alba galdu nuen, Biok Jeolimo, alajaiña!, Azkatasun garratza, Indarraren legea, Biotz zekenak, Sor Gurutze, "Larreborda" emen izan zan, Pernando amezketarra, Gurutz, ori nere bizkarrean artuko det, Buzokiko bost ziran, Espetxeratu 2.000, Odol urdiñekoak. Jatorrizko ipuinak ere idatzia da, besteak beste, Ipuinak eta Andersen, Andreiev eta Dickens ipuinen itzulpen batzuk. Olerki eta beste lan batzuen euskaratzeak ere egin zituen: Simenon-en Lieja'ko urkatua, Edgar Wallace-en Burni atzapar, Rabindranath Tagore-n Erregearen karteroa, Mauricio Rosencof-en Zaldiko maldiko biurria Alvarez Quintero-ren Andre txintxarria. Literatur sari batzuk irabazi zituen, tartean Euskaltzaindiak antolatu zuen haurrei zuzendutako antzerki-lanen saria Askatasun garratza lanarekin.

Bertsorako zaletasuna zuen eta bere pasio horretatik bere ogibide izatera pasa zen. Bizitza guztian zehar, baina batez ere 1965ean Burrianatik itzulitakoan, idatzi zituen ezagutzen dizkiogun bertso gehienak.