Legelariak

Oraa Oraa, Jaime

Zuzenbide irakaslea eta ikerlaria. Bilbon jaio zen, 1953an.

Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen. Han, Zuzenbide eta Ekonomiako lizentziatura (abokatu ekonomialaria) lortu zuen. 1975ean, Jesusen Konpainian onartu zuten, eta Teologia ikasi zuen Erromako Unibertsitate Gregoriotarrean.

Ondoren, Teologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.

Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), ikasketa bereziak egin zituen. Han, Nazioarteko Zuzenbideko doktoretza egin zuen Ian Brownlie irakaslearen (QC, FBA) zuzendaritzapean. Brownlie irakaslea munduko aditurik onenetakoa da Nazioarteko Zuzenbidean. Hagan eta Estrasburgon amaitu zituen ikasketak (hurrenez hurren, Nazioarteko Zuzenbidearen Akademian eta Rene Cassin Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuan).

1991. urtetik, Nazioarteko Zuzenbideko eta Giza Eskubideetako irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. 1995ean, katedradun-plaza lortu zuen. Saileko zuzendaria izan da, eta Pedro ARRUPE Giza Eskubideen Institutuaren sortzailea eta lehen zuzendaria, eta Nazioarteko Laguntza Humanitarioari buruzko Europako Masterreko zuzendaria. Veneziako Giza Eskubideei eta Demokratizazioari buruzko Europako Masterreko zuzendari nazionala izan da. 1999an, Zuzenbide Fakultateko dekano izendatu zuten eta berriro aukeratu zuten beste hirurteko baterako. 2003ko irailaren 29an, Deustuko Unibertsitateko Errektore Goren izendatu zuten. Kargu horretan aritu zen 2013ko maiatzera bitartean, orduan Lagundiaren Unibertsitate Zentroen Federazioko presidente izendatu baitzuten (UNIJES). Errektore lanetan bere ordez Jose Maria Guibert Ucin izendatu zuten.

Hainbat argitalpen ditu nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen arloetan. Besteak beste, hauek aipa ditzakegu:

  1. "Human Rights in States of Emergency in International Law", Oxford, 1992 (1. arg.) eta 1995 (2. arg.).
  2. "International Law and Humanitarian Assistance", Bruselas, 1994, 1999 (2. arg.). "Derecho Internacional y Ayuda Humanitaria", Bilbo, 2000.
  3. "Extradiciones y Expulsiones de Extranjeros en el Convenio Europeo de Derechos Humanos", Madril, 1994.
  4. "La Declaración Universal de Derechos Humanos", Bilbo, 2002
  5. "El Valor Jurídico de la Declaración Universal", Gasteiz, 1999.

Espainiako eta atzerriko erakunde askok gonbidatuta, hainbat hitzaldi eta ikastaro eman ditu Europan, Amerikan eta Afrikan. Irakasle gonbidatua izan da unibertsitate hauetan: Aix-en-Provenceko Unibertsitatean (Marsella, 1993), Managuako Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA, 1993 eta 1994), Bordele IV Unibertsitatea (Montesquieu, 1996) eta Tilburgoko Unibertsitatean (Herbehereak, 1997 eta 1998).