Konposatzaileak

Pérez de Viñaspre Ortiz, Francisco

Organista, konpositore eta teorikoa. 1854ko urriaren 4an jaio zen Guardian (Araba). 1938ko apirilaren 22an zendu zen.

Bere musika prestakuntza Guardian jaso zuen Ambrosio eta Felipe Arriolaren eskutik. Beranduago Gasteizko San Vicente kaperan abestu zuen eta bertan Vicente Goicoechearekin egin zuen topo, bien artean urte asko iraun zuen adiskidetasuna sortu zelarik. Oraindik diakono zela, Eltziegon (Araba) organista gisa egon zen denbora batez. 1879an, oposizio bidez, Logroñoko kolegiatako organista postua atera zuen eta 1884an Zamorako katedralekoa. 1886an Gasteizko katedraleko organista zen eta 1904an aldiz, Burgoseko katedraleko benefiziodun eta organista izendatu zuten. Une honetan, Pio X.a Aita Santuaren Motu Proprio-k babesturiko musika-erreformaren alde egin zuen lan bere lagun Goicoechea bezelakoekin batera. Halaber, Valladolid, Sevilla, Bartzelona eta Gasteizen antolatu ziren Musika Sakratuko Jardunaldi Nazionaletan txostengile gisa parte hartu zuen eta Música Sacro Hispana aldizkarian ohiko laguntzaile izan zen. Harmonia eta konposizioko irakasle bikaina izan zen bere ikasle German Landazabal, Ramon Saez de Adana, Garcia Blanco edo Amoreti bezelako musikariak izan zirelarik.

  • SALABERRI, Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Egile eta Editoreen Elkartea, Madril, 2000.