Ikastolak

Salbatore Mitxelena Ikastola. Zarautz

Zarauzko Ikastolaren sorrerako mugimenduak 60ko hamarkadan eman ziren. Horrela, 1964an lagun talde bat elkartu zen beren seme alabak euskaraz hezi nahian eta, hezkuntza euskaraz irakasteko bide bakarra Ikastola sortzea zenez, hau lortzeko antolatzen hasi ziren. Lehen pausoa Hernaniko Ikastolara joatea izan zen eta hauen aholkuei jarraituz, ondorengo urratsa herriko Frantziskotarrekin hitz egitea. Hauek lokal eder bat utzi zien, "Antoniana Txikia"-n lehen pisua eta horrela 1965eko irailean hasi zen Zarauzko Ikastola. Ikastolari Salbatore Mitxelena izena jarri zitzaion, herriko frantziskotar olerkari eta euskaltzale ospetsuaren omenez.

Irakasleei dagokionez, hasieran bi andereño prestatu ziren andereño Begoña eta andereño Miren Josune (biak Donostiako ARAMItarren erakundekoak), baina uste baina ikasle gehiago izanik, herriko emakume prestu bat hartu zuten laguntzaile Maria Sales, honek muxutruk lan egin zuelarik. Ikastolaren sorrera eta garapena herritar eta herriko hainbat erakundeen ekimena izan zen, horrela altzairuak Arruti altzarigintzak kosturik gabe eman zituen. Lekua berehala txikiegi egin zen eta beheko planta eskatu zuten "Juventud Femenina Antoniana"-ren lokala. Hasieran Frantziskotarren Aita Ezkurdia oriotarra izendatu zuten Ikastolako arduradun bezala eta guraso eta laguntzaileen artean eratu zen lehen Batzordea. Hasierako urteetan Batzorde hau astero biltzen zen Bar Txokoren atzealdean.

1966an, 160 ikasle zituen eta Zarauzko Eskolaurreko ikastetxe handiena zen. Urte horietan zarauztarren eragina ikastolen mugimenduan handia izan zen: Azpeitia, Zestoa eta Getariako ikastolen sorreran aholkulari aritu ziren eta Gipuzkoa Ikastolen Elkartea (Federazioa) sortzen aritu ziren.

Ibilbidea ez zen erraza izan, urtero gela berriak bilatu eta egokitu behar izaten zituzten, ikasle kopurua goraka zihoalako, gelak ere herrian zehar barreiatuak zeuden: Frantziskotarretan, Santa Klaran, Alfan, Garraztasun, Ongi-Etorrin, Villaverden, Txurruka-enean, Pilartxo-enean. Egoera larrian zen: ikasgela guztiak herrian zehar sakabanatuta, irakasle gutxi, ez dirurik ezta ere, libururik eta Hezkuntza Ministeriotik onarpenik ez. Lehengo zortzi urtetan bi edo hiru aldiz Ikastola ixteko agindua eman zuten, baina Batzordeak, Sabin Unzurruzaga buru zuelarik ez zien mehatxuei jaramonik egin eta Ikastolak aurrera jarraitu zuen, gero eta indar gehiagorekin. 1972an Imanol Murua Batzordeko Lehendakari zelarik, lortu zen lege onarpena. Ondorengo urratsa ikastetxe berria egitea izan zen.

Ikastetxe berria eraikitzeko herritarren erantzuna ezin hobea izan zen, ongi azalduz herriaren muinean sustraitutako mugimendua zela. Iñurrizako zelai ondoan lur saila erosi zen, 7 milioi pezetatan eta ondoren eraikuntzari ekin (honek aurrekontua 35 milioikoa zen). Bukaeran, bataz besteko kostua 48 milioietara igo zen.

1975ean Ikastola berria ireki zen eta 1987ko urriaren 4ean Kilometroak arrakasta handiz ospatu ziren. Ekimen honetako diru laguntzak, zeuden zorrak gutxitzeko balio izan zuen.

Ikastolak haserako ibilbidean bi garai-aldi gainditu zituen. Lehengo, giroa sortu beharrekoa eta hazkuntzak zekartzan arazoak gainditzekoa, bigarrena legeztatu eta ikastola berria eraikitzea. Aipatu beharra dago Ikastolaren lehen titularra Eliza izan zela, 1972an Elkarte Anonimo bihurtu zen Salbatore Mitxelena E.A. izenarekin, oraindik legeztatu gabe zegoen. 1975ean kooperatiba elkartea bezala osatu zen.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Zarauzko herrira eta Ikastolara. Ataka honetan kooperatibako Batzarrak ez publifikatzea erabaki zuen. 1995ean DBH etaparen ezarpena eta eraikinaren handitzea egin zen.

Beste une garrantzitsua 2002 urtean eman zen, urte honetan Orioko Herri Ikastola eta Antoniano ikastetxearekin elkarlanean, Oteiza Lizeo Politeknikoa jarri zuten martxan. 2004. urtean bigarren aldiz ospatu zen Zarautzen Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen Festa. Ekimen hau antolatzeko Orioko Ikastola eta Oteiza Lizeoa lankide izan ziren.

2005ean Ikastola Herri Onurako Erakundea izendatu zen. 2011n Ikastolak Kalitatezko Kudeaketaren Zilarrezko Q saria jaso zuen Gasteizen Euskalit Kalitatearen Euskal Erakundearen eskutik.



  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Salbatore Mitxelena Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].
  • Salbatore Mitxelena Ikastola: 25 urteurrena 1965-1990. Iturriak bilduma. Zarautz Itxaropena inprimaketa, 1991.