Eskultoreak

Basterra Eguiluz, Serafín de

Eskultorea. Bilbon jaio zen 1850eko urriaren 12an eta Bizkaiko hiriburuan zendu zen 1927ko otsailaren 17an.

Aita Domingo Basterra Garma (Bilbo, 1819-1885) izan zuen eta ama berriz Dorotea Egiluz Aldama (Saratxo-Amurrio, 1812-?).

Lehen aldiz Felipa Berastegi Urrutikoetxearekin ezkondu zen (Zeberio, 1852-Bilbo, 1893) 1973ko urrian Bilboko Joan Deunen Parrokian. Ezkontza horretan sei seme-alaba sortu ziren: Aurora, Higinio, Nicomedes, Manuel, Diego eta Serafin.

Bigarrengoan Nicolasa Demetria Zavalaurtena Muruetagoyenarekin ezkondu zen, 1894ko urriaren 6an, Bilboko Santiago Deunaren Katedralean. Ezkontza horretan beste bi seme-alaba sortu ziren: Faustino eta Carmen.

Eskultore modura bere buruargitasuna erakutsi zuen Bilboko artista-multzo baten barnean, horien artean ziren Manuel eta Higinio semeak. Serafinen obra Penintsulako geografian zehar dauden eskultura ugarietan ikus daiteke. Are, munduan zehar ere barreiatzen dira bere lanak, izan ere, Jesusen Bihotzari egindako irudia Wuhun paratu zuten, Txinan. Horrez gain, berak eginak dira, besteak beste, udaletxeko mailadia apaintzen duten Carraren marmolezko estatuak, Justizia eta Legea irudikatzen dutenak. Halaber, azpimarragarriak dira eraikin bereko ertzetan altxatzen diren mazolariak. Lan nabarmengarri gisa Santiago Jaunaren elizako (egun Bilboko katedrala) dorre nagusiaren eraikuntza eta sorrera, hartako harrizko atea eta bertan dauden hiru aldareak aipa daitezke. Bizitzea egokitu zitzaion garaia aintzat hartuta, bere lanik garrantzitsuenak imajinerian sartzen dira. Hala, asko dira herrialdeko eliza ezberdinetan berak egin dituen lanak. Eskola klasikoaren zale sutsua zen eta, horrenbestez, bere lan guztiak Eskola horren jarraibideen arabera egin zituen. Horrela, bere ekoizpen guztia arteari, edertasunari eta egiazkotasun plastikoari egindako kantua dira.

  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Escultura y escultores vascos (1875-1939)". Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004, 23 zenb., 91-138 or.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier. "Escultura funeraria en el cementerio de Bilbao".

Datu genealogikoak Iratxe de Arantzibia Hermosillak eskaini ditu.