Dantza

Sagar-dantza

Baztan bailaran ihauteri garaian egiten den dantza. Ez dugu dantza bakarra, herri askok baitute berea; beraz Sagar Dantzak litzateke izenik aproposena. Arizkungoa da ezagunena eta denboran zehar mantendu egin dena, tradizio edo ohiturak ez baitu hausturarik izan. Erratzun -Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen eta Arizkungo dantzarien eskutik berreskuratua- eta Amaiurren -Arizkungo dantzariek berriki berreskuratua- badira bertako sagar dantzak eta Baztango beste herri batzutan ari dira sagar dantza propioa berreskuratze lanetan. Guziek dute, musikari eta koreografiari dagokienez, antza handia, Arizkungoa delarik, tradizioaz aparte, janzkeran berezitasun nabarmena duena: dantzariek praka eta atorra zuriak daramatzate, gerriko gorria, lepoan zapi koloreduna eta buruan paper koloredun zintekin apaindutako kapela, Ituren eta Zubietan joaldunen ttuntturroaren edo Lantzeko Mielotxinek daramanaren antzekoa.

Lau dantzari, eskuetan sagar bina daramatzatelarik (Erratzun ere naranjak eramateko ohitura izan da), herriko kaleetan barna ibiltzen dira zortzikoa dantzatzen, txistulariak lagundurik. Hainbat geldiunetan sagar dantzari ekiten diote. Arizkungoaren deskribapen txikia egitearren, musikak bi zati desberdin dituela esan dezakegu: lehen zatian, dantzariek nolabaiteko agurra egiten dute aurrera lau pauso emanez eskuin eskua altxatuz, bidenabar sagarra erakutsiz eta gorputza aurreruntz okertuz, eta ondoren, lau pauso atzera ezker eskua altxatuz. Musikaren bigarren zatia halako jota edo fandangoa da eta dantzariek horixe bera dantzatzen dute. Musika bukatzearekin, dantzariek eskuetan daramaten sagarrak inguruko jendeari bota egiten diete. (Ikus Arizkungo ihauteriak 2009 - Sagar dantza Youtuben).

Arestian esan bezala, hainbat sagar dantzen doinuak Azkuek eta Aita Donostiak jaso zituzten, eta argitaratutako kantutegietan bilduak daude. Doinu hauetako batekin 1928. urtean Saski Naski ikuskizunean emakumeak dantzatutako sagar dantza bat eskaini zen. Gerora, hainbat dantza taldeek Baztango Sagar Dantza izenarekin eskaini ohi dute bere emanaldietan.



  • AZKUE, Resurrección Mª de. Cancionero Popular Vasco. Edición manual. Barcelona:_ Boileau & Bernasconi, 192?
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco.IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • Partiturak:
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994. P. 1902 (Amaiur)
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994. P. 1921 (Erratzu)
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994. P. 2016 (Arizkun)