Erakundeak

Eusko Legebiltzarra

Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 25. artikuluan ezartzen denez Eusko Legebiltzarra botere legegilearen jabe da, bere aurrekontuak onartzen ditu eta Gobernuaren jarduerak bultzatu eta kontrolatzen ditu. Horrenbestez, Autonomia Estatutuan Batzar Legegile baten ohiko funtzioak ezartzen dira: funtzio legegilea, kontrola, sustapena eta aurrekontuei dagokiona. Eusko Legebiltzarraren Araudiko lehen artikuluan ia modu berean ezartzen dira ganberaren funtzioak. Dena den, aldez aurretik, gure parlamentuaren lehen ezaugarria zein den adierazten da argiro: Autonomia Erkidegoko herritarren borondatea ordezkatu duen organoa izatea.

Ganberak batzarra eta parlamentu-batzordea baliatzen ditu funtzioak gauzatzeko. Batzorde horiek, aldi berean, Batzorde Iraunkorretan eta Batzorde Berezitan banatzen dira. Batzorde iraunkorrak legealdi bakoitzaren hasieran sortzen dira, goran aipatutako funtzioen inguruko lanketa eta ohiko eztabaida egiteko. Badira derrigorrez sortu beharreko Batzorde iraunkorrak, Ganberako Araudiak horrela agintzen baitu. Bederatzigarren legealdira arte Bateraezintasunen Batzordea eta Presako Legegintza, Araudia eta Gobernuaren Batzordea (gaur egun, ganberaren Araudi berriari jarraiki, Araudia eta Gobernuaren Batzorde izendatzen dena) ziren derrigorrezko Batzorde iraunkorrak. Lehen batzordearen egitekoa parlamentuko funtzioa legebiltzarkideek gauzatutako beste jarduera batzuekin bateragarria ala bateraezina den erabakitzea da, izan publiko ala pribatu. Bestalde, Araudia eta Gobernuaren Batzordean Ganberako gobernuaren eta barne-erregimeneko auzi guztiak erabakitzen dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko langileen estatutua aldatzea eta indargabetzea, Legebiltzarrak aurkeztutako aurrekontu-proiektua aztertu eta onartzea, edo legebiltzarkideen orotariko ordainsarien urteko zenbatekoa zehaztea. Horrez gain, Araudia eta Gobernuaren Batzordea Diputazio Iraunkor bilakatzen da saioen arteko epealditan, hau da, Araudiaren arabera baliogabeak diren epealditan, eta baita legealdien arteko epealditan ere. Une honetan Batzarrari dagozkion eta atzeraezinak diren alderdiak ebazteko ardura dauka.

Bederatzigarren legealditik aurrera, derrigorrez sortu beharreko beste Batzorde iraunkor bat daukagu, hau da, Legebiltzarkidearen Estatutuaren Batzordea, indarreko Araudiko 54. artikuluan arautzen dena. Ganberako kideen estatutuekin zerikusia duten alderdi guztiez arduratzea da bere zeregina, Bateraezintasunen Batzordearen eskumeneko arloak salbuetsita.

Gainerako Batzorde iraunkorrak legealdiaren hasieran sortzen dira Legebiltzarreko Mahaiarekin adostu ostean. Hartarako, Bozeramaileen Batzordeak ere bere adostasuna eman behar du batzorde horien kopuruari, izendapenari eta eskumenei dagozkien gaietan.

Batzorde iraunkor horiek, aldi berean, legealdi bakoitzeko Eusko Jaurlaritzako Sailen banaketaren isla izaten dira. Dena den, nahikoa arrunta da bi batzordek sail bakarrari dagozkion gaiak jorratzea, edo bi sailei dagozkien gaiak parlamentu-batzorde bakarrean jorratzea. Hots, batzorde horien eskumenen banaketa estu lotzen da exekutiboaren sailen banaketarekin, nahiz eta ez den berdin-berdina izan behar.

Bederatzi legealdietan barna gainbegiraketa historiko bat eginez eta derrigorrez sortu beharreko Batzorde Iraunkorrak alde batera utziz, Eusko Legebiltzarrak honako batzordeen bitartez burutu du bere lana (eta egun dagoen legealdian ere horien bidez burutzen da):

Lehen legealdia

  1. Foru-legearen, Herri-legearen eta Lege Bereziaren Batzordea.
  2. Giza Eskubideen Batzordea.
  3. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  4. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  5. Iraskunde, Guztizko Ardularitza eta legegintza Batzordea.
  6. Lurralde Antolakizun eta Arlo politikarako Batzordea.
  7. Eskaera Batzordea.
  8. Euskal Autonomi Elkarteko Indar Komunikabide Publikoen Kontrol eta Jarraipenerako Batzordea.
  9. Eskabidezko Batzordea.
  10. Lan eta Ongizate Batzordea.

Bigarren legealdia

  1. Foru-legearen, Herri-legearen eta Lege Bereziaren Batzordea.
  2. Giza Eskubideen Batzordea.
  3. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  4. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  5. Industria, Energia, Merkataritza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordea.
  6. Iraskunde, Guztizko Ardularitza eta legegintza Batzordea.
  7. Lurralde Antolaketa, Garraio eta Turismo Batzordea.
  8. Erresumatik Eusko Jaurlaritzara eta Foru-diputazioetarako Eskuraketen Artarako Batzordea.
  9. Euskal Autonomi Elkarteko Indar Komunikabide Publikoen Kontrol eta Jarraipenerako Batzordea.
  10. Lan eta Ongizate Batzordea.

Hirugarren legealdia

  1. EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea.
  2. Foru-legearen, Herri-legearen eta Lege Bereziaren Batzordea.
  3. Giza Eskubideen Batzordea.
  4. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  5. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  6. Industri eta Nekazaritza Batzordea.
  7. Erakunde eta Herrizaingo Batzordea.
  8. Lurralde Antolaketa eta Garraio Batzordea.
  9. Europako Elkarteetako Erakundeen Arteko Harremanei Jarraitzeko Batzordea.
  10. Lan eta Osasun Batzordea.

Laugarren legealdia

  1. EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea.
  2. Foru-legearen, Herri-legearen eta Lege Bereziaren Batzordea.
  3. Giza Eskubideen Batzordea.
  4. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  5. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  6. Industri eta Nekazaritza Batzordea.
  7. Erakunde eta Herrizaingo Batzordea.
  8. Lurralde Antolaketa eta Garraio Batzordea.
  9. Kanpo Ekintzen Jarraipenerako Batzordea.
  10. Lan eta Osasun Batzordea.

Bosgarren legealdia

  1. Kanpo Ekintzen Batzordea.
  2. EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea.
  3. Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordea.
  4. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  5. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  6. Industri eta Nekazaritza Batzordea.
  7. Erakunde eta Herrizaingo Batzordea.
  8. Lurralde Antolaketa eta Garraio Batzordea.
  9. Lan eta Osasun Batzordea.

Seigarren legealdia

  1. Nekazaritza eta Arrantza Batzordea.
  2. Europako Gaietarako eta Kanpo Ekintzarako Batzordea.
  3. EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea.
  4. Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordea.
  5. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  6. Hezkuntza eta Kultura Batzordea.
  7. Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordea.
  8. Erakunde eta Herrizaingo Batzordea.
  9. Emakume eta Gazteria Batzordea.
  10. Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordea.
  11. Osasun Batzordea.
  12. Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordea.

Zazpigarren eta zortzigarren legealdietan seigarren legealdian ezarritako batzorde iraunkorrak errepikatzen dira sistematikoki.

Bederatzigarren legealdia

  1. Ekonomia, Herri Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
  2. Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordea.
  3. Hezkuntza Batzordea.
  4. Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordea.
  5. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Batzordea.
  6. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Batzordea.
  7. Osasun eta Kontsumo Batzordea.
  8. Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordea.
  9. Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordea.
  10. Europako Gaietarako eta Kanpo Ekintzarako Batzordea.
  11. Kultura eta Gazteria Batzordea.
  12. EITBren Kontrol Batzordea.

Bestalde, legebiltzarreko araudian Batzorde bereziak izateko beharra jasotzen da, hots, lan jakin eta zehatz baterako sortutako batzordeak, agindutako lana amaitzean edo, edozein kasutan ere, legealdiaren amaieran izateari uzten diotenak. Bi Batzorde berezi bota daude: ikerketaz arduratzen direnak eta azterketaz arduratzen direnak. Lehenengoetan interes publikoko edozein gai jorratzen da, horri dagokionez aldian aldiko erantzukizun politikoei buruzko erabakiak hartzeko. Azterketazko batzorde bereziak, bestalde, euskal gizartearekin zerikusi zuzena duen edozein gairi buruzko azterketa-lan bat egiteko sortzen dira.

Pasa diren zortzi legealditan zehar bi mota horietako batzorde bereziak ukan ditugu:

  1. Uholdeak sortutako arazoen jarraipenerako batzordea: Batzorde hori lehen legealdian zehar sortu zen eta izenak adierazten duen moduan egiteko zehatz bat zuen, hots, 1983ko abuztuan Euskadin izandako uholdeen eraginez hartutako neurrien jarraipena egitea. Berez, ez da ikerketa-batzorde edo azterketa-batzordea, ezbehar natural baten osteko larrialdi egoeran sortutako batzorde berezia baizik.
  2. Lemoizko Zentral Nuklearrari buruzko batzordea: Ikerketa-batzorde hau ere lehen legealdian sortu zen.
  3. Drogamenpekotasunaren aurkako batzordea: Batzorde berezi hau bigarren legealdian sortu zen, azterketa-batzorde gisa. Dena den, hainbat egoera zirela medio hirugarren, laugarren eta bosgarren legealdietan ere mantendu egin zen eta neurri batean Batzorde iraunkor izaera ere izan zuen, forma aldetik behinik behin. Denboran iraun bazuen ere Batzorde berezitzat jo hartu behar da.
  4. Osakidetzaren 1990. urterako lan-eskaintza publikoari buruzko ikerketa-batzordea: Batzordea 1994. urtean garatu zen, laugarren legealdian beraz. Hedabideetan oihartzun nabaria izan zuen euskal ganberako lehen ikerketa-batzordea izan zen eta 1990eko Osakidetzako oposizioekin lotutako erantzukizun politikoak argitu zituen.
  5. Sektei buruzko batzordea: Batzorde horren egitekoa 1997. eta 1998. urteetan garatu zen, hots, bosgarren legealdian.
  6. Autogobernuari buruzko batzorde berezia: 2001. eta 2002. urteetan zehar garatu zen 2001eko urriaren 25ean ganberako osoko bilkuran onartutako ebazpen baten ondorioz sortutako batzorde berezi hau. Ebazpen horretan aitortzen denez, batzorde horrek xede bikoitza zuen: "batetik estatutu-ituna errespetatzea eta betetzea, eta bestetik, dituen ahalmenak kontuan izanik, itun hori eguneratzeko aukerak aztertzea". Batzorde horrek taxututako azken irizpena 2002ko uztailaren 17ko osoko bilkuran onartu zen.
  7. 1976ko martxoaren 3an izandako gertakariei buruzko batzordea: 2007ko azarotik 2009ko urtarrilera jardun zuen batzorde horrek. Haren egitekoa aipatu datan Gasteizen izandako gertakariak aztertzea zen. Gertakari horien ondorioz bost langile hil baitziren.
  8. Guggenheim museoan atzemandako irregulartasunak ikertzeko ikerketa-batzordea: Batzorde horrek zortzigarren legealdian jardun zuen eta haren egitekoa Guggenheim Bilbao museoan (sozietate edukitzailean eta higiezinen sozietatean) atzemandako irregulartasun finantzario eta kontabilitatezkoak ikertzea zen.
  9. Etorkizuneko Balenciaga museoari buruz atzemandako irregulartasunak ikertzeko ikerketa-batzordea: Zortzigarren legealdiaren amaieran sortu zen, Berroeta Aldamar S.L. sozietate publikoarekin zerikusia zuten funts publikoetan izandako gertakariak, anomaliak eta desagerpenak aztertzeko xedez. Sozietate hori 2005ean sortu zen Getarian Balenciaga museoa eraikitzeko.