Erakundeak

Eusko Legebiltzarra

1936ko Autonomia Estatutuan (urte hartako urriaren 6an onartua, gerra zibila hasita zela), 10. artikuluan "eskualdeko organo legegile" bat aipatzen zen; dena den, testuaren indarraldi urriaren (bederatzi hilabete soilik) eta gerra zibilaren dinamikaren eraginez ezinezkoa izan zen hura taxutu eta abiaraztea.

1979ko abenduaren 18an Autonomia Estatutua onartu zen, modu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak organo legegilea eskuratu zuen. Lehen batzar eraikitzailea Gernikako Batzar Etxe historikoan egin zen 1980ko martxoaren 31n, martxoaren 9ko lehen hauteskundeen ondoren. Batzar hartan Jesus Maria Leizaola jaunak egin zituen presidente lanak eta Eusko Legebiltzarreko lehenengo Mahaia antolatu zen. Honakoek osatzen zuten mahai hura: Juan Jose Pujana (presidentea), Inmaculada Boneta (lehen presidenteordea), Jose Antonio Aguiriano (bigarren presidenteordea), Jose Antonio Zaldua (lehen idazkaria), eta Jose Luis Lizundia (bigarren idazkaria). Une horretatik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko botere legegilea bidea egiten hasi zen. Lehen batzar hartatik eta 1980ko irailera arte, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen Eusko Legebiltzarraren egoitza. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 legean ezarritakoa aintzat hartuta, Eusko Legebiltzarra Gasteizen finkatu zen behin betikoz. Hasieran, 1980ko irailetik 1982ko urtarrilera arte, Gasteizko Vicente Goikoetxea kaleko lokaletatik bideratu ziren ekintzak, nahiz eta batzarrak Arabako Foru Aldundian egiten ziren. 1982ko urtarriletik gaur arte Eusko Legebiltzarra Gasteizko Ramiro de Maeztu institutu zaharrean kokatzen da. Estilo neoklasikoa duen eraikina da eta hiriaren erdigunean lekutzen da, Florida parkean.

Lehen eraketa hartatik bederatzi legealdi pasa dira eta ibilbide horretan zehar Eusko Legebiltzarra modu honetan osatu da:

Presidentea: Juan Jose Pujana Arza.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 25 eserleku.
Herri Batasuna: 11 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 9 eserleku.
Euskadiko Ezkerra: 6 eserleku.
Centristas Vascos: 6 eserleku.
Mistoa-AP: 2 eserleku.
Mistoa-PCE-EPK: eserleku bat.

1982ko urtarrilean PCE-EPK talde mistoko legebiltzarkideak taldea utzi eta Euskadiko Ezkerra legebiltzar-taldean afiliatu zen, horren ondorioz, talde mistoaren azpitalde hura desagertu egin zen.

1982ko azaroan Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos legebiltzar-taldeko legebiltzarkide batek taldea utzi eta talde mistoan afiliatu zen.

1983ko urtarrilean eta otsailean, hurrenez hurren, bi legebiltzarkidek Centristas Vascos taldea utzi eta talde mistoan afiliatu ziren.

1983ko maiatzean, Centristas Vascos alderdiko lau legebiltzarkideek Centro Democrático y Social legebiltzar-taldea osatu zuten.

Lehen legealdian 60 kidek osatzen zuten euskal ganbera, 20 hauteskunde-barruti bakoitzetik (Lurralde Historiko bakoitzari dagokiona). Baina, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko azaroaren 25eko 28/1983 Legean, 10. artikuluan ezartzen zenez, 25 kide hautatuko ziren hauteskunde-barruti bakoitzetik. Horrenbestez, ordutik aurrera eta gaur arte, 75 ordezkarik osatzen dute Eusko Legebiltzarra.

Presidentea: Juan Jose Pujana Arza.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 32 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 19 eserleku.
Herri Batasuna: 11 eserleku.
Popular: 7 eserleku.
Euskadiko Ezkerra: 6 eserleku.

1986ko irailaren 21ean Euskal Alderdi Jertzalea bereizi eta Eusko Alkartasuna sortu zen. Horren ondorioz talde politiko berriko kide ziren legebiltzarkideek Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar-taldea utzi eta talde mistoa osatu zuten, 11 kidez osatua.

Presidentea: Jesus Eguiguren Imaz.
Euzko Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 19 eserleku.
Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 17 eserleku.
Herri Batasuna: 13 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 13 eserleku.
Euskadiko Ezkerra: 9 eserleku.
Mistoa-Alderdi Popularra: 2 eserleku.
Mistoa-CDS: 2 eserleku.

1990eko otsailean talde mistoaren barnean azpitalde berri bat agertu zen. Unidad Alavesa talde mistoa hain zuzen. Legebiltzarkide bat erdiesten du, aurretik Alderdi Popularreko talde mistoari zegokiona.

1990eko maiatzetik ekainera talde mistoan legebiltzarkide bat barneratzen da independente modura, aurretik Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeari zegokiona.

Presidentea: Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 22 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 16 eserleku.
Herri Batasuna: 13 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 9 eserleku.
Euskadiko Alderdi Popularra: 6 eserleku.
Euskadiko Ezkerra: 6 eserleku.
Mistoa-Unidad Alavesa: 3 eserleku.

1991ko abenduan, Euskadiko Ezkerra taldeko legebiltzarkide batek taldea utzi eta EE talde mistora pasa zen.

1992ko urtarrilean Euskadiko Ezkerra bereizi egin zen eta taldea osatzen zuten gainerako 5 kideek legebiltzar-talde berri bat osatu zuten, Euskal Ezkerra, hain justu. Horren ondorioz, Euskadiko Ezkerra taldea desagertu egin zen.

1993ko otsailean EE talde mistoko legebiltzarkideak talde mistoan jarraitzea erabaki zuen, baina independente modura.

Presidentea: Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 22 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 12 eserleku.
Herri Batasuna: 11 eserleku.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra: 11 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 8 eserleku.
Ezker Batua-Izquierda Unida-Berdeak: 6 eserleku.
Foralista Alavés: 5 eserleku.

1997ko azaroan Foralista Alavés taldeko kide bat Foralistas Demócratas talde mistora pasa zen.

Presidentea: Juan Maria Atutxa Mendiola.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 21 eserleku.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra: 16 eserleku.
Euskal Herritarrok: 14 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 14 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 6 eserleku.
Mistoa-Ezker Batua-Izquierda Unida-Berdeak: 2 eserleku.
Mistoa-Foralistas Alaveses: 2 eserleku.

Presidentea: Juan Maria Atutxa Mendiola.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 25 eserleku.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra: 19 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 13 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 8 eserleku.
Euskal Herritarrok: 7 eserleku.
Mistoa-Ezker Batua-Izquierda Unida-Berdeak: 3 eserleku.

2002ko urtarrilean legebiltzarkide batek Eusko Alkartasuna utzi zuen eta Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos taldera pasa zen.

2004ko apirilean legebiltzarkide batek Popular Vasco-Eusko Talde Popularra utzi eta talde mistora pasa zen. Hala, azpitalde berri bat sortu zen, Unidad Alavesa alderdiari zegokiona.

Euskal Herritarrok taldeak izena aldatu behar izan zuen bi aldiz. 2001eko uztailean Batasuna izena hartu zuen eta 2002ko apiriletik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sozialista Abertzaleak (ABGSA) izenez ezagutzen zen.

Ezker Batua-Izquierda Unida-Berdeak talde mistoak ere izena aldatu zuen eta 2004ko uztailetik aurrera Ezker Batua-Berdeak talde misto gisa ezagutzen da.

Azpimarragarria da legealdi horretan zehar Gorte Nagusietan Alderdi Politikoen ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoa onartu zela. Horren ondorioz Batasuna, Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok taldeak desagertu egin ziren. Auzitegi Gorenaren Botere Judizialaren Lege Organikoko 61. artikuluari buruzko Areto Bereziak sententzia eman zuen eta hura gauzatzearen ondorioz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Sozialista Abertzaleak (ABGSA) legebiltzar-taldea desagertzea adostu zen. Erabaki hark zalaparta juridiko handi samarra sorrarazi zuen organo judizialaren eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren artean. Zalaparta horren erdian, Legebiltzarreko hiru mahaikideren aurako zigor-prozesua zabaldu zen, Zigor Kodeko 410. artikuluaren desobeditze-delitua leporatuta. Juan Maria Atutxa presidentea, Gorka Knörr lehen presidenteordea eta Kontxi Bilbao bigarren idazkaria izan ziren auzipetuak. Prozesua 2008ko apirilaren 8an Auzitegi Goreneko 2. aretoak emandako sententziarekin ebatzi zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiaren bigarren absolbitze-epaia bertan behera uzten zuena. Ondorioz, mahaikideei bi urteko desgaikuntza-zigorra ezarri zitzaien.

Presidentea: Izaskun Bilbao Barandica.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 21 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 18 eserleku.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra: 15 eserleku.
Ezker Abertzalea: 9 eserleku.
Eusko Alkartasuna: 8 eserleku.
Mistoa-Ezker Batua-Berdeak: 3 eserleku.
Mistoa-Aralar: eserleku bat.

2006ko otsailean legebiltzarkide batek Eusko Alkartasuna utzi zuen eta Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos taldera pasa zen.

Presidentea: Arantza Quiroga Cia.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos: 30 eserleku.
Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos: 25 eserleku.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra: 13 eserleku.
Aralar: 4 eserleku.
Mistoa-Ezker Batua-Berdeak: eserleku bat.
Mistoa-Eusko Alkartasuna: eserleku bat.
Mistoa-UPyD: eserleku bat.

Zortzigarren legealdiari zegokion ganbera desagertu baino lehentxeago ganberaren Araudi berria onartu zen, indarrean 2008ko abenduaren 30ean jarri zena. Testu berrian (24.1 artikulua) hainbat berrikuntza barneratu ziren, esate baterako, ordutik nahikoa izango zen 3 ordezkari izatea legebiltzar-taldea osatzeko (ordura arte ezinbestekoa zen talde batek 5 ordezkari izatea). Horri esker, Aralar alderdiak legebiltzar-taldea osatu ahal izan zuen, 4 hautetsi baitzituen.