Pintoreak

Olasagasti Irigoyen, Jesus

Gipuzkoar margolaria. Donostian jaio zen, 1907ko abenduaren 20an, eta jaiotza-hirian hil, 1955eko abuztuaren 5ean.

Ascensio Martiarenaren, Julian Tellaecheren eta Daniel Vazquezen ikasle aurreratua izan zen. Euskal Herrian jaiotako erretratugile ospetsuenetako bat da. Emakumeen erretratuetan espezializatu zen. Italian zehar bidaiatu zuen, pinturaren eta eskulturaren maisu handienen datuak eta irakaskuntzak bilduz. Erretratuekin batera, natura hil eta paisaia ugari egin zituen. Honako erakusketa hauetan parte hartu zuen: Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketa (Donostian, 1922an, 1923an eta 1925ean); Euskal Artisten Elkartearen erakusketa (Bilbon, 1926an); Madrilgo Arte Ederretako Erakusketa Nazionala (1926an), Retrato de las señoras de Olasagasti eta Bodegón obrekin; Aste Santuko Erakusketa (Donostian, 1918an eta 1952an) eta Arte Aretoa (Bilbon, 1946an eta 1947an). Halaber, I Bienal Hispanoamericana de Arte erakusketan parte hartu zuen, 1951n.

Obrarik nabarmenenak: Las hermanas, Guitarristas y Bodegón, y los retratos de Señor Tejada, Don Pascual Martín, Dr. Sansinena, Arquitecto Labayen, Poeta Manuel Díez Crespo y Señora eta Las Tías.

Kritikarien iritzia:

Lozoyako markesak honela ikusten zuen:

"Artista hau -zeinaren falta bihotzez sentitzen dugun- Alfontso XIII.aren erregealdiko euskal margolarien belaunaldi oparo horren ostekoa izan arren, haiekin estu lotuta zegoen, eta esan daiteke haien oinordekorik onena dela.(...) Izan ere, haiekin komunean ditu marrazkiaren irmotasuna eta kolore-sortaren soiltasuna, kolore-ñabardurarik finenak leunki hedatzen dituena. Gure garaiko erretratugilerik onenetakoa izan da. Erretratuetan, sarritan modu bikainean lortzen du modeloaren sekretua bereganatzearen eta begiradaren sakontasuna edo keinuaren ñabardurak islatzearen arteko puntua (...). Iraganeko espainiar margotik, Goyaren azken aroaren oroitzapenak baino ez zituen, margolariak laurogei urterekin Bordelen pinturako arazorik konplexuenak ebazten zituen garaikoak, hain zuzen ere. Eta, ziurrenik, Goyaren oroitzapena ere ez zen zuzenekoa, frantses post-inpresionisten bidez jasotakoa baizik" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Jose Camon Aznar:

"Jesus Olasagastiren erretratuetan, armonia suabea dago nortasuna adieraztearen eta agerian uztearen artean, bertsio psikologikorik finenak ahalbidetzen dituzten kolore atseginei eta lurrintsuei esker. Jesus Olasagastik bi jarrerak hobetzen ditu: alde batetik, antzekotasuna, objektibotasun zorrotzenarekin, eta, bestetik, intonazio mamitsuak eta argiak, erretratatua modu errealistan islatzeari kalterik egin gabe" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

M. Sanchez-Camargo:

"Olasagasti pinturaren penitentea izan zen. "Ismo" guztiak ezagutu zituen, eta gogoz eta pasioz landu. Gero, bizitzak erretratuetara eraman zuen" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Mario Angel Marrodan, (Bilbo, 1974):

"Olasagastiren gairik tipikoena eta bereizgarriena erretratua izan zen, eta horren bidez, edertasun plastikoaren arauei animazioa eta begi garbiak erantsi zizkion. Pertsonaiaren tonika horren pean, eraketaren presentzia trebeziaz margotu eta lantzeaz gain, giza arimaren une lirikoa islatu zuen, modeloaren barne adierazpena, alegia, eta, horregatik, euskal erretratugileen artean ospetsuena da. Artistak esku sinplez eta eraketa sendoz margotutako aurpegiak eta figurak -edo hobe esanda, erretratuan gauzatutako figurak- gure artean diraute, era bikainean eta sentsazio adierazkorrez gauzatutako margo arin, erakargarri eta argitsu baten barneko lerro-gailur eta adierazpen gisa. Esan daiteke pertsonaiari begiratzeko eta animo-egoera islatzeko moduak artistaren sormen-merituari oniritzia ematen diola.(...) Bidasoako margolariak koloretan aberatsagoak dira eta apaingarriagoak ere bai, baina ez horren sakonak. Olasagastik, ordea, klasizismo gehiago dauka akademikotasuna baino, batez ere eraketaren bertuteari dagokionez; baina ez ditu mihisearen argumentua eta koloreen balorazioa ahazten. Horregatik, haren margoa orekatua da, eta haren paleta, egokia. Eta benetako margolari guztietan bezala, haren pinturak oso ondo margotuta daude" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).