Literatoak

Barrutia, Pedro Ignazio (1682-1759)

Barrutiak alegoria erabili zuen maisuki, bere formazio erlijiosoa garbi utzirik, nahiz eta egileak bizimodu zibilean garatu zuen bere karrera. Eta jakina da alegoriaren bitartez publikoa doktrinatu nahi izaten zela. Horretarako Gabon gaueko pertsonaiak jarri zituen Barrutiak "lanean" baina horien inguruan beste asko ere, sinboliko eta abstraktuak eta orduko Arrasateko gizarte txikian ospetsu ziren banaka batzuk. Abstrakzio horiek ziren, XVIII. gizaldiko pentsamoldearentzat emakume eta gizonen ekintza higiarazten eta zuzentzen zutenak. Erdi Aroko antzerkiaren sustraietatik iristen zen Barrutiarengana estilo propioa.

Pedro Ignacio de Barrutiak, Arrasateko eskribaua XVIII. mendearen lehen erdiko zati handian, erresorte dramatikoak ezagutzen zituen. Eta alegoriaren bitartez pertsonaien psikologian eragiten du, beti helburu konkretu batekin: mezua -Jesusen jaiotzak gizakien salbamena adierazten du- garbi uzteko errepresentazioaren hartzaileentzat. Umorea eta seriotasuna uztartuz, gatazka metafisikoan bidea erakutsi nahian dihardu Barrutiak denbora osoan. Antzerki modeloak ahalbidetutako bitarteko guztiak jartzen ditu taula gainean.

Antzezpena herritarrek eurek burutzeko idatzi zuen Barrutiak, Erdi Aroko garaietan bezala. Bera ere ez da, noski, antzerkiko profesionala, ezta literaturakoa ere. Zaletasunak bultzatuta, nonbait, idatzi zuen "Actto para la Noche Buena". Eta obra eszenifikatzeko arrasatear garaikideen laguntzaz baliatu ez ezik balizko publikoa ere herrikidea izango zela eduki zuen garbi egileak lehen hitzetatik.

Barrutiak koroa erabiltzen du sarritan, eta musika. Horrek guztiak gorputz luzea ematen dio lanari. Gaurko ikuspegitik aztertuta "Actto para la Noche Buena" antzezpena luzeegia gertatzen da. Denborak eta espazioak balio gutxi zuten sasoi haietan eta are gutxiago neurtzen ziren alegorien erabilpenean. Orijinalaren irakurketatik uler daiteke antzezleen eta ikusleen artean halako konplizitate zuzena ematen zela, nortzuk ziren nor antzematea espektakuluaren beste erakarpen bat balitz bezala.

Barrutia, egile bezala, idatzi zituen argumentuaren eta pertsonaien atzean ezkutatzen da. Eta pertsonaien artean Barrutiak garaiko antzerkian ohikoak zirenak hautatzen ditu bere obrarako. Eta, adibidez, barregarri bati ematen dio betebehar garrantzi bat argumentuan, eszena desberdinen arteko lokarri gisa darabilena. Edota morroi kritikoa, soldadu/pregoilari harroputza eta beste batzuk, XV-XVIII. mendeetako antzez lanetan usu agertzen zirenak. Noizean behin obran zehar oharrak sartu zituen, eszenatokiak nolakoa izan behar zuen eta antzezleak nola mugitu behar ziren adieraziz.