Literatoak

Osa Unamuno, Eusebio

Pentsalari, idazle, eragile eta ekintzailea. Bergarako Elorregi auzoan jaio zen 1936ko martxoaren 27an eta 1993ko otsailaren 22an hil zen Gasteizen.

Aiherdi Sakona baserrian jaio eta hazi zen Eusebio Osa eta bertako lanetan laguntzen zuen ahal zuenetan. Txikitan baina, bronkioetatik gaixorik egon zen sarritan. Ikasketak Bergarako San Prudentzio auzoko eskolan hasi zituen, handik Arrasateko San Viator ikastetxera gero, eta Oñatiko agustindarren etxera hamaika urte zituenean; bertan egin zituen apaiz ikasketak. Horrez gainera, Erein aldizkaria sortu zuten agustindarrek urte haietan, eta bertan parte hartzen zuen Eusebiok; bere lanak hainbat ezizenez sinatzen zituen: Sakona, O'tar E.k, Osa'tar Euxebi... Oñatiko urte haietan Vatikanoko II. Kontzilioa bultzatu zen eta oro har, berrikuntza ailegatu zen elizara eta horren testigu izan zen bergararra.

Ebakuntza larri bat egin zioten 1960an Donostian eta birika zati bat kendu. Bere osasunarentzako beste klima bat hobea izango zelakoan, 1962tik 1964ra Haron bizi izan zen eta filosofia eskolak ematen zituen bertan. Pello Anduaga agustindarrak Bidegileak lanean hala deskribatzen du garai hartako Eusebio:

"Kantuan ere ona zen. Bakarlari jarduten zuen agustindarretan geundenean. Sermoilari trebea zela ere gogoan dut. Gainera, inork baino hobeto ezagutzen zuen euskara; landua zuen."

Oñatiko agustindarretan zebiltzan 30 gaztek Gasteizera lekualdatzea eskatu zuten, unibertsitatean sartu nahi baitzuten, titulu baten jabe izateko; 1967an gazte horien ardura Eusebio Osa berak hartu zuen eta Arabako hiriburuan haien ondoan egon zen beti, baita apaiz izateari utzi nahi ziotela edota fabrikan lan egin nahi zutela esatean. Bakoitzak bere bidea topatu behar du! esaten zien.

Euskararekin identifikatzen zen guztiz gipuzkoarra, eta Euskaltzaindiak Arantzazun 1968an egin zuen bileran ere esku hartu zuen. Bestalde, Gasteizen euskararen alde zebiltzan pertsonak Erreparadorak mojen elizan euskaraz ematen ziren liturgietan elkartzen ziren, eta tartean egoten zen bergararra. Gainera, Arabako hiriburuan euskara eskolak ematen hasiak zeuden besteen artean, Andoni Urrestarazu Umandi eta Izaskun Arrue eta Osak ere egiteko horri heldu zion, inguruko herrietan jardunez. Oñatibiaren Metodo de Euskera Radiofónico erabiltzeaz gainera, Osak berak sorturiko alfabetatze eta euskalduntzeko langaiak (irakurgaiak eta ariketak) ere baliatu zituen.

Oñatiko ETEO ikastetxean euskara ikastaro trinko bi egin zituzten 1970eko udan, eta Eusebio Osa izan zen irakaslea. Urtebete beranduago, Araotzen apaizgai gazte batzuek hilabeteko ikastaro trinkoa egin zuten; agintariek jakin zuten eta guardia zibilak atxilotu zituen apaizgaiak, bai eta haien arduraduna zen Elorregiko semea ere.

1971an Raimundo Olabide ikastolan zebilen lanean, gau-eskolak ematen zituen, baina 1972an kaleratu zuten, besteen artean, uste baitzuen ikastolak ez zirela erlijio sinesmena lantzeko lekurik aproposenak. Garai gogorrak izan ziren berarentzako, baina laguntza eduki zuen aurrera egiteko, tartean, gerora bere emazte izango zen Arantxa Uribarriren gurasoena, eta haien etxean bizitzen ipini zen. Arantxak berak horrela gogoratzen du garai hura Bidegileak lanean:

"Goizetik gauera, persona non grata izendatu zuten. Ateo zela, komunista zela, eta nik al dakit zer!"

Pedagogia eta gizartea lana argitaratu zuen 1972an eta urte berean, Jakin aldizkarian Gure Ikastola idatzi zuen. Eliza ofizialarekiko lotura hautsi zuen eta 1973an ezkontzeko erabakia hartu; halere, ez zuen albo batera utzi bere fedea. Elurra izeneko literatura lan bat ere publikatu zuen 1973an.

1974 eta 1979 urte bitartean Gasteizko Sanchiz Bueno enpresan hasi zen lanean; urte horietan gau-eskolatan ematen zituen klaseak eta idazten jarraitu zuen, Jakin, Zeruko Argia, Jesus'en Biotzaren Deya, Anaitasuna zein Olertin. 1975ean Dialektikaz eta kulturaz lana ere kaleratu zuen.

Espainiak eta Ekuadorrek titulu akademikoak baliokidetzeko zeukaten hitzarmen bat aprobetxatuz, 1979an emaztearekin joan zen Atlantikoaz bestaldera, eta Filosofian lizentziatu zen PUCEn (Pontificia Universidad Católica de Ecuador). Euskal Herrira 1980an itzuli zen eta Gasteizko Irakasle Eskolan hasi zen beharrean, euskara departamentuan; Euskararen Morfosintaxia eta Euskal Dialektologiako eskolak ematen zituen. Unibertsitateko irakaslea zen garaian, zenbait aldizkari espezializatutan lan batzuk publikatu zituen, Tantak pedagogia agerkarian, edo ASJU zein Euskera agerkarietan.

Amerikako Estatu Batuetara joan zen 1986an beka bati esker, eta Renoko Unibertsitateko (Nevada) Basque Studies Programen hilabete eta erdi egin zuen. Berriro bueltatu zen 1989an Renora, eta sei hilabetetako egonaldia egin zuen, tesia egiteko proiektu bat aurkeztu eta Madrilgo Hezkuntza Ministeriotik eskuratutako beka bati esker. Euskararen hitzordena: komunikazio zereginaren arauera izenarekin kaleratu zuen emaitza 1990an, eta Azkue ikerketa saria irabazi zuen.

Egin eta Deian kolaborazio lanak egiten zituen tarteka; Egunkaria Sortzen proiektuko sustatzaileetariko bat izan zen, eta gero, Euskaldunon Egunkarian zutabe bat eduki zuen.