Dantza

Soka-dantza

Soka-dantza izen generikoa da: izen honekin ezagutzen da Euskal herrian historian zehar gehien dantzatu den dantza soziala. Izena aski egokia da, dantzariek, banaka edo bikoteka, lerro, kate edo soka bat osatzen baitute ia dantza osoaren zehar. Gaur egun aurresku izenarekin ezagutzen dena soka-dantza hauen zati bat zen, azken urteotan bizitza propioa hartu duena. Hain zabalduta eta eginda izanik, logikoa da izen ezberdin asko jasotzea. Historian zehar, adibidez, karrika-dantza, gizon-dantza, esku-dantza, dantza-soka eta jakina, aurresku erabili izan dira maiz. Gaur egun, bakarrik Nafarroan gaur egun dantzatzen direnen artean aipa ditzakegu: Ingurutxo Leitzan, Iribasen, Utzin, Allin eta Auritzen; Soka-dantza Baztanen, Zortzikoa Altsasun, Ziordian eta Uharte Arakilen; Giza-dantza Urdianen; Alkate-dantza Lakuntzan, Trapatan Donezteben, Ttun-ttun Erronkari haranan; Dantza luze Iturenen; Inguruko Ultzaman; Dantzaki Etxarri Aranatzen; Larrain-dantza Erdialdean, etab. Ingurutxoak eta larrain-dantzak, dena den, aldaeratzat jo ditzakegu haien egitura bereziagatik.

Dantza honen arbasoak gutxienez Erdi Aroan aurki daitezke Europa osoan, bereziki bi aldaera ezberdinetan: batetik carola, klase sozial guztiek abestuta eta dantzatuta batera, non gero aipatu behar ditugun zubiak, adibidez, egiten ziren; bestetik dantza, klase altuek eginda eta, jakina, protokolo handiagoz (Brainard, s.f.). Ez dakigu, jakina, euskal soka-dantzak eredu hauek segitzen dituzten, berezko eboluzioak edo erabat berezkoak diren, eta gauza bera esan daiteke Euskal Herrian dagoen garai honetako ikonografiaz, hala nola Iruñako Katedralekoaz.

Hainbeste aldaera kontuan izanik zaila bada ere, soka-dantza honen eskema saiatuko naiz azaltzen: Gizonezkoek gehien bat (edota emakumezkoek beste batzuetan, eta orduan generoen paperak alderantzizkoak dira) lerro -edo soka, noski- bat osatzen dute, elkarri zuzenean eskuen edo zapien bidez lotuta, erlojuaren kontrako noranzkoan inguru ireki bat egiten dute astiro ibiliz. Mugimendua gelditu gabe, lehen dantzariak -askotan aurreskua izena jasotzen duenak- dantza solo bat egiten du. Horren ondoren, zubi bat egiten da: dantzari guztiak, alegia, lehen eta bigarren dantzarien eskuz egindako zubiaren behetik pasatzen dira.

Hori eginda, soka gelditzen da. Aurreskua eta atzeskua (izen hau azken dantzariak jasotzen baitu normalean) erdira jotzen dute eta bata bestearean aurrean beste dantza bat (batzuetan aurrez-aurre izena jasotzen duena) egiten dute. Horren ondoren, beste zubi bat egiten da, kasu honetan azken bi dantzariek osatuta. Tartean, beste bi sokakidek (dantza-zerbitzaileak edo antzeko izenak dituztenak) dantzan parte hartuko duten andreen bila joaten dira. Horietako lehenaren aurrean geldituko da soka, eta aurreskuak bere aurrean dantzatzen du. Gauza bera errepikatzen da atzeskuarekin. Agian beste aurrez-aurre baten ondoren, soka osoak (andreak behin sarturik) beste bi zubi egiten ditu, lehen egindako moduan berriro. Esteka hau jarraituz gero, azaltzeko hain luzea den hau guztia ikus daiteke oso egokiak diren bideo batzuekin. Elgoibarreko aldaerari dagozkio.

Orain, agian izango dugu berriro bi dantzari nagusien arteko beste dantza bat, edo, maizago, dantzaren alde sozialena, benetako dantza sozialak: gaur egun ia beti fandangoa eta arin-arina, biribilketa batekin bukatuz. Orokorrean, esan daiteke lehen zati protokolozkoagoa dela, eta bigarrena sozialagoa. Hori guztia, jakina, nork, nortzuk, non eta noiz dantzatzen zen eta horrela.