Kontzeptua

Errepublikanismoa Euskal Herrian

Euskal Herriko probintzia bakoitzean bilakaera ezberdina izan zuen. Espainian bezala, euskal probintzietan ere 1868ko Iraultzaren ostean hasi ziren errepublikanoak plaza publikoan agertzen, modernitatearen eta sufragio unibertsalaren eskaeren artean. Beraz, errepublikanismoa modernitatearekin eta industrializazioarekin lotuta agertu den fenomenoa izaki, hiri handietan eta industria garatu zen herrietan geratu dira errepublikanismoaren aztarna nagusiak.

Arabako errepublikanismoaren antolakuntza oso eskasa izan zen eta, batez ere hiriburura, Gasteiz, mugatu zen. Antonio Riveraren arabera, besteak beste erlijioaren presentziaren eta mugimendu eskuindarren indarraren ondorioz, Gasteizko ezkerreko mugimendu politikoek joera "moderatua" erakutsi zuten.

  • Seiurteko Demokratikoa

I. Errepublika aurretik, Gasteizko errepublikanismoaren ordezkari nagusiak Ricardo Becerro de Bengoa, Daniel Arrese eta Fermin Herran izan ziren. Lehendabiziko biak, Eibarko paktu federalaren ostean sortu zen Laurac-bat egunkarian (1869) Arabako ordezkariak izan ziren. 1870ean ospatu zen Estatuko federalen II. Asanbladan Arabako ordezkariak Pedro Martinez de la Hidalguia eta Pablo Martinez izan ziren.

  • Berrezarkuntza

I. Errepublikaren esperientzia traumatikoaren ostean, 1880ko hamarkadan hasi ziren berriro errepublikanoak antolatzen eta 1881ean Gasteizko Zentro Errepublikarra eta El Democrata Alaves egunkaria sortu zuten.

Errepublikanoen buruzagiak Arabako elite ekonomiko eta sozialeko kideak baziren ere, gizonezkoen sufragio unibertsala ezartzearekin, errepublikanoek Gasteizko oinarri soziala mugiaraztea lortu zuten, batez ere artisau, langile eta gazteak. Karlismoari aurre egiteko ezinbestekoa zen jendea erakarri eta probintzia mailako antolamendua osatzea, eta hala, bi talde nagusi sortu ziren, Partidu Errepublikano Historikoa eta Partidu Errepublikano Progresista, azken hau Ruiz Zorrillaren hurbilekoa. Baina guztien artean Becerro de Bengoa (hasieran foruzalea eta gero Zorrillaren aldekoa) nabarmentzen zen eta errepublikano guztien eta liberalen batasuna lortzeko gai izan zen.

Handik urte betera Becerro de Bengoak berak, Herranek eta Julian Apraizek, Vascongadetako Batasun Errepublikarra sortu zuten, Arabako errepublikanismoa batzeko. Riveraren ustetan, mugimendu honek mesede egin zien errepublikarrei, liberalekin zuten koalizioan bigarren mailan geratzen zirelako; handik aurrera, errepublikarrak izan ziren euren partidura liberalak erakarri zituztenak.

1909an Arabako Batasun Errepublikar Autonomoa sortu zen, beste behin, antolatu gabe zeuden errepublikanoak erakartzeko eta liberalekin harremanak hurbiltzeko. Ez ziren errepublikarren barne arazoak apaldu ordea eta 1911an, Estatu mailan errepublikarrek sozialistekin lortu zuten batasunaren ostean, batasun horren aldekoen eta aurkakoen arteko zatiketa eman zen. 1913an batuko ziren berriro errepublikar guztiak, eta hauen buruzagitzapean liberalak eta sozialistak batuko ziren, hauteskunde probintzialetan emaitza onak lortzeko. Urte hartako azaroko udal hauteskundeen ostean, errepublikanoak sozialistengandik banatu ziren, II. Errepublika arte gehiago ez batzeko, eta gainbeheran joan ziren.

Primo de Riveraren diktaduran, Arabako errepublikarrak I. Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrenak ospatzera mugatu ziren. 1928 eta 1929an hasi ziren berriro berrantolatzen.

  • Hauteskundeak

XX. mendearen lehendabiziko bi hamarkadetan, Gasteizko Udalean bigarren indarra izan zen errepublikanismoa; denbora tarte horretan aukeratu ziren zinegotzien %30a errepublikanoa izan zen. Denbora tarte zabalagoa hartuta, 1890etik 1923ra arte, Gasteizko Udalean parte hartu zuten zinegotzien %23a izan zen errepublikanoa. 1903an errepublikanoen eta sozialisten koaliziotik 9 zinegotzi atera ziren, 1905ean 4, 1909an 4, 1911an 4 eta 1913an 6.

Baina bai Gorteetarako nahiz Diputaziorako hauteskundeetan, karlistek indar handia erakutsi zuten. Nafarroako Diputazioan bezala, Arabakoan ere gehiengoa lortu zuten hauek. 1931 arte Arabako Diputazioan bildu ziren errepublikanoen ordezkaritza oso txikia izan zen, aurrez aipatu probintzia mailan kontserbadoreek, karlistek eta integristek eta liberal monarkikoek zuten indarraren ondorioz.

Gorteetarako hauteskundeei dagokienean, Becerro de Bengoa 1886tik 1900 bitartean lau aldiz aukeratu zuten ordezkari. 1905 eta 1907an Aniceto Llorentek lortu zuen Gorteetara joatea eta 1920 eta 1923ko hauteskundeetan, Enrique Ocio Lopez de Haro errepublikano epelak Laguardiako barrutian hauteskundeak irabazi zituen.

  • II. Errepublika

Arabar errepublikanismoa berandu hasi zen antolatzen eta 1931ko udara arte Arabar Partidu Errepublikarrean bilduta jarraitu zuen. Enbor bakar honetatik elementu ezberdinak banatzen hasi ziren orduan, partidu errepublikar berriak sortzeko.

Errepublikaren aldarrikapenaren ostean lehendabizi antolatu zen partidua, Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista (PRRS) izan zen. Arabar partidu errepublikarrik garrantzitsuena izan zela esan daiteke. 1933ean PRRSk zortzi talde eta 1300 bazkide inguru zituen probintzian. Errepublikanismoaren barnean ideologiarik ezkertiarrena defendatu zuen. 1933 eta 1934 artean, Estatu mailako partiduan gertatu zen banaketaren ondorioz, arabar errepublikarrak Marcelino Domingoren jarraitzaileen eta Gordon Ordas artean banatu ziren; independenteak lehenak eta ortodoxoak besteak, independenteek eraman zuten PRRS zaharreko kideen gehiengoa, ortodoxoek bilakaera ahulagoa izan zutelarik. 1934an independenteak Ezker Errepublikarrera igaro ziren, Ekintza Errepublikarra eta Partidu Errepublikar Autonomoarekin batera.

Partidu Errepublikar Erradikala 1932aren hastapenetan antolatu zen Gasteizen. 1933an 18 komite izatera iritsi zen, gehienak Gasteizen, Arabar Errioxan eta Ebro Erriberan pilatuak. Bere militanteen artean probintziako errepublikano zaharrak nahiz monarkikoetatik eratorritako errepublikar hasi-berriak bildu ziren. Honek, partiduaren barnean liskar ugari eragin zituen eta errepublikanismo arabarraren plano ideologikoan partidua eskuinean kolokatu zuen. Barne arazoen nahiz Estatu mailan Alejandro Lerrouxen eskandaluek sortutako krisiaren ondorioz 1935.urtean zehar deuseztatzen joan zen.

1931an Arabar Partidu Errepublikarra Partidu Errepublikar Autonomoa izatera pasa zen, eta bertan jarraitu zuten gainontzeko partiduetara batu ez ziren errepublikarrek. Bere ezarpena Gasteiza mugatu zen bakarrik eta jarraitzaile gutxi izan zituen. Bere buruzagi garrantzitsuena Teodoro Gonzalez de Zarate izan zen, partiduko lehendabiziko presidentea eta II. Errepublikan Gasteizko alkatea. Ideologikoki zentro-ezkerrekoak izan ziren eta ondorioz, 1934an Ezker Errepublikarrean sartu ziren, Ekintza Errepublikarra eta PRRSarekin batera.

Ekintza Errepublikarra, Manuel Azañaren partidua, 1932ko hastapenetan antolatu zen. Ideologikoki PRRSa baino moderatuagoa izan zen eta probintzian hiru gune zehatzetan bakarrik ezarri ziren: Gasteiz, Laudio eta Laguardian. Arabar errepublikanismoaren barnean partidu txikia izan zen eta 1934an Ezkerra Errepublikarrera batu zen.

  • Seiurteko Demokratikoa

1865ean Espainiar Partidu Demokratari lotutako komisio bat antolatu zen Bilbon, El Eco Bilbaino egunkariaren inguruan. Hau izan zen errepublikanismoa indar politiko antolatu bezala plazaratu zen lehendabiziko aldia. Protoerrepublikarren ideologia batez ere klabe demokratikoan ulertutako foruen aldeko printzipioek eta Pi y Margall eta Proudhonen ideiei lotutako federalismo indartsuak osatu zuten.

1866eko ekainean San Gil kuarteleko altxamenduari O'Donell-en Gobernuak errepresio bidez emandako erantzunaren ondoren, Bizkaian, Estatuko gainontzeko lekuetan bezala, errepublikanismoa desagertu egin zen.

1868ko iraultza demokratikoaren ostean, Cosme Echevarrietak zuzendutako Bizkaiko Partidu Errepublikar Federala osatu zen. Pi y Margallen kontzepzio itunzaleak jarraituz, Euskal Herriko errepublikarrek paktu federala sinatu zuten 1869ko ekainaren 23an, Estatuko gainontzeko lekuetan egin zen eran.

1872an Bilboko Udalean lehendabiziko aldiz zinegotzi errepublikarrek aktak sinatu zituzten eta urtearen bukaeran Cosme Echevarrietak gidatuta, Gorbea inguruan, monarkiaren aurka eta Errepublika demokratiko federal baten aldeko aldarrikapenak eginez, 300 errepublikarrek matxinada antolatu zuten.

I. Errepublika ezarri ostean, II. Gerra Karlista abian zela, bilbotar errepublikarrak Udaletxearen kontrolaz jabetu ziren eta Gorte Konstituziogileetako ordezkaritza monopolizatu zuten.

I. Errepublikaren erorketa Bilboko Udaletxearen dimisioarekin batera etorri zen; ordurako, gerraren ondorioz Udala arazo ekonomikoak igarotzen ari zen, eta karlisten setioak eta errepublikarrak ez zirenek Udaletxeari zioten gero eta estimu txikiagoak, Udalarentzat oztopo handia suposatu zuten. Handik aurrera, errepublikanismoa zigortua izan zen.

  • Berrezarkuntza

1874tik aurrera, Bizkaiko politikagintza liberalen eta karlisten arteko ikusezinak baldintzatu zuen. Bilboren setioa, El Sitio elkartea eta maiatzaren 2a presente egon ziren bi talde hauen arteko lehian. Testuinguru honetan, hauteskundeetan Bilbon karlistek garaipena lortu ez zezaten errepublikarrak liberalekin koalizioan aurkeztu ziren. Koalizioak Bizkaiko hiriburuko Udalean gehiengoa lortu zuen.

Garai hartan, errepublikanismoa zatitua eta I. Errepublikako presidente bakoitzak zuzentzen zuen partidu ezberdinetan banatuta zegoen: Castelarren posibilistak, Ruiz Zorrillaren progresistak, Salmeronen zentralistak eta Pi y Margallen federalak. Bizkaian, partidu hauek euren ordezkariak izan zituzten arren, errepublikarren gehiengoa Cosme Echevarrieta buruzagi historikoaren inguruan bildu zen. Echevarrieta, 1880ko hamarkadan progresista izatetik 1890.hamarkadan, 1903an hil zen arte, Salmeronen zentralismoa defendatzera igaro zen. Hauteskundeetan erabiltzen zuen estrategia argia zen, Bilboko Komite Liberalarekin elkarlanean aritzea. Elkarlan honek, zinegotzi kopuruaren arabera liberalen atzetik bigarren indarra izatea ahalbidetu zion. Hala ere, errepublikarrek emaitzarik onenak batera eta bakarka aurkeztu zirenean lortu zituzten. 1893ko udal hauteskundeetan esaterako 10 zinegotzirekin garaipena eskuratu zuten, eta Gorteetarako hauteskundeetan ia Bilbotik ordezkari bat bidaltzea lortu zuten.

1903an garai berri bat hasi zen Bizkaiko politikagintzan. Urte horretatik aurrera, politika probintziala banatu zuen gatazka ez zen liberal/karlista binomioa izan, baizik eta ezker laikoaren eta eskuin katolikoaren arteko norgehiagoka. Liberalismo monarkikoa eta karlismoa babes txikiagoa sentitzen hasi ziren eta eskuin blokearen oinarria izango zen partidu berri bat indartsu azaleratu zen: EAJ. Banaketa politiko berria kontutan izanda, ongi berezitutako bi bloke berrantolatu zirela esan daiteke, errepublikarrak eta sozialistak alde batean eta nazionalistak eta katolikoak bestean.

1903an Estatuko Batasun Errepublikarra antolatu zen, azken bi hamarkadetan bizitako zatiketekin amaitzeko errepublikarrek partidu bakar bat osatzeko egin zuten azken saiakera izan zen. Bizkaian, errepublikarrei bizitasun berria eskaini zien honek, probintzia osoan baina batez ere ibai adarrean eta meatze guneetan komiteak sortu zirelarik. 1903ko udal hauteskundeetan lehendabiziko indar politikoa izan zen, 8 zinegotzi lortuz, eta 1905an, Federico Solaegui Mugica Bilboko barrutitik Gorteetara bidaltzea lortu zuten. Urte horretan bertan, garai politiko berriekin lotuta eta Batasun Errepublikarraren hasierako arrakastaren ondoren, bertako liberalismoarekin koalizioan joateari uko egin zioten, sozialistengana hurbilduz. 1907an ezkerreko blokea osatu zuten lehendabizi, eta 1909an ofizialki Konjuntzio Errepublikar-Sozialista eratu zuten.

Nahiz eta Estatu mailan Batasun Errepublikarra berehala apurtu, Bizkaian errepublikar gehienak bere inguruan jarraitu zuten. Hala ere, Estatuko errepublikanismoaren barne zatiketekin ezadostasun handia zegoen eta talde autonomo batean bilakatzeko aukera gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen. 1913an gertatu zen hori, Bizkaiko Partidu Errepublikar Autonomoa osatu zutenean. 1931a arte probintziako errepublikanismoa partidu honen gidaritzapean mantendu zen.

  • Hauteskundeak

Sozialistekin konjuntzioa antolatu zutenetik errepublikarren emaitzak oso ezberdinak izan ziren. 1909, 1913 eta 1915eko udal hauteskundeetan garaipen handiak lortu zituzten eta 1910, 1914 eta 1916ko hauteskunde orokorretan Horacio Echevarrieta Gorteetara bidali zuten. Gatazka sozialen garaian aldiz, eskuin katolikoak osatutako blokeak garaitu zituen. 1917an Indalecio Prietok hartu zuen konjuntzioaren buruzagitza eta handik aurrera Bizkaiko errepublikanismoa krisian sartu zen. 1923ra arte Gorteetarako ordezkaritza buruzagi sozialistaren eskuetan egon zen.

  • II. Errepublika

II. Errepublikaren ezarpenarekin Bizkaian indar politiko berriak agertu ziren eta errepublikarren partidu-sistemak aldaketak jasan zituen. Bizkaiko Partidu Errepublikar Autonomoa, ordura arteko partidu errepublikar garrantzitsuena, 1932an Manuel Azañaren Ekintza Errepublikarrean barneratu zen.

Bizkaiko bigarren indar errepublikarra Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista izan zen, 1930an agertu zena. Partidu Erradikalak azken bi hauek baino ezarpen ahulagoa lortu zuen, eta bere eragin politikoa oso txikia izan zen. Gipuzkoan bezala, beste partidu errepublikar batzuk ere sortu ziren, Eskuin Liberal Errepublikarra eta Errepublikaren Zerbitzurako Taldea esaterako, baina euren presentzia oso ahula izan zen eta berehala desagertu ziren.

1934tik aurrera Bizkaiko errepublikanoen panorama politikoa berrantolatu zen. Ekintza Errepublikarrak eta Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialistaren ezkerreko sektoretik joandako errepublikarrek (Marcelino Domingok zuzentzen zuen eta Bizkaiko erradikalen gehiengoa ordezkatzen zutenak) Ezker Errepublikarra osatu zuten. Bestalde, Batasun Errepublikarra agertu zen, erradikal-sozialisten gutxiengoak eta Partidu Erradikaletik banatutako adar batek osatuta.

II. Errepublikako partidu errepublikar guztiak ados zeuden estatutuaren inguruko prozesu bat abiarazteko ideiarekin, baina bakoitzak bere irizpide propioak zituen eta partiduen barnean ere estatutuen testuaren inguruan ezberdintasunak nabaritu ziren.

Errepublikarrek zuten prozesu autonomikoaren aldeko jarrera nazionalismoaren aurkakotasunagatik eta Euskadi errepublikartzeko saiakerengatik nabarmendu zen. Ekinbidea, autonomista sozialistek eta errepublikarrek osatutako Diputazioetako Batzorde Kudeatzailearen eskuetan egotea desio zuten, estatutuaren ezarpen prozesuak indar aurre-errepublikarrei mesede egin ziezaion. Bide batez Euskal Herria errepublikartu nahi zen, EAJren kaltetan.

Autonomiaren alde gehien egin zuten errepublikarrak Ekintza Errepublikarraren inguruan bildu ziren, Ramon Madariaga Eusko Ikaskuntzaren Estatutuaren egilearen nukleoak gidatua, eta euskal probintziei autonomia handi bat ematea ongi ikusten zuten.

Balantzaren beste aldean Partidu Erradikala zegoen, Espainiaren kontzeptu zentralizatuago batekin. Estatutuen tramitea erraztu zuen Bizkaian, jakina baitzen, Gorteetako talde parlamentarioak oztopoak jarriko zizkiola. Eta bi taldeen artean, Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista kokatu zen, Estatutuaren aldeko jarrerarekin baina zuhurtzia mantenduz eta Parlamentuan zuzenketak egiteko zain.

  • Seiurteko Demokratikoa

1868ko abenduan Tolosan Bruno Abello presidente zuen errepublikano federalen talde bat bazen. 1869ko ekainaren 23an, Estatu mailan federalek egindako deialdiari jarraikiz, Eibarren bildu ziren lau probintzietako errepublikanoak, "Eibarko Ituna" sinatzeko. Tolosa, Irun eta Eibarko errepublikarrek sinatu zuten Gipuzkoako ordezkari bezala: Justo Maria Zabala, Blas Irazusta, Felipe Iriotegui, Manuel Ezcurdia, Vicente Aguirre, Celestino Echevarria, Inocencio Ortiz de Zarate eta Jose Cruz Echeverria.

"Eibarko Ituna" sinatu eta gutxira Donostian Partidu Errepublikar Federala osatu zen. Bere kideak izan ziren, besteak beste, Jose Maria Aristizabal, Antonio Arruti, Jose Brunet, Leon Guerendiain, Bernardino Tejedor, Manuel Matheu, Agustin Mugika edo Manuel Zubillaga, eta berehala antolatu zuten egunkari federala ere, La Justicia izenekoa.

  • Berrezarkuntza

I. Errepublika ostean, lehendabiziko antolamenduak ezagutzeko, 1880.hamarkadara arte itxaron behar da. 1884an Irunen Komite Errepublikarra sortu zen eta 1885ean La Voz de Guipuzcoa egunkaria kaleratzen hasi zen Donostian, 1936 arte egunero kaleratu zena. Egunkariaren akzionistak garaiko probintziako elite ekonomiko eta soziala osatzen zuten errepublikano eta liberalak izan ziren: Francisco Goitia (akzionista nagusia, akzioen herenarekin), Benjamin Brunet, Ramon Usabiaga, Blas Escoriaza, Tomas Bermingham, Antonio Echeverria, Feliciano Echeverria, Benito Jamar, Manuel Urcola, Marcelo Garat, Guillermo Brunet, Jose Manuel Oa Amilibia eta Tomas Acha. Egunkariaren lehendabiziko alean zetorrenez, La Voz de Guipuzcoa "karlismoaren gotorleku honetan liberalen aldamenean" egongo zen beti.

1885etik mendearen bukaera arte, errepublikanismoa Gipuzkoan zatituta egon zen erabat, progresisten, posibilisten, federalen eta zentralisten artean. 1890erako "Donostian, Eibarren, Irunen eta probintziako beste puntu batzuetan" antolatuta zeuden errepublikanoak. 1892an Tolosako eta Donostiako kasino errepublikarrak sortu ziren, azken hau, batez ere Garcia Alvarez errepublikano zentralistaren ekimenez. Mendearen hasieran Liga Foral Autonomista osatu zen Donostian, eta errepublikarren arteko zatiketa eragin zuen beste behin.

1910.hamarkadan, Union Republicana eta Partidu Erradikala sozialistengana hurbilduko ziren, baina hauteskundeetan lortu zituzten emaitza txarren ondorioz hamarkadaren erdialdera, errepublikanoak berriro liberalekin koalizioa eratzeko saiakeretara itzuli ziren. Baina Primo de Riveraren diktadurak itzalpera itzularazi zituen errepublikarrak.

1930ean, "Donostiako Ituna" ospatuko zen, Donostiako Batasun Errepublikarraren egoitzan, eta besteak beste, han bildu ziren Fernando Sasiain presidentearen zuzendaritzapean, Alejandro Lerroux, Manuel Azaña, Marcelino Domingo, Alvaro Albornoz, Angel Galarza, Niceto Alcala Zamora, Miguel Maura, Manuel Carrasco, Jaime Aiguader, Macia Mallol eta Santiago Casares Quiroga. Hemen hartu ziren erabakiek baino oihartzun handiagoa izan zuen gertaerak berak, laster etortzear zen II. Errepublikaren aldarrikapena egin baitzen.

  • Hauteskundeak

Berrezarkuntza garaian, errepublikanoek ordezkari bat bidali zuten Kongresura, Francisco Zabala Villar, 1899an. Diputazioari dagokionean, mendearen hasiera arte Donostiako eta Irungo barrutietan lortu zituzten errepublikanoek ordezkari gehien, Liberalen Koalizioari esker. 1903tik 1915era arteko hauteskundeetan, Irungo barrutian aukeratu ziren ordezkari gehien (4). Donostiako barrutian hiru eta Bergaran, 2.

Udal hauteskundeetan berriz, Donostia, Irun eta Eibarren lortu zituzten zinegotzi gehien errepublikarrek. Hiru hiri hauez gain, Errenteri, Bergara edo Tolosan ordezkari errepublikarrak Udaletxeko ordezkaritzara sarri iritsi ziren, batez ere liberalekin koalizioan joan zirenean. Gipuzkoako hiriburuan, Berrezarkuntza garaian aukeratu ziren zinegotzien ia %25a errepublikanoa izan zen.

  • II. Errepublika

II. Errepublika hasieran, Gipuzkoako partidu errepublikarrak errepublikanoen batasunaren aldekoak eta autonomoak ziren, baina Rodriguez Ranzen ustetan, Errepublikak aurrera egin ahala, Gipuzkoako errepublikanismoa zatitu eta Estatu mailako partiduen "sukurtsalak" ziren partiduak sortu ziren. Gune ezberdinetako errepublikanoak, Gipuzkoako Partidu Errepublikar Probintzialean koordinatzen ziren.

1931ko uztailean, Partidu Errepublikarren Federazio Lokala sortu zen Donostian, Pasaia, Irun, Errenteri, Arrasate eta Eibarrera zabaldu zelarik berehala. Batasun Errepublikarraren barnean jarraitu zuten partidu zehatz batekin erlazionatu nahi ez zuten errepublikarrek eta urrian Batasun Errepublikar Autonomoa bilakatu zen. 1931ko hauteskunde orokorretan, Juan Usabiaga Gorteetara eramatea lortu zuten errepublikarrek, sozialistekin eta ANV -rekin egindako koalizioan.

1932ko martxoan Partidu Erradikal-Sozialista antolatu zuten Donostia, Irun, Ordizia, Hondarribi, Deba, Orio, Altza, Eibar, Arrasate, Errenteri, Pasaia eta Tolosako ordezkariek. Udan Estatu mailako zatiketen ondorioz, Donostiako Ezker Errepublikar Erradikal-Sozialista sortu zuten. 1933ko urrian, hiru talde erradikal-sozialista zeuden probintzian: Donostiako Ezker Errepublikar Erradikal-Sozialista, Donostian; Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista, Donostia, Elgoibar eta Irunen; eta Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista Independentea, Donostia, Irun, Elgoibar, Eibar, Errenteri eta Arrasaten. Atomizazio honen ondorioz, eragin politiko urria izan zuten.

Federalak 1931an Batasun Errepublikarretik Partidu Errepublikarren Federaziora aldatu ziren eta 1934an Euskal Ezker Federala sortu zuten, baina ordezkari publikoak aukeratzeko orduan, emaitza txarrak lortu zituzten.

Ekintza Errepublikarra 1932ko azaroan antolatu zen probintzian, aurreko apirilean Donostiara Estatuko ordezkariek egindako bisitaren harira. Antolamendu berantiarra eta geografikoki esparru txikia bete zuen, baina bere eragin politikoa nahiko handia izan zen, bertan bildu baitziren Batasun Errepublikar Autonomoko gehienak. 1934ko martxoan desagertu zen kide gehienak Ezker Errepublikarrera igaroz.

Probintziako Zentro Errepublikarren Federazioa desagertzearen eta Partidu Erradikalak eskuinera hartutako norabidearen ondorioz, 1934ko martxoan, Ezker Errepublikarra eratu zen. 24 herritara zabaldu zen eta sorkuntzan, Ekimen Errepublikarrak, Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialistak eta batez ere, ezkerreko zenbait errepublikanok hartu zuten parte. Estatu mailako partiduarekin programa eta ideologiak konpartitu zituen, baina euskal arazoetan autonomia izan zuela uste du Rodriguez Ranzek. 1936an, Frente Popularra eratu zen Gipuzkoan ere, eta errepublikar nafar bat eraman zuten Gorteetara: Mariano Anso Zunzarren.

  • Seiurteko Demokratikoa

Errepublikanismoak euskal probintzietatik Nafarroan izan zuen ezarpen txikiena. 1869ko "Eibarko Itunera" Iruñetik eta Tuteratik Nafarroako ordezkaritza joan zen: Ignacio Aztarain, Antonio Velasco, Jose Lorente, Felix Utray, Baldomero Navascues, Pedro Fraizu eta Julian Garay.

  • Berrezarkuntza

I. Errepublikaren esperientzia traumatikoaren ostean, 1880.hamarkadan errepublikar autonomistak, zorrillistak eta federalak zatituta zeuden Nafarroan. Zorrillisten artean Basilio Lacort zen pertsonaia esanguratsuena, baina federalek probintzian ezarpen handiagoa lortu zuten. 1881ean Tuteran erregistratu zen Nafarroako Berrezarkuntza garaiko lehendabiziko zentro errepublikarra eta bere sorrerako manifestuak, Juan Burgaleta eta Eusebio Sanchezek sinatua, Nafar Partidu Errepublikar Federal Demokratikoa sortzeko balio izan zuen. 1881ean Iruñeko Komite Errepublikarra eratu zen. Estatu mailako gainontzeko errepublikanoengandik ezberdintasun bat markatu nahi izan zuten: Estatuko errepublikarrek Frantziarekiko zuten miresmenaren ordez, Amerikar Estatu Batuetako Errepublika Federala izan zen euren eredua, han erlijio eskubideak gehiago errespetatzen zirelako.

1883an "Nafarroako Etorkizuneko Konstituzioa" idatzi zuten Tuteran. Serafin Olave izan zen aipatu konstituzioaren aita. Cesar Layanaren arabera, Nafarroako errepublikanoen ezaugarri erlijiosoa Olaveri esker nabarmendu zen, eta bere heriotzaren ostean (1884), probintziako errepublikanismoaren beherakada hasi zen, urte batzuk iraun zituelarik.

1898an Basilio Lacortek El Porvenir Navarro astekari errepublikarra sortu zuen, zeinak langile klasearekin lotura estutuko zituen eta Nafarroako ordena erlijiosoen eta elizgizonen aurkako idatziak kaleratu ziren. Ondorioz, Basilio Lacort elizatik kanporatua izan zen eta 1900eko azaroan egunkaria itxi zuten.

Mende aldaketarekin, Nafarroako errepublikanismoak langile klasearengana hurbiltzen jarraitu zuen. Virtoren ustetan, Iruñeko Elkarte Errepublikarrak Estatuko korronte federalei jarraikiz, federalismoaren mesedetan langileria erakartzeko erabakia hartu zuen. 1904an esaterako, Iruñean bertan, Iruñeko Langileen Elkarte Errepublikarra eratu zuten. 1911ko hauteskundeen ostean, berriro Nafarroako errepublikanismoaren gainbehera hasi zen.

Iruñea eta Tuteraz gain, Nafarroan era guztietako errepublikanoak zeudela jakina da, progresistak, federalak, erradikalak edo erreformistak, baina antolamendu ahulak osatu zituzten. Horren adibide dira, Altsasuko Fusio Errepublikarra, Valtierrako Batasun Errepublikarraren Zentroa (1903), Vianako Batasun Errepublikarraren Kasinoa (1912), Ablitaseko Zentro Errepublikarra (1917 aurretik) eta Korteskoa (1919).

Primo de Riveraren diktaduraren lehendabiziko urteetan lozorroan egon ostean, Nafarroako errepublikanoen berpizkundea 1920.hamarkadako bigarren zatian hasi zen. 1926an Estatu mailan antolatu zen Aliantza Errepublikarra delakoari, Nafarroako Partidu Errepublikar Autonomoak, Tuterako Partidu Errepublikarrak eta Kortesko Zentro Errepublikar-Sozialistak bere atxikimendua eman zioten. 1930ean diktadura osteko lehendabiziko prentsa organoak kaleratu zituzten, hala nola, Iruñeako La Republica edo Tuterako Hoy.

  • Hauteskundeak

1873an ospatu ziren hauteskunde orokorretan, errepublikarrek II. Errepublika arte Gorteetan izan zituzten ordezkari bakarrak aukeratu zituzten. Besteak beste, Francisco Niceto Huder San Roman eta Serafin Olave (1872an eta 1873an) izan ziren hautetsiak. II. Errepublika arte, errepublikarrek Diputazioan ez zuten ordezkaririk izan.

Udal hauteskundeei dagokienean, nahiz eta Iruñeko Udala karlisten feudoa izan, errepublikanoak 1915ra arte ia etengabe egon ziren zinegotzi postuetan. Berrezarkuntza garaian, errepublikanoak zinegotzi kopuruaren arabera bigarren indarra izan ziren Iruñeko Udaletxean. Guztira, 33 zinegotzi eraman zituzten Udalera, eta horietatik bi, Agustin Blasco Mitxelena eta Jabier Arbizu Gorriz Iruñeko alkate izatera iritsi ziren.

  • II. Errepublika

Errepublikaren aldarrikapenaren ostean Nafarroako errepublikanismoa loratzen hasi zen eta 1931ko udan, Primo de Riveraren erorketatik jada existitzen ziren komite errepublikarrei komite berriak batu zitzaizkien.

Partidu Errepublikar Erradikalak 1932ko hasieran ekin zion bideari. Bere eragina oso txikia izan zen eta hauteskundeetan ez zuen emaitza aipagarririk lortu. Bere komiteak batez ere Tutera, Lizarra eta Tafallan antolatu ziren. Partidu hau eskuineko errepublikar bezala taxutu zen.

Nafar errepublikarren artean ezkerreren kokatu zen partidua Partidu Errepublikar Erradikal-Sozialista (PRRS) izan zen. 1931an hasi zen antolatzen eta 1933rako 17 komite lokal izatera iritsi zen, gehienak probintziaren hegoaldean, Nafarroa Erriberan. 1933an Estatu mailako partiduan eman zen independente eta ortodoxoen arteko banaketaren ondorioz, nafar erradikal-sozialistek Gordon Ordasek zuzendutako ortodoxoen pausuak jarraitu zituzten. Ondoren, 1935ean nafar erradikal-sozialistak Batasun Errepublikarrean sartu ziren, Diego Martinez Barriok zuzendutako demokratekin batera. Baina Batasun Errepublikarra Nafarroan oso gutxi barneratu zen eta 7 komite lokal bakarrik ireki zituzten. Hau, PRRS zaharreko komite lokal gehienak Ezker Errepublikarrera igaro izanagatik gertatu zen.

Manuel Azañaren Ekintza Errepublikarra 1932an hasi zen Nafarroan zabaltzen, eta 1933rako 18 talde antolatu ziren probintzia osoan zehar, nahiz eta eragin gehien Nafarroa Erriberan izan zuen. Hala ere, indar politiko minoritarioa izan zen. Gehien nabarmendu ziren buruzagiak Mariano Anso, Iruñeko alkatea eta 1931n Konjuntzio Errepublikar-Sozialistako Diputatua, eta Ramon Bengaray, 1936an Frente Popularreko zerrendetan hautagai errepublikarra, izan ziren. 1934an Ekintza Errepublikarra Ezker Errepublikarrean barneratu zen, erradikal-sozialisten zatiarekin batera. 1934 eta 1936 bitartean Ezker Errepublikarrak hazkunde nabarmena izan zuen eta 46 komite lokal antolatzera iritsi zen, gehienak Tutera, Tafalla eta Lizarrako barrutietan.

  • AGUIRRE Y LEKUBE, Jose Antonio de. Entre la libertad y la revolución 1930-1935, Bilbao: Geu, 1976.
  • ARTOLA, Miguel. Partidos y programas políticos 1808-1936. Madril: Alianza, 1991.
  • ARZAMENDI, Arantxa. "Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936". RIEV, nº 35, Enero-junio, pp. 133-163.
  • AVILÉS FARRÉ, Juan. La izquierda burguesa y la tragedia de la II República, Madril: Comunidad de Madrid, 2006
  • BARRUSO, Pedro. El movimiento obrero en Gipuzkoa durante la II. República. Organizaciones obreras y dinámica sindical. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa, 1996.
  • BELAUSTEGI BEDIALAUNETA, Unai. Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1936). Zenbait gogoeta. Master bukaerako tesina, Historia Garaikideko Departamentua, Leioa, 2008ko abendua.
  • CASTELLS, Luis; CAJAL, Arturo eta MOLINA, Fernando (edit.). El País Vasco y España: Identidades, Nacionalismos y Estado (siglos XIX y XX). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.
  • CASTELLS, Luis. Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración, 1876-1915. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
  • CASTELLS, Luis. Fueros y conciertos económicos. La Liga Foral autonomista de Guipúzcoa (1904-1906). Donostia: Haranburu, 1980.
  • CILLAN APALATEGUI, Antonio. Sociología electoral guipuzcoana (1900-1936). Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1975.
  • CUESTA REAL, Javier. Partidos, elecciones y bloques de poder en el Pais Vasco. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1991.
  • DARDÉ MORALES, Carlos. "Los partidos republicanos en la primera etapa de la restauración (1875-1890)", José María JOVER ZAMORA, El siglo XIX en España. Doce estudios, Bartzelona: Planeta, 1974, 433-464.orr.
  • DE PABLO CONTRERAS, Santiago. La 2ª República en Álava. Elecciones, partidos y vida política, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1989.
  • DE PABLO CONTRERAS, Santiago. Álava y la autonomía vasca durante la II República, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1985.
  • Estatuto General del Estado Vasco. Anteproyecto de la Sociedad, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1931.
  • ELORDUY JAUREGUI, Juan Bernardo. "Las fuerzas republicanas ante el estatuto vasco en el escenario político vizcaíno, 1931-1933", Muga, 82 (1992), 12-25.orr.
  • ELORDUY JAUREGUI, Jon. "El republicanismo en el País Vasco durante la II República", Cuadernos de Alzate, 27, 2002, 75-88.orr.
  • ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia. La construcción de una nacionalidad vasca. El Autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
  • FERNANDEZ SEBASTIAN, Javier. "Republicanos vascos en vísperas de la revolución de 1868: federales y fueristas", Cuadernos de Alzate: revista vasca de la cultura y las ideas, 9, 1988,16-30.orr.
  • FERRER MUÑOZ, Manuel. Elecciones y partidos políticos en Navarra durante la Segunda República, Iruña: Nafarroako Gobernua, 1992.
  • FUSI AIZPURUA, Juan Pablo. El País Vasco 1931-1937. Autonomía, Revolución, Guerra Civil, Madril: Biblioteca Nueva, 2002.
  • GARCIA-SANZ MARCOTEGUI, Angel. Las elecciones Municipales de Pamplona en la Restauración (1891-1923). Iruña: Nafarroako Gobernua, 1990.
  • GARCIA-SANZ MARCOTEGUI, Angel. Republicanos navarros. Iruña: Pamiela, 1985.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. El Estatuto Vasco de 1936, Oñati: IVAP, 1988.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. El oasis vasco. El nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil, Madril: Tecnos, 2007.
  • GRANJA SAINZ, Jose Luis. Nacionalismo y II República en el País Vasco. Estatutos de autonomía, partidos y elecciones. Historia de Acción Nacionalista Vasca: 1930-1936, Madril: Siglo XXI, 2008.
  • HENNESSY, C.A.M. La república federal en España. Pi y Margall y el movimiento republicano federal, 1868-1874. Madrid: Catarata, 2010.
  • KINTANA GOIRIENA, Jurgi eta ALFARO BERGARATXEA, Iñaki. "Euskal federalismo foruzalea Seiurteko Demokratikoan (1868-1873)", Uztaro, 40, 2002, 37-62.orr.
  • LAYANA ILUNDAIN, Cesar. Elecciones generales en Navarra, 1876-1890. Iruña: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 1998.
  • La Voz de Guipuzcoa. Donostia, 1885-1925.
  • LUENGO TEIXIDOR, Felix. La crisis de la Restauración. Partidos, elecciones y conflictividad social en Guipúzcoa, 1917-1923. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991.
  • MAJUELO GIL, Emilio. La II República en Navarra. Conflictividad agraria en al Ribera Tudelana (1931-1933). Iruña: Pamiela, 1986.
  • ORTIZ DE ORRUÑO LEGARDA, José Maria. "El Fuerismo Republicano (1868-1874)", Coro RUBIO POBES eta Santiago DE PABLO CONTRERAS, Los liberales, fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz: Besaide, 2002, 375-400.orr.
  • PENCHE GONZALEZ, Jon. Republicanos en Bilbao (1868-1937). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010.
  • PENCHE, Jon. "Respuestas locales a la desunión republicana nacional: el Partido Republicano Autónomo de Vizcaya (1913-1931)", José Luis Casas y Francisco Durán (edk.), El republicanismo ante la crisis de la democracia. Una perspectiva comparada (1909-1939), Cordoba: Diputazio Probintziala, 2010, 185-204.orr.
  • PENCHE, Jon. "La República Foral: los republicanos ante la cuestión vasca", Memoria y Civilización, 2009, 12.zenb., 193-215.orr.
  • PIQUERAS, Jose A., CHUST, Manuel (komps). Republicanos y repúblicas en España, Madril: Siglo Veintiuno de España Editores S.A., 1996.
  • PUCHE MARTINEZ, Aitor. El fenómeno del republicanismo en Irun durante la Restauración (1875-1923), Irun: Irungo Udala, 2001.
  • RIVERA BLANCO, Antonio. La ciudad levítica. Continuidad y cambio en una ciudad del interior (Vitoria, 1876-1936), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1992.
  • RIVERA BLANCO, Antonio (zuz.). Historia de Alava. Gasteiz: Gasteizko Foru Aldundia, 2003.
  • RIVERA BLANCO, Antonio eta CASTELLS ARTECHE, Luis. "Nuevas ideologías (1876-1931), J. AGIRREAZKUENAGA (zuz.): Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos, Bilbao, Lur, 2004.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio. Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II. República. Donostia: Dr. Camino Institutua, 1994.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio eta BARRUSO, Pedro: "Guipúzcoa en la II. República: Partidos, Elecciones y Sindicatos", Cuadernos Republicanos, 21.zenb., 1995eko urtarrila, 31-47.orr.
  • RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio: "La opción republicana en Guipúzcoa durante la II república. Apuntes de una estructura", Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 21.zenb., 1987, 371-460.orr.
  • RUIZ DE GAUNA, Adolfo. Catalogo de publicaciones periódicas vascas de los siglos XIX y XX. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1991.
  • SAIZ VALDIVIELSO, José C. Triunfo y tragedia del periodismo vasco (1900-1939). Madril: Editorial Nacional, 1977.
  • SUÁREZ CORTINA, Manuel. El gorro frigio. Liberalismo, Democracia y Republicanismo en la Restauración, Madril: Biblioteca Nueva, 2000.
  • TOWNSON, Nigel (ed.). El republicanismo en España (1830-1977), Madril: Alianza, 1994.
  • URQUIJO GOITIA, Mikel. Liberales y carlistas. Revolución y fueros vascos en el preludio de la última guerra carlista. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994.
  • VIRTO IBAÑEZ, Juan Jesus. Partidos republicanos de Navarra. Iruña: Príncipe de Viana Institutua, 1986.

UBB

JPG