Kulturalak

Seaska

Ipar Euskal Herriko ikastolen Federazioa 1969an sortu zen.

Lehen ikastola Arrangoitzen sortu zen, eta berehala bide bera segitu zuten Baiona eta Donibane-Lohizunen eta ondoko urtean Donibane-Garazi, Senpere eta Hendaian ere. Seaska elkartea Argitxu Nobliaren inguruan sortu talde batek bultzatu zuen, (Muñoa, Pagola, Etxemendi, Gallastegi, Gimenez, Camblong, Zabala, Intxausti, Mendiburu). Lehen andereñoa Libe Goñi lazkaoarra izanen da.

2009. urtean 27 ikastola daude Lapurdi Baxe Nafarroa eta Zuberoan, horietarik 23 lehen mailak dira , 3 kolegio (11-15 urte) eta lizeo bat (15-18 urte). Orotara 2700 ikasle bilduko ditu Seaskak 2009-2010 ikasturte bukaeran, 180 irakasle eta 110 langile. Urte guziz ikastola berriak idekitzen dira, eta 2011rako 30 ikastolaz goiti izanen dira hiru probintzietan.

Euskara desagertzen ari zela ikusirik murgiltze ereduari egokitutako hezkuntza proiektu berezi bat nahi zuen guraso talde batek sortu zituen lehen ikastolak, haurrek euskaraz ikas zezaten. Hastapenean euskal eskolaren ideiak jendearen harridura piztu bazuen ere, emeki-emeki gizarteratuz joanen da. Sortu eta 10 bat urte berantago, ikastolak ongi errotuak dira, gurasoek, irakasleek eta laguntzaileek eramandako lan handiari esker. Seaskak ikastola berriak irekitzen ditu urtero. Lortutako emaitzek eta metodo pedagogi berritzaileek gero eta jende gehiago hurbilarazten dute ikastoletarat.

Bidea luzea izan da irakaskuntza eredu berri honen eraginkortasuna frogatu behar izan baita, irakasleen formakuntza segurtatu eta eredu honen garapenaren aurkako politikari aurre egin.

Lehen urteetan Seaskak ikastolak finantzialki bere gain hartu ahal izan bazituen ere, ikasle kopuruak eta beraz gastuak gero eta inportanteagoak izanez, ondoko urteetan gain hartze hori bakarrik erantzutea ia ezinezko bilakatu zen. Egoera berria kontutan harturik, Seaskak Hezkunde Ministeritza eta tokiko erakundeetara jo zuen diru-iturriak eskuratzeko.

Urte luzetako borrokaren ondoren -manifestaldi, okupazio, gose greba eta beste zenbaezinak dira- 1983an lortu zuen lehen ezagupena Frantziako Hezkuntza Minsterioarengandik. 1986an, Seaska handituz ari zela sekulako diru arazoak bizi izan zituzten ikastolek. Behar horri erantzuteko 1983ean sortu zen Herri Urrats (Kilometroak edo Nafarroa Oinezen parekoa) urtez urte arrakasta handiago bilduko zuena. Ama ikastolak idekitzetik lehen mailak idekitzera eta bertatik 2. mailak idekitzeraino, diru premia ikaragarria zen eta erakaslegoa Hezkunde Ministeritzan integratzera behartua izatera heldu zen egoera. Horretarako finantza lege bat onartua izan zen Frantziako legebiltzarrean, baina oposizioak eta arlo publikoko erakasleen sindikatuak bultzaturik azkenean legea bertan behera utzi zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak.

Urte zailak bizi izan zituen garai hartan Seaskak. Hainbat irakasle hilabete luzetan egon zen soldatarik kobratu gabe ikastoletan lanean. Azkenean, erakasleen zati bat Hezkunde Ministerioaren gain ezarriko zituen lehen hitzarmena 1989an erdietsi zen negoziaketa luze baten ondoren. Ordukotz mila ikasletik hurbil zegoen Seaska 20 ikastolarekin.

Ondoko urratsa 1994an eman zen, irakasleak integratzeaz gain, Frantziako Hezkunde Ministeritzarekin hitzarmen bat izenpetu baitzen, ikastolei eskola pribatuen izaera bera eskaini ziena, Elkarte Kontratuaren bidez. Gisa horretan, ikastolek tokiko egituretatik diru laguntza berriak eskuratzen ahalko zituzten. Irakasleen formakuntza, irakasleak ikastola ezberdinetara bideratzeko kudeaketaren ardura Seaskari aitortu zion orduan ere Parisek.

2000. hamarkadan berriz, Seaskako ikastolak publifikatzeko eztabaida sortu zen. Negoziaketa ere eraman ziren baina Bretainiako Diwan ikastolek publifikatzea onartu bazuten ere, Seaskak ez zuen halakorik onartu, Estatuarenganik berme aski ez zuelako eskuratu. Baina Diwan eta Estatuak egindako akordioa, berriz ere Estatu Kontseiluak hautsi zuen, Diwan eta Seaska pribatuko sistema gisa geratuz.

2009an Seaskak 40 urte bete ditu, baina gaur egun D ereduko eskaintza bakarra da oraindik ere Ipar Euskal Herrian. 80 hamarkadan eskola publikoan eta pribatuan eredu elebiduna sortu zen, askoren iduriko ikastolei kalte egiteko asmoz hastapen batean. Baina emaitza, ikastolen garapenaz gain, eskola elebidunen garapena izan da.

Euskararen familiar transmisioa desagertzen ari denez, eskola lekurik aproposena da euskararen berreskurapenerako. Ikastoletan, euskara erakaskuntza hizkuntza izateaz gain, komunikaziorako hizkuntza da ere. Hau dela eta murgiltze eredua da euskaraz jabetzea segurtatzen duen bakarra, zer esanik ez frantses familietatik datozen haurrentzat, Estatuak orain arte eraman duen hizkuntza politika elebakarra kondutan izanez.

Azken hamarkadan ere Seaska etengabe garatuz aritu da, bai ikastola kopuru aldetik, bai ikasle kopuru aldetik baina baita ere zerbitzuen mailan. Seaska mugimendu saihestezina bilakatu da Ipar Euskal Herrian, erakaskuntzako eragile gisa baina baita ere euskararen aldeko eragile gisa. Eskola ez baita euskararen eremu bakarra izaiten ahal, gizarte osoak behar baitu euskaraz jabetu.

2009ko ekainaren 12an, Seaskak hitzarmen berri bat izenpetu du Frantziako Hezkunde Ministeritzarekin. 1994 urtean ikastolak eskola pribatu gisa kontsideratzea lortu bazen, oraingo honetan ikastolak Ikastola gisa onartzea erdietsi da eta bidez batez ikastolek eskaintzen duten murgiltze sistema legeztatu du hitzarmenak.

Gisa berean, ikastola berriak idekitzeko prozedurak finkatu ditu hitzarmen berriak eta ikastolek Ipar Euskal Herri mailako lurralde eskaintza bermatu behar dutela azpimarratzen da, etorkizuneko euskaldunak, euskaraz jardungo duten arlo orotako profesionalak ikastoletatik jalgiko direla narbarmenduz. Gisa berean, euskararen kalitatea neurtzeko neurgailuak ere proposatzen dira, ez baita aski euskara sare ezberdinetan irakastea; helburua haurrek euskara ikasi eta balia dezaten baita.

Urrats berri bat eman da baina bide luzea dute egiteko ikastolek eta euskarak Ipar Euskal Herrian oraino. Eskolatze guzia euskaraz egiten bada ere, azterketa ofizialak frantsesez pasa behar dituzte ikastoletako ikasleek, euskarak ez baitu inolako ezagupen ofizialik Frantziar legedian.

Ildo beretik frantses legeak ikastolen eraikuntzak laguntzea galerazten die udal etxe, herri elkargo eta instituzioei. Ikastolek, nahiz eta zerbitzu publiko bat eskaini, ez dute laguntzarik eraikuntza eta azpiegituren mailan. Horregatik Eusko Jaurlaritzaren bidez laguntza garrantzitsuak jasotzen ditu azken hamarkadan Seaskak.

Seaska gisa berean, eskola aitzindaria izan da integrazio arloan. Ikastolak eredu bilakatu dira haur elbarrien eskolatzean. Frantses legeak 2005ean iragarri zuen eskolak elbarritasuna zuten haurrak integratu beharra. Ikastolek aldiz lehenagotik abiarazi zuten lan hori, eta aitzindari izaten segitzen du Estatu mailan, zaindariezgain, hezitzaile berezituak eskainirik beharrean diren haurrei.

Azkenik 2009 urtea Euskal Herri mailako ikastolen kooperatiba sortzeko urtea izan da. Ikastolen Elkartea Europar Kooperatiba, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako ikastolek osatzen dute.Urratsak emeki-emeki emanen badira ere, Euskal Herri mailako egitura indartuz joanen da ondorengo urteetan.