Konposatzaileak

Sanmartín Fernández de Pinedo, José María

Pianista eta konpositorea. Gasteiz, 1927-01-21; Madril, 1977-09-17.

Gasteizen ikasi zuen Luis Arambururekin; musika ikasketak Bilbon jarraitu ondoren, Pariseko kontserbatorioan sartu zen, non Jules Gentil eta Yves Nat maisuekin piano ikasketak osatu zituen. 1955ean bere lehen saria eskuratu zuen. Konposizioa Arthur Honeggerrekin ikasi zuen. 1956an Parisera itzuli zen Alfred Cortotekin lan egitera; ondoren Genevara joan zen Marescottirekin ikastera eta Berlineko Unibertsitate Teknikoan Rolofekin ibili zen. 1958an Unescoren Musikako Nazioarteko Kontseiluaren beka eskuratu zuen. 1966an Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoaren pianista plaza lortu zuen lehiaketa bidez. Hermes Kriales eta Enrique Correarekin batera hirukote bat osatu zuen.

Bere lanen artean azpimarratzekoak dira In memoriam, Ataulfo Argentaren omenez idatzitako pianorako preludio eta fuga (Berlineko Kontserbatorioko 1957ko saria irabazi zuen); orkestrarako idatzitako Lily y Bonita, 1958an haur-balleta oberenaren Lehen Sari Nazionala eman zioten; Suite Arabarra, 1963an Musika Sari Nazionala izan zen. Piano, orkestra, koru, ganbera-talde eta abarrentzat beste zenbait obra idatzi ditu.

  • SALABERRI, Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Egile eta Editoreen Elkartea, Madril, 2000.