Kontzeptua

Frantziako Iraultza

Abuztuaren 10eko egunak ondorengo giro politikoa aldatu egingo du. Biltzar legegileak egoerak bultzatuta hainbat neurri hartu behar ditu: Erregearen botereak kentzen ditu eta atxilotu egiten du Luxenburgoko jauregian; herriak Konbentzio Nazional bat hautatu beharko du eta bera izango da Konstituzio berri bat egingo duena, Frantziarentzat instituzio berriak eratuko dituena eta erregearen geroaz arduratuko dena. Ministro erregezaleak (Feuillants) kanporatuak dira eta Konbentzio Nazionala Girondinoak eta Menditarrek osatzen dute. Hasiera batean Girondinoak dira nagusi eta Erregearen aurkako epaiketa saihesten saiatzen dira. Girondinoak probintziako burgesia eta moderatuen sostengua dute eta Menditarrek Sans-Culottes-ena. Hauek Erregearen aurkako auziari tinko eusten diote, traizioagatik kondenatzea lortzen dute eta hiltzera kondenatua da. Erregea, 1793ko urtarrilaren 21ean gillotinatu zuten. Erregina urriaren 16an.

Soldado revolucionario de Bayona

Europak ez du begi onez ikusten Frantzian gertatzen ari dena. Izan ere, Europako erregeek Koalizio bat osatzen dute 1793ko otsailean. Horri aurre egiteko, Konbentzioak 300.000 gizon bidaltzen ditu mugak defendatzera, baina herritar asko ukatzen dira eta erresistentzia dago neurri iraultzaileen aurka. Errepresioa oso bortitza izango da eta kontra iraultzailetzat hartua den oro legez kanpo ezarria da eta zuzenean exekutatua. Landa matxinadak sortzen dira Alsazian, Bretainian eta beste hainbat tokitan. Vendéeko eskualdean izango da iraultzaile eta kontra iraultzaileen arteko talka ikusgarri eta bortitzena, nobleak, zin egin ez duten apaizak eta laborariak erregimen berriaren aurka batera altxatzen baitira.

Girondinoen eta Menditarren arteko talkak gero eta nabarmenagoak dira eta Parisen ez ezik Frantziako beste lurraldeetara hedatzen da. Eztabaida boterearen antolaketa motan zentratzen da baina bi tendentzia politiko horien atzean boterearen kontrolaren guda dago. Gainera, gerraren porroten eta prezioen igoeren aitzinean, Sans-Culottes-ek matxinadak antolatzen dituzte Parisen 1793ko maiatza amaieran. Menditarrak horretaz baliatzen dira boterea hartzeko Parisen nahiz eta probintzietako hainbat tokitan Girondinoek duten oraindik indarra. Konbentzioa beraz, Menditarren esku geratzen da eta Konstituzio berri bat onartzen dute 1793ko ekainaren 24ean. Konstituzio horrek botere gehiago emango die herri batzarrei, baina ez da lortuko indarrean jartzen bake egoera ez delako lortzen. Konbentzioak izendatutako botere beterazle nagusia Osasun Publikoko Komitea izango da. Legeak eratu, betearazi eta funtzionarioak izendatzeko gaitasuna du. Hasieran Danton izango da Komitearen buru, geroago Robespierre. Egutegi errepublikanoa eratzen da data horretatik aurrera.

Horrekin batera, ideia erradikalak indartuz doaz prentsa eta propaganda bidez eta tendentzia berriak sortzen dira. Tendentzia batzuk emakumeen parte hartzea politikan aldarrikatuko dute, baina hori ez da XIX. mende arte esanguratsua izango. Gune katolikoek erasoak jasaten dituzte, apaizak exekutatuak dira, elizak suntsituak. Sans-Culottes-ek daramate eraso gehiena baina ez du arrakasta bera leku guztietan. Halere, kultura politiko berriak gizartea birmoldatzen du. Kultura politiko moralizatzaile bat ezartzen da, berdintasunaren aldekoa eta indarkeria aise justifikatzen duena iraultzaren arerio eta etsaien aurka. Izan ere, kontra iraultzaileen aurka egiteko Menditarrek salbuespeneko neurriak hartzen dituzte eta Izualdia deituriko aroa ezartzen dute babes juridikoa ere izango duena. Honekin batera, Jacques-René Hébert Iraultzaile erradikalak, Pariseko Sans-Culottes-en sustengua du eta azkar Herbertisten tendentzia indartzen da eta Konbentzioa kontrolatzen.

Une berean, gorago aipatutako Vendéeko altxamendua, mendebalderantz hedatzen da indartsu. Erregezaleek ez ezik, Konbentziotik baztertuak izan diren Girondinoek ere Pariseko boterearen aurka altxamenduak antolatzen dituzte. Bestalde kanpo erresumetako armadak indartuz doaz eta mehatxu dira mugetan. Espainia, Piemonte, Prusia, Austria eta Ingalaterrako armadak aurrera egiten dute.

Gerrak alde batetik eta Izuaren agintaldiak bestetik jarrera eta politika bortitzak ahalbideratuko ditu. 1793ko abendua eta 1794ko otsaila bitartean milaka pertsona erailak izango dira: Nantesen; Lyonen, Toulonen eta Nîmesen 3700 pertsona espetxeratuak dira eta 30 mila alsaziar inguru ihesi doaz Alemaniara. Euskal Herrian milaka biztanle deportatuak dira Espainiaren alde egin dutenaren susmoa dagoelako.

Iraultzaren konsignek justifikatu egiten dituzte neurri bortitz horiek: arerio politikoak estigmatizatu egiten dira eta legez kanpo jarri. Alabaina, Herbertisten eta Menditar erradikalenen eragina eta jarrera oztopatzeko Robespierrek neurri berriak hartuko ditu. Kultu askatasuna bozkaraziko du besteak beste giroa baretzeko seguruenik, baina botere guztia bere inguruan metatzen du eta 1793ko abenduaren 4an Konbentzioari Iraultzaren gidaritza osoa ematen dio. Salbuespen gobernua ezartzen du eta honek tokian tokiko iniziatiba oro mugatzen du. Horrekin batera Konbentzioak eta Osasun Publikoko Komiteak bere funtzio osoa berreskuratzen dute. Bestalde, Parisko Epaitegi Iraultzailearen bitartez, botere judiziala kontzentratzea lortzen du Estatu gizonak eta Izualdi handia hartzen du martxan babes judizialarekin. Prozedura judizialak sinplifikatzen ditu dekretu bidez eta exekuzioak azkartzen. Bide horretan, Herbert Iraultzaren mantentzearen aldekoa edota Danton moderatu eskuindarra gillotinara bidaltzen ditu. Aste batzuetan 1400 pertsona exekutatuak izango dira. Politika moralista bilakatzen da, ekintzez gain intentzioak ere kondenatzen dira eta Kontra Iraultzailearen definizioa zabalduz doa. Hizkuntza bat kontra iraultzaile izan daiteke adibidez; bretoiera, alsaziarra edo euskararen kasuak dira.

Bitartean, Robespierrek gero eta arerio gehiago ditu Konbentzioko eta Parisko politikarien artean. Botere osoa bereganatu nahi duenaren zurrumurruak zabaltzen dira eta Sans-Culottes-ak eztabaidatik baztertuak dira. Intrigak sortzen dira eta Robespierre kontra-iraultzailetzat akusatua da eta aste batzuetarako eszena politikotik aldentzen dela baliatuz, arerio politikoak bere aurka antolatzen dira. Konbentzioaren eztabaida batean Robespierrek aipatu nahi ez dituen politikarien kontra egin eta garbiketa berria egiteko mehatxua luzatzerakoan, gutxiengoan geratzen da, salatua da eta atxilotua. Hurrengo egunean, uztailaren 28an, (Termidor 10ean egutegi errepublikarraren arabera) gillotinatzen dute, bere aldeko batzuekin batera. Honekin Izualdia amaitutzat ematen da.

Klandestinitatean zeuden Girondino asko bueltatzen dira eta moderatu eta Menditar batzuekin batera Konbentzioa kontrolatzen dute. Boterea zentralizatua dago eta indar armatuak kontrolpean daude. Halere egoera ekonomikoa kaskarra da eta maila sozialean desilusio asko dago iraultzarekin. Robespierren figura kulpa guztiak botatzeko erabiltzen da eta azkar indar erregezaleak eta kleroa indartuz doaz. Ondorioz, kontra iraultzaileek altxamenduak antolatzen dituzte. Gainera, 1794. urtearen bukaeran Iraultzak kontziliazio politika martxan jartzen du erregezale eta moderatuekin eta Antzinako Erregimenaren aldeko gune garrantzitsuak indartzen dira herri osoan. Aldi berean, Menditar erradikalak eta Sans-Coulottes-ak aldarrikapen sozialekin jarraitzen dute, baina Konbentzioak armada jartzen die parean.

Konstituzio berria 1795eko abuztuaren 17an onesten du Konbentzioak, eta irailean herriak berretsi. Bi biltzar dituen sistema adosten da: Bostehunen kontseilua eta Antzinakoen kontseilua eta botere betearazlea bost Direktore edo Zuzendariren esku uzten da. Irailaren 26an sartzen da indarrean Direktorioa (Directoire frantsesez) deitutako erregimen berria. Sistema honek Izualdia itzultzea ekiditen du eta erregezaleen indarra ahultzen. Nahiz eta gune erregezale garrantzitsuak egon Frantzian zehar, ez dute lortuko gizartearen haserrea berpizten.

1795. urtetik aurrera, Frantzia birmoldaketa orokor batean murgiltzen da. Eskola sistema eta osasun sistema berrantolatzen da. Ekonomia aldiz kinka larrian da kudeaketa politika kaxkar baten ondorioz. Zuzendaritzako erregezaleen eta liberalen artean eztabaida bizia jarraitzen du eta gerrak jarraitzen du Austria eta Ingalaterraren aurka. Baina Bonapartek Austriaren aurka irabazten du Itailan eta horrek dirua sarrarazten du Frantziako kutxetan.

1797ko hauteskundeetan Erregezaleen gorakada nabarmena da. Baina Zuzendaritzan bost zuzendariren gain 3 errepublikarrak dira. Halere erregezaleen gorakadaz beldurturik, Estatu kolpe bat antolatzen dute errepublikarrek Italiako armadaren laguntzaz (non Bonaparte den buru) eta 53 diputatu eta 2 zuzendari deportatuak dira. 1798an, jakobinoek hauteskundeak irabazten dituzte eta moderatuak boterean jarraitzen dute baina zilegitasunik gabe. Horrez gain, indar politiko ezberdinek Zuzendaritza ezegonkortzen dute.

Europako gerlek Errepublikak sortzen dituzte Italian, Suitzan eta Holandan besteak beste. Bertako nazionalisten sostenguari esker lortzen du hori Frantziak, baina azkar indarra erabili behar du Frantziaren okupazioak sortzen duen haserrea baretzeko. Bitartean Ingalaterrak abantaila hartzen du itsas aldean. Azken hau ahultzeko asmoz (Indietako bidea moztuz) baina baita ere bere fama indartzeko, Bonapartek Egiptora egiten du espedizioa baina porrot egiten du. Bitartean Turkia, Ingalaterra, Austria, Errusia eta Napolik koalizio berria osatzen dute Frantziaren aurka. Belgika, Suitza, Italia eta Holandan altxamenduak daude. Frantzian kontra iraultza indartzen da eta erregezaleak kanpoko monarkiekin botere hartzea prestatzen dute. Halere, 1799ko irailean Frantziak errusiar eta ingeles armadak atzera botatzea lortzen du. Gerra, negoziaketa batzuen ondorioz amaitzen da.

1799ko azaroan, Seyès iraultzaile moderatua Zuzendaritzako kide izendatua denean, erreformak bultzatu nahi ditu eta Konstituzioa aldatu. Horretarako bere aldeko Zuzendaritzako hiru kide ezartzen ditu baina Estatu Kolpe bat antolatu behar dela uste du. Horretarako Bonaparteren laguntza izango du baina azkenean ,Napoleonek boterea bereganatzeko erabiliko du ekimena eta estatu kolpea burutu ondoren hiru kidek osatutako Kontsulatua deituriko erregimen politikoa ezartzen du eta Napoleon berak izendatzen du bere burua Kontsul nagusi. Iraultzaren aroa amaitutzat ematen du ekimen honekin.