Kontzeptua

Odei

Izen horrekin ezagutu ohi da trumoia, batzuetan, eta ekaitz-hodeiak edo trumoia sortzen duen agentea, beste batzuetan. Trumoiak entzuten direnean, honako hau esan ohi da: "Odeiak jo du". Trumoi-hots gogorrak direnean, "Odei haserrea" dela esan ohi da, eta hodei beltzak datozenean, "Odeia dator" edo "Odei dago". Horrelako esaldiak edo antzekoak ohikoak dira landa-inguruetan, eta hodei hitzaren bi zentzuak hartzen dituzte: trumoia eta ekaitza eragiten duen jeinua.

Juztulodai (trumoien hodeia) izena ere jaso izan du. Gesalibarren (Arrasate) Odeiaixe deitzen diote (Odeiren haizea), hau da, ekaitzak dakartzan haize solanoa. Nire informatzaileak esaten zuen Odeiaixe euririk eta txingorrik gabe igaro daitekeela, iparraldeko haizearekin topo egiten ez badu. Aitzitik, iparraldeko haizeak hodei-karga dakarrenean eta Udalatx mendiko hegaletatik korrika daramatzanean, bi haizeek topo egin eta euri- eta txingor-ekaitz izugarriak sortzen dira. Ekaitza are okerragoa da hirugarren haize bat (Naparraixe) Gesalibarreko hego-ekialdean dagoen Muru menditik heltzen denean. Aide-Gaixton adierazi bezala, herritarrak magiaren bitartez Odei mendean hartzen saiatzen dira, edo Jainkoari eskatzen diote, elementu horren astinaldia ekiditeko.