Pintoreak

Ameztoy Olasagasti, Vicente

Gipuzkoar margolaria. Donostian jaio zen 1946ko urtarrilaren 30ean, eta Villabonan hil,2001eko azaroaren 6an.

Ascensio Martiarena margolariarekin egin zituen ikasketak. Jesus Olasagasti margolariaren iloba zen, eta esan daiteke hamabost urte jada ezaguna zela. Arte Plastikoen Lehiaketako hirugarren saria lortu zuen (1961). Haren paleta argituz doa, figura distiratsu eta leunei bide emanaz: zaldi zuriak, pailazoak, neskatilak, eta abar. Ameztoy irudimenez betetako artista zen, eta gai magikoetarako joera nabarmena zuen. Orduko lanek Alain Fournier nerabe-mundua gogorarazten digute.

Urteek aurrera egin ahala, ordea, ilunduz doa. Hala ere, ez du gai magikoetarako joera galtzen, margolari gaztearen bizitzan gai iraunkorra izan baitzen hori. Aldizka, begi sakonak eta hezeak dituzten neskatilak berragertzen dira Ameztoyren margoetan eta marrazkietan. Figurak, bestalde, zertxobait fantasmagorikoak eta beharrizanen errealitateaz kanpokoak dira, eta ondo ñabartutako irudi lausoen eta laranja eta hori koloreko argi-eztanden artean margotzen ditu. Ameztoyk aditu bailitzan maneiatzen zuen gardentasuna, eta ñabarduna oparoak eransten zizkion.

1962an, bigarren saria lortu zuen Gabonetako Lehiaketan, eta 1963an, aldiz, lehen saria. Erakusketa ugari egin zituen, taldean nahiz bakarka: 1964an Juana Mordo Galerian; De Goya a nuestros tiempos erakusketan, Madrilgo Edurne Galerian; eta Hondarribiko Carlos V.a Gazteluko talde-erakusketan. 1965ean zenbait mihise aurkeztu zituen Spoletoko (Italia) Bi Munduen Jaialdian, bakarkako erakusketa batean. Hurrengo urtean, Euskal Pintura Sariaren accesita lortu zuen, eta ondorengoan, Donostiako Barandiaran Galerietan egin zuen erakusketa. 1968an lortu zuen azken saria: Euskal Pintura Lehiaketako bigarren saria.

70eko hamarkadan erakusketak egiten jarraitu zuen, baina gero eta urriagoak izango dira 80ko eta 90eko hamarkadetan. 1990ean, parte hartu zuen Julio Medemen Vacas filmaren zuzendaritza artistikoan, eta Pantzart pastoralaren jantziak eta eszenografia diseinatu zituen.

Azken obra amaitu gabe utzi zuen: Labastidako Remelluri upeltegietako kaperaren dekorazioa. 1993an hasi zen, baina bukatu aurretik zendu zen. 2004ko apirilean, Bilboko Arte Ederren Museoak La boca obra erosi zuen, Ameztoyk 1979an egindakoa eta haren lanik garrantzitsuenetako bat dena.