Kontzeptua

Langile-Mugimendua

Langile-mugimenduaren sorrera eta industrializazioa bat datozen prozesu historikoak dira. Euskal Herriko lurraldeetan industrializazioaren hasiera, bilakaera edo ezaugarriak desberdinak izan ziren eta, beraz, euskal langileria eta langile- mugimendua ere une eta modu desberdinetan sortu eta bilakatu zen. Bizkaiko industrializazioa XIX. mendearen azken herenetik oso prozesu azkarra eta sakona izan zen, gizarte-aldaketa traumatikoa eraginez. Eremu geografiko zehatz batean -Bilbo eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldean- burdinazko meatze-enpresa eta lantegi handiak kokatu ziren, milaka eta milaka behargin erakarriz. Bertan sortu zen lehen euskal langile-mugimendua XIX. mendearen azken hamarkadan, sozialistek gidatua. Gipuzkoan ingurune zabalagoan barreiaturik eta astiroago hedatu zen industria. Hazkunde demografikoa eta etorkinen kopurua Bizkaian baino askoz txikiagoak izan ziren. Lantegi txikiak eta erdiko tamainakoak ziren industriaren oinarri nagusia. Ondorioz, Gipuzkoako langile-klasearen eraketa edo kontzientzia hartze-prozesua ere astiroago garatu zen eta XX. mendearen hasierara arte ez ziren lehenengo langile-elkarteak finkatu. Araban eta Nafarroan, berriz, industrializazioa prozesu berantiarra izan zen. 1950 edo 1960eko hamarraldietara arte ez zen benetan garatu. Hiru industrializazio eredu izateak hiru langileria mota ekarri zituen. Horren ondorioz Euskal Herriko langileek bide desberdinetatik jo zuten beren elkarteak eta borrokak antolatzerakoan.

Ideologiari dagokionez ere euskal langile-mugimenduan joera desberdinak azaldu ziren. Zenbait langile-erakundek helburu iraultzailea izan zuten, euren historiaren aldi batzuetan behintzat. Klaseen arteko borrokaren bitartez gizarte kapitalista deuseztatu eta berdintasunezko gizarte berria eraikitzea zen euren azken xedea. Horretarako hiru estrategia politiko proposatu ziren eta horien inguruan erakundeak sortu ziren: sozialista (UGT arlo sindikalean eta PSOE arlo politikoan), anarkista (CNT) eta komunista (PCE). Hala ere, XX. mendearen bigarren erdialdean zehar sindikatu nagusien joera izaera iraultzailea galtzea izan da. Beste elkarte batzuk, berriz, hasieratik ere ez zuten asmo iraultzailerik eta klaseen arteko borrokaren ordez elizaren gizarte-doktrina hartu zuten oinarri ideologikotzat. Sindikatu katolikoak eta 1911ean sorturiko Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sindikatu abertzalea dira horren adibide.

Denboran zehar langileen elkarteak eta ekintza kolektiboa aldatu dira, garai historiko berrietara moldatuz. Euskal langile-mugimenduaren lehenengo urratsak Errestaurazioaren garaian (1890-1923) eman ziren. Orduan sozialismoa zen nagusi langileen artean eta lehenengo borroka sozialak oso bortitzak. Primo de Riveraren diktaduraren aldian (1923-1930) langile-mugimenduaren hedapena eten egin zen. Sektore batzuk -CNT edo PCE- jazarriak izan ziren bitartean, beste batzuk -UGT eta SOV adibidez- baimenduak izan ziren eta Diktaduraren lan-erakundeetan parte hartu zuten. Langile mugimenduarentzat II Errepublika (1931-1936) itxaropen handiko garaia izan zen, hots, langileen eskakizun nagusiak lortzeko garaia heldua zela uste izan zuten langile-elkartek. Sindikalgintzaren indarra eta gizarte-gatazkak areagotu ziren aldi hartan. Frankismoak itxaropen horiek guztiak zapuztu zituen. Are gehiago frankismoaren helburuetako bat klaseen arteko borroka indargabetzea eta langileria kontrolatzea zen. Horretarako langileen elkarteak debekatu eta langileria enkoadratzeko sindikatu bakarra ezarri zuen. Hala eta guztiz ere, 50eko hamarkadatik garaturiko legez kanpoko langile-mugimendua frankismoaren kontrako indar nagusietakoa izan zen eta Trantsizioaren garaian demokrazia ezartzeko borrokan protagonismo nabarmena izan zuen.

FMR 2011

Euskal Herrian langile-mugimenduak bere lehenengo urratsak Bizkaian XIX. mendearen azken urteetan eman zituen. Bilbon, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean eta meatze-arroan industrializazio azkarraren ondorioz beharginen immigrazio mugimendu itzela -gehienbat Espainiako iparraldeko probintzietatik etorria- eta hazkunde demografiko eskerga gertatu ziren. Bilboko populazioa 1877 eta 1900 bitartean 32.734 biztanletik 83.306 biztanle izatera igaro zen. Ezkerraldeko eta meatzaldeko biztanlegoa ia hirukoiztu egin zen denbora horretan (29.703 biztanletik 84.374ra). Lan-populazioaren hazkunde horrek gizarte-arazoak ekarri zituen, ez baitzegoen oinarrizko egiturarik (etxebizitzarik gabezia, ur-hornidurarik eza, gutxieneko zerbitzu publikoen falta eta abar luze bat) etorkin kopuru handi hori baldintza egokietan ezar zedin. Langileen artean meatzariek lan- eta bizi-baldintzarik latzenak pairatzen zituzten, lantegietako beharginenak baino askoz ere gogorragoak. Derrigorrez meatze-enpresek eraikitako barrakoi lohietan pilaturik bizitzera behartuak ziren, bai eta ugazaben kantinetan erostera ere, meatzarien egonezina eraginez.

Testuinguru horretan langileek "erresistentziako elkarteak" eratu eta lehenengo greba handiak deitu zituzten. Sozialistak izan ziren prozesu horren buru eta batez ere Bizkaiko sozialismoaren lehen buruzagia, Facundo Perezegua toledotarra. Metalurgiako langile hau Madrilen Pablo Iglesiasekin lehen nukleo sozialistak eratzen lagundu ostean, Bilbon ezarri zen 1885ean eta lehen elkarte sozialistak sortzeari ekin zion. 1886ean Bilboko lehen elkarte sozialista eratu zuen Bilboko beste sozialistekin batzuekin batera eta hurrengo urteetan Sestao, Ortuella eta La Arboledako elkarteak jaio ziren.

1890ean meatzarien egonezina eta sozialismoaren hedapena bat etorri ziren eta bere ondorioa Bizkaiko lehen lan-gatazka handia izan zen, urte hartako meatzarien greba. Gatazka era espontaneo batera sortu zen eta sozialistek berehala bideratu zuten. Grebaren txinparta Orconera meategiko bost langileren iraizpena izan zen, sozialistek antolaturiko Maiatzaren leheneko manisfestazioan parte hartzeagatik. Protesta mugimenduak hedatu ziren Bilbo inguruko industria-guneetatik eta 30.000 langile inguruk parte hartu zuten greban. Meatzarien eskaerak zabaldu ziren eta lan- eta bizitza-baldintzak hobetzeko errebindikazioak plazaratu zituzten: barrakoi eta kantinen sistema deuseztatu eta 10 ordukoa baino luzeagoa zen lanaldia murriztea. Greba aste betez luzatu zen, indarkeria erabili zuten meatzariek eta istilu larriak gertatu ziren. Azkenik, Armadak, Loma Jeneral agintepean, esku hartu zuen eta langileen zenbait eskaera onartu zituen.

Grebaren arrakastak langile-mugimendua sendotu eta sozialistei ospe handia eman zien, ideologia horretako langile-elkarteak eta bazkideen kopurua handituz. 1890 eta 1910 bitartean lan gatazkak ugaldu ziren Bizkaian: bost greba orokor egin ziren, 1903 eta 1910ekoak nabarmenduz. Langileriaren "militantziaren aldia" izan zen hura, J. P. Fusiren esanetan, edo langileen "etenik gabeko gerra", I. Olabarriren hitzetan. Historialari honen datuen arabera Bizkaian 86 greba deitu ziren 1890 eta 1903 bitartean eta beste 111 1903 eta 1913 bitartean. Gatazkak kasu askotan bortitzak izaten ziren, 1890eko greba-ereduari jarraituz.

Garai hartan gatazkakortasun maila oso handia bazen ere, sindikatuen antolatzeko modua ahula zen artean. Erakunde sindikal indartsu barik, lan-gatazka nagusiak elkarte sozialista politikoek gidatu eta bultzatu zituzten, erresistentziako elkarteen zereginak beren gain hartuz. Esaterako, meatzarien lehenengo elkarte sindikala (Bizkaiko Meatzaritzako Langileen Federazioa) ez zen 1904ra arte sortu eta hasieran ez zen batere eraginkorra izan. Laburbilduz, Bizkaiko lehen langile-mugimendua oinarri sindikal gabekoa izan zen, ekintza kolektiboari dagokionez, gatazkatsua eta bortitza, eta ideologia arloan, sozialismoaren nagusigoa eztabaidaezina izan zen.

Gipuzkoan langile-elkartegintza ahula zen artean eta I Mundu Gerraren koiuntura ekonomiko berrira arte behintzat lan-harremanak lasaiak izan ziren. Bizkaian ez bezala, Gipuzkoako industrializazioak (zenbait sektoretan garatua, enpresa txiki eta ertainetan oinarritua, geografikoki sakabanatua) bat bateko haustura sozialik ez zuen ekarri. Langileria, gehienetan nekazari-jatorrikoa edo artisau-tradiziotik eratorria, ez zegoen Bizkaian bezala gune zehatz batean ezarria, herri txiki edo ertain askotan barreiatua baizik. Ondorioz, langile-mugimenduaren antolaketa eta lan-gatazkak ere Bizkaian baino beranduago gertatu ziren. 1910eko hamarraldira arte ez ziren lehenengo grebak izan. XIX. mendearen bukaeran sorturiko langileen elkarteak elkarren laguntzarako eta langileen aisialdia bideratzeko sortu ziren. Garai hartan lehenengo elkarte sozialistak sortu baziren ere oso eragin eskasa izan zuten bizitza publikoan. Esaterako, Donostiako eta Tolosako elkarte sozialistak 1891ean jaio baziren ere, berriz sortu behar izan zituzten sei urte geroago. Eibarko kasua salbuespena izan zen. Bertan 1897ean sozialistek deituriko greba arrakastatsu baten ondoren, sozialismoa sustraitu zen, bazkide ugari erakarriz denbora laburrean. Eibarko industriak (armagintzako tailer txikietan antolatua non ugazabak eta langileek harreman estua zuten) eta bere langileriak (ofizioko artisauak) sozialismo berezia sortu zuten: Bizkaikoa baino moderatuagoa, euskalduna kulturari dagokionez eta negoziazioren bidez eraginkorra, gatazka larririk sortu barik. Horrela Eibar Espainiako sozialismoaren erdigunetako bat bihurtu zen.

Araban XX. mende hasieran ia ez zegoen industria modernorik. Gasteizen industria-sektore txikia eta tailer txikietan antolatua kokatzen zen. Bigarren sektoreko langile kopurua eskasa zen eta, beraz, langile-mugimenduaren eragina ere oso txikia. Hala ere, sozialistek bultzatu zuten lehenengo langile-elkarteen sorrera. 1910. urtean Federación Local de Sociedades Obreras delakoak 1.000 bazkide zituen gutxi gora behera. 1900 eta 1915 bitartean 20 greba inguru deitu ziren, gehienak eragin gutxikoak.

Euskal langile mugimenduaren lehenengo urratsak sozialistek gidatu bazituzten ere, XX. mendearen lehenengo urteetan bestelako joera ideologiko batzuk saiatu ziren beren eragina hedatzen langileen artean eta elkarteak sortu zituzten. Sozialismoaren nagusigoa murriztu nahirik, lehen sindikatu katolikoak sortu ziren. Elkarte horiek mistoak -ugazaba eta langileak batzen zituzten- eta horiak -ugazaben laguntza ekonomikoa jasotzen zuten- ziren eta batzuetan izaera paternalista (heziketarako erakundeak, adibidez) edo mutualista zuten. Nafarroan, esate baterako, 1881etik Centro Escolar Dominical de Obreros izeneko elkartea bazegoen. Araban Asociación Católica de Obreros deituriko elkarren laguntzarako erakundea sortu zen 1888. urtean eta 1905.urtean Cadena y Eleta apezpikuak Centro de Obreros Católicos elkartearen sorrera bultzatu zuen. Bizkaian La Arboledan langile-elkarte katoliko bat sortu zuten 1906. urtean.

FMR 2011



1911.urtetik Errestaurazioaren amaierara arte Euskal Herriko langile-mugimenduaren bilakaeran bi ezaugarri azpimarratzekoak dira: hazkundea edo hedapena, batetik, eta aldaketa edo langile-mugimenduaren adierazpen berrien sorrera, bestetik. Lehen Mundu Gerraren garaian, Espainiaren neutraltasunari esker, euskal ekonomiak, eta industriak batez ere, hazkunde handia izan zuten. Enpresen etekinak handitu baziren ere, ez ziren langileriaren bizi-baldintzak hobetu. Inflazioa eta garestitzearen ondorioz, soldata errealak jaitsi ziren. Bestalde, 1917tik behintzat Errestaurazioaren sistema politikoaren krisi larria azaldu zen eta langile-mugimenduaren sektore batzuk parte hartu zuten prozesu horretan, Monarkia kentzeko mobilizazioak eta greba iraultzaileak bultzatuz.

Sozialismoak euskal langileen artean zuen lehentasunari eutsi bazion ere, bere estrategia aldatu zuen, arlo politikoan zein sindikalean. 1909eko azaroan PSOEk politika berri bat hasi zuen Espainian. Aurreko bakartze politikoaren ordez, errepublikanoekiko lankidetza bultzatu zuten sozialistek. Facundo Perezagua, Bizkaiko sozialisten buru, politika horren kontra zegoen. Bizkaiko sozialismoan tirabirak sortu ziren eta azkenik 1914en Indalecio Prietoren joera nagusitu zen. Prietok garrantzi handia ematen zion hauteskundeetako borroka politikoari eta bere ustez errepublikanoekiko aliantza ezinbestekoa zen sozialismoak hauteskunde-garaipenak lor zitzan. Errepublikano eta sozialisten arteko koalizioaren buru izanik, Prieto hautatu zuten Bilboko diputatu Espainiako Kongresuan 1918 eta 1923 bitartean egindako hauteskunde guztietan. Aldi berean, lan-arloan ere jokabide berria erabili zuten sozialistek. 1911eko meatzaldeko greba orokor baten porrotaren ondoren, lan-politika zuhurragoa, moderatuagoa eta pragmatikoagoa hartu zuen euskal sozialismoak. Lan-gatazkek aurreko garaiko indarkeriazko kutsua galdu zuten eta ugazaba eta langileen elkarteen arteko negoziazioaren bidez konpondu ohi ziren.

Sozialismoak bere eragina zabaltzen segitu zuen, tokiko erakunde gehiago sortuz eta bazkideen kopurua handituz, batez ere Bizkaian eta neurri txikiagoan Gipuzkoan ere bai. Esaterako, Bizkaian UGTk 1909.urtean 2.000 bazkide inguru zituen eta 12 urte geroago 20.000 baino gehiago. Gipuzkoako UGTren afiliatuak 119 ziren 1909. urtean eta 1921ean 4.053. Hazkunderik handiena 1917tik aurrera gertatu zen, Espainia osoan lan- eta politika-gatazkak areagotu ziren unean hain zuzen. Araban eta Nafarroan hazkundea askoz txikiagoa izan zen eta UGTren bazkideen kopuruak oso maila apalean segitu zuen: Araban 54 UGTren kide ziren 1909ean eta 1921ean 325; Nafarroan bazkide kopurua 162 tik 1.124ra pasatu zen garai berean.

UGTren bazkideen kopurua, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1909tik 1921era
Iturria: Fusi, J.P.: Política obrera en el País Vasco (1880-1923), Madril, Turner, 1975, 489 orr.
UrteaBizkaiaGipuzkoa
19092.171119
19118.968161
19162.963291
19174.646617
192018.0021.322
192121.8414.053

Euskal sozialismoak jokabide politiko eta sindikal moderatuagoa erabiltzen zuen bitartean, sindikalgintzaren bestelako joera erradikalago batzuk sortu edo indartu ziren: anarkosindikalismoa eta komunismoa. XX. mendearen hasierara arte anarkismoaren eragina oso eskasa izan zen euskal langileen artean. Espainian 1911ean anarkosindikalistek CNT sindikatua sortu zuten eta 1919ean "sindikatu bakarren" (sindicatos únicos) sorrera bultzatu zuten, aurreko ofizioko elkarteen ordez. Sindikatu bakarrean ekoizpen-adar bereko langile guztiak biltzen ziren. Sindikatu mota hau Euskal Herrian ere praktikan jarri zuten eta anarkosindikalistek zenbait sindikatu bakar eratu zituzten. Esate baterako, Barakaldon 1919ean Burdingintzaren Sindikatu Bakarra (Sindicato Único del Arte del Hierro) sortu zuten. Greba-kanpaina gogorra bultzatu zuen baina sindikatu bakarra indargabetzeko asmoz ugazabek Sindikatu Metalurgikoarekin (UGT) akordioetara heldu ziren. Iruñan ere sindikatu bakarra sortu zuten 1921ean. Gasteizen Lanbideen Sindikatu Bakarra (Sindicato Único de Oficios Varios) sortu zuten. 1921etik aurrera anarkistek buruturiko atentatu batzuen ostean (adibidez, La Naval ontziolan eraikitzen ari zen Alfonso XIIIaren ontziari su eman edo Labe Garaien gerentearen hilketa) legez kanpo gelditu eta jazarriak izan ziren.

1917ko iraultza boltxebikearen ondorioz, sozialismoaren zatiketa gertatu zen Europa osoan. Moskuren aginduak eta eredua zabaltzeko helburuz, nazioarteko erakunde sozialista berria (Hirugarren Internazionala) sortu zuten boltxebikeek. Espainian sozialisten eta Hirugarren Internazionalaren aldekoen (komunistak) arteko zatiketa 1921ean gertatu zen, PSOEk apirilean buruturiko ezohizko biltzarrean. Ondorioz, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) sortu zen. Euskal Herrian alderdi sozialistak afiliatu gehiengoari eutsi bazion ere, sektore sindikal eta politiko batzuk alderdi komunistaren bidea jarraitu zuten, batez ere Bizkaian. Esate baterako, Facundo Perezagua, Oscar Pérez Solis, Leandro Carro edo Dolores Ibarruri atxiki zitzaizkion alderdi komunista berriari. 1921 eta 1923 bitarteko krisi ekonomikoaren testuinguruan, komunistek sozialisten politika erreformista errefusatu zuten eta langile-mugimendua erradikalizatzen saiatu ziren.

1911ean lehen sindikatu abertzalea sortu zen: Euzko Langillien Alkartasuna edo Solidaridad de Obreros Vascos (geroago Solidaridad de Trabajadores Vascos, ELA-STV). Eusko Alderdi Jeltzaleak euskal langileen artean sozialismoaren hedapenaz kezkatuta, sindikalgintza abertzalea sortzeko ekimena bultzatu zuen. Prozesu horretan Policarpo Larrañaga, abade eta sindikalgintza katolikoaren propagandista famatua, nabarmendu zen. Ideologiari dagokionez, SOV "jaunkoi" eta "aberkoi" zen, orduan esaten zen bezala. Elizaren gizarte-doktrinan oinarritzen zen eta klaseen arteko borrokaren ordez, ugazaba eta langileen arteko harremanak "harmonizatu" nahi zituen. Hala ere, SOV ez zen sindikatu mistoa ezta horia ere. Nagusiengandik aldenduta jardun zuen, langileriaren interesak defendatzeko helburuz, era moderatuan baina presioko tresnak eta grebaren erabilera baztertu barik. Hazkunde arina izan zuen (10.000 kide inguru 1920 urtean) baina geografikoki desorekatua, ez baitzen Araban eta Nafarroan errotu bere lehenengo urteetan behintzat.

Sindikalgintzaren hedapen eta finkapenarekin batera, lan-gatazkak areagotu eta ugaritu egin ziren, batez ere 1916. urtetik aurrera, hots, koiuntura ekonomiko (Gerra Handiaren oparotasun aldia eta soldata errealen beherakada) eta politiko (Errestaurazioaren krisia) berrietan. Esaterako, Bizkaian 1916ean Metalurgiako Langileen Sindikatuak (elkarterik indartsuena) greba egitera deitu zuen. Gatazka horren ondoren, lanuzte-bolada hasi zen 1917eko abuztuko greba orokorrera arte. 1920ean metalurgikoek grebarako deia egin zuten berriro ere. Baina aurreko garaian ez bezala, oraingoan lan-gatazkakortasuna ez zen Bizkaira mugatu. Gipuzkoan ere lan-gatazkak ugaldu ziren eta lehen greba orokorrak (1916eko abenduan, 1917ko abuztuan eta 1920eko maiatzean) egitera deitu zuten sindikatuek. 1918 eta 1920 bitartean Gipuzkoan 100 greba baino gehiago egin ziren. Gasteizen ere langileen antolomendua eta lan-gatazkak areagotu ziren. 1916 eta 1920 bitartean 48 lanuzte egin ziren eta bi greba orokorrerako dei egin ziren. Gatazkak ugaldu baziren ere, lan-harremanak elkarrizketaren bidez gidatzeko joera nagusitu zen apurka apurka. Aurreko garaiko lan-gatazken bortizkeriaren eta inkomunikazioaren ordez, ugazaberia eta langileriaren elkar aitorpena eta negoziazioa erabiltzen zen gero eta gehiagotan.

FMR 2011

Primo de Riveraren diktadurak eten egin zuen euskal sindikalismoaren aurrerabidea. Sindikatuen bazkideen kopuruak behera egin zuen 1926 urtera arte behintzat. Bizkaian, esate baterako, UGTk 7.000 afiliatu galdu zituen 1922tik (17.000 bazkide) 1928ra (10.000 kide). Arrazoi sozio-ekonomiko eta politikoek eragin zuten beherakada hori. Batetik, langileen bizi-baldintzek hobera egin zuten garai hartan: langabezia murriztu zen, prezioek behera egin zuten eta soldata errealak igo ziren, langileen erosteko ahalmena handituz. Bestetik, diktadurak komunistak eta anarkosindikalistak jazarri zituen. SOV eta UGT, aldiz, baimendu zituen eta erregimenarekin lan egin zuten. Dena den, Espainian zein Euskal Herrian Primo de Riveraren Diktaduraren garaian gizarte-lasaitasuna nagusitu zen, lan-gatazkak ia desagertu ziren eta greben kopuruak behera egin zuen nabarmen.

Diktadurak lan-harremanak erakundeen bitartez bideratzeko asmoz Organización Corporativa Nacional sortu zuen 1926. urtean. Bertan Batzorde Parekideen sistema (ugazaba eta langileriaren ordezkaritza parekoa zutenak) eratu zen, lan-gatazkak konpondu edo bideratze aldera. SOVek, UGTk eta sindikatu katolikoek parte hartu zuten Batzorde Parekideetan eta elkarren lehian ibili ziren langileriaren ordezkaritza erakartzeko, anarkosindikalistak eta komunistak klandestinitatean gelditzen ziren bitartean. Egoera horretan UGTk eta SOVek euren egitura organikoak finkatu zituzten. Batzorde Parekide horietan langileen ordezkaritza osoa botorik gehien lortzen zituen hautagai zerrendarentzat ziren; hori dela eta ELA sindikatuak, katolikoak eta libreak Bloque de Unión Sindical sortu zuten, UGT sindikatua gainditzeko helburuz. Blokeak arrakasta batzuk (batez ere Bizkaiko metalurgian) lortu bazituen ere, UGT nagusitu zen batzorde garrantzitsu gehienetan.

Primo de Riveraren diktadura krisian sartu zenean, langile-mugimenduaren jarduera eta estrategia aldatu zen. PSOEk erregimenarekin lan egiteari utzi zion. Langile-mugimendua eta lan-gatazkak berpiztu egin ziren. Esate baterako, Bilbon 1930eko urrian greba orokorrerako deia egin zen eta Espainia osoan deituriko 1930eko abenduko greba orokorrak Gipuzkoan istilu larriak sortarazi zituen.

FMR 2011

Hainbat gizarte-talderentzat II. Errepublikaren aldarrikapenak itxaropen handiko garaiari eman zion hasiera. Langile-elkarteek eskakizun nagusiak lortzeko garaia heldua zela uste izan zuten. Horregatik langile-mugimenduaren politizazioa areagotu zen eta elkarteak indartu ziren nabarmen. Horren froga langile-erakundeen bazkideen kopuruaren gorakada dugu. Esate baterako, 1933. urtean Bizkaian populazio aktiboaren %32,48 sindikatu baten bazkide zen, Gipuzkoan % 30,77, Nafarroan % 18,70 eta Araban populazio aktiboaren %11,06. Urte horietan UGT eta SOV ziren Euskal Herriko sindikatu nagusiak. UGT Bizkaian 34.000 afiliatu izatera heldu zen. Bitartean SOVek hazkunde itzela lortu zuen eta sindikatu sozialistak izandako nagusigo historikoa murriztu zuen. Lau probintzietan 37.000 bazkide inguru izatera heldu ziren solidarioak. Hala ere, bitasun sindikal horren atzean alde handiak zeuden eskualde batzuk eta besteen artean. UGTk nagusigoari eutsi zion Bizkaian, Eibar eta Donostia-Irun ardatzean. Bitartean SOV lehen sindikatu bihurtu zen Araban, Gipuzkoan eta Bizkaiko nekazari-eremuetan. Komunistek bere sindikatua sortu zuten, Confederación General del Trabajo Unitario, baina 1935ean UGTen sartu ziren berriro.

Errepublikaren lehen biurtekoan krisi ekonomiko larria bazegoen ere, lan-gatazkakortasuna ez zen handia izan. Indalecio Prietoren lidergopean, euskal sozialismoaren estrategia moderatua izan zen. Erregimen berria eta Gobernu erreformista finkatzeari eman zioten lehentasuna sozialistek. Estrategia grebazalea alboratu eta lan-gatazkak bideratzeko Largo Caballero Lan-Ministro sozialistak ezarritako adiskidetze- eta arbitraje-erakundeak (epaimahai mistoak) erabili zituzten. Solidarioek ere ugazabekin negoziazio-bidea bultzatu zuten. Komunistek eta anarkosindikalistek, berriz, ez zuten Errepublika babestu eta gatazkaren bidea sustatu zuten. Hala ere eurek deituriko greba gehienek porrot egin zuten. Honek beren jokabide grebazalea ahuldu zuen, batetik, eta SOV eta UGT sindikatuak eta beren estrategia negoziazalea indartu zituen, bestetik.

1933. urtean egoera politikoa aldatu zen eta horren ondorioz langile-mugimenduaren jokabidea ere bai. Espainian errepublikano eta sozialisten arteko aliantza hautsi zen. 1933eko azaroko hauteskundeetan eskuineko alderdiak nagusitu ziren. Gobernuaren aldaketa eta erreforma-politikaren etenaldiarekin batera, lan-gatazkak ugaritu ziren berriro, langile-mugimendua erradikalizatu zen eta helburu politikoko greba orokor asko deitu ziren. UGTk moderazioaren bidea utzi eta jokabide iraultzailea hartu zuen, anarkosindikalista eta komunistekin batera. Eskuineko indar eta faxismoaren hedapenaren beldur zirela, boterea hartzeko iraultza bat prestatu zuten, Errepublika jarrera atzerakoira desbideratu ez zedin. 1934eko urrian saiakera iraultzailea burutu zuten sozialistek, komunistek eta anarkistek. SOV edo ELA-STV sindikatuaren zuzendaritza grebaren kontra bazegoen ere, sindikatuaren militante batzuk greban parte hartu zuten. Urriko saiakera iraultzaileak Bizkaian eta Gipuzkoan erantzun handia izan zuen, langile eta armadaren arteko borrokak gertatu ziren, biktima ugari eraginez. Iraultza saioak huts egin zuenetik 1936ko otsailera arte sindikatuen errepresioa eta gainbehera etorri zen. Euskal sozialismoak porrot horren ondoren moderazioaren bidea eta Errepublika demokratikoaren aldeko jarrera hartu zuen berriro, jokabide iraultzailea baztertuz.

Frente Popularraren hauteskunde-garaipena gertatu zenean (1936ko otsailean) berriro ere berpiztu zen langile-mugimendua eta gogortu egin ziren langileen borrokak. Gatazka ugari lehertu ziren sindikatu eta patronalaren artean hilabete horietan. Guda zibila hasi zenean sindikatuak (sozialistak, anarkistak, komunistak eta nazionalistak) Errepublikaren alde borrokatu ziren, altxaturiko militarrek alde nazionalean langileen elkarteak debekatu eta jazartzen zituzten bitartean.

FMR 2011

Estatu frankistaren helburuetako bat klaseen arteko borroka eta langile-mugimendua indargabetzea izan zen. 1938eko Lanaren Foruaren bitartez aurkeztu zuen bere politika langileriari eta lan-harremanei dagokienez. Lege horrek langile-elkarteak sortzeko eta greba egiteko eskubidea ukatu zuen. Debekaturiko sindikatuen ordez, erregimen frankistak Falangeren agindupeko sindikatu bakarra (sindikatu bertikala) sortu zuen. Erakunde hori ez zen langileriaren ordezkari -bertan ugazabak zein langileria batzen ziren- ezta ekintza kolektiboa bideratzeko tresna ere. Aldiz, OSE (Organización Sindical Española) izeneko erakundea langileria kontrolatzeko helburuz Estatuak sortutako baliabide zen. Langileriak bizkar eman zion sindikatu bakarrari eta bere egituratik at langile-mugimendu autonomoa garatu zen, apurka-apurka baina gero eta sendoago frankismoan zehar.

Hala ere, frankismoaren lehen urteak oso gogorrak izan ziren langile-mugimenduarentzat (sindikatuak debekatuta, euren buruzagiak kartzelan, erbestean edo hilda, errepresio gogorraren ondorioz) zein, oro har, langileentzat (autarkiaren garaiko gosetea eta errazionamendua, soldata errealen beherakada, bizitza-baldintzak okerragotzea). Egoera horretan langileriak ezer gutxi egin zezakeen. Baina aliatuek II. Mundu Gerra irabazi zutenean oposizioaren itxaropenak berpiztu ziren. Europako erregimen faxistak mendean hartutakoan, bazirudien Estatu frankista ere jausi zitekeela. Nazioarteko egoera politiko horretan langileria erregimen frankistaren kontra mobilizatzeko saiakerak egin ziren. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin batera, 1947eko Maiatzaren 1erako greba orokorrera deitu zuen. Grebak Bizkaian eta Gipuzkoan erantzun zabala izan bazuen ere, azkenik langileek lanera bueltatu behar izan zuten ezer lortu gabe eta errepresio gordina pairatu ostean. Bizkaiko Gobernadorearen aginduz lanetik bota zituzten greban parte hartu zuten behargin guztiak, laneko antzinatasun eskubidea kendu zieten eta langileek banaka egin behar izan zuten lantegira itzultzeko eskabidea. 1951eko apirilaren 23an deituriko beste greba orokor antifrankistari sostengu handia eman zion langileriak, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Nafarroan ere. Baina greba hauek salbuespenak izan ziren. Frankismoaren lehen urteetan langile mugimenduaren ahultasuna, gainbehera eta ezina nabariak ziren. Aipaturiko mobilizazio horiek ez zuten jarraipenik izan hurrengo urteetan. 50eko hamarkadaren hasieran belaunaldi baten nekeak, errepresioak eta diktaduraren jarraipenak Francoren aurkako erresistentzia agortua zuten.

1957ean erregimen frankistak politika ekonomikoa aldatu zuen, autarkia eta estatuaren interbentzionismoaren ordez, liberalizazio eta atzerrirako irekiera ekonomikoa ezarriz. Lan-harremanak ere aldatu ziren norabide horretan. 1958. urtean Hitzarmen Kolektiboen Legea onetsi zuen Gobernuak, langileria eta ugazaben artean lan-baldintzen negoziazioa onartuz (ordura arte administrazioak zehazten zituen), beti ere sindikatu bertikalaren esparruan. Euskal Herrian 60eko hamarkadatik 70eko krisira arte hazkunde ekonomiko itzela izan zen. Industrializazio-prozesua areagotu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Arabara eta Nafarroara hedatu zen indar handiz. Bigarren industria-iraultza horren ondorioz, sekulako migrazio-mugimenduak izan ziren eta langile etorkinen kopuru handia ezarri zen industria-guneetan. Prozesu horren ondorioz langile-klase berri bat eratu zen, belaunaldi gazteago batekoa -guda zibila bizi izan ez zuena, alegia-, aurreko sindikalgintzarekin harremanik izan ez zuena eta desarroilismoko testuinguru soziokulturalean jaioa. Eta langileria berri horrek elkarte, estrategia eta ekintza kolektiboko bide berriak jorratu zituen.

Langile-Batzordeak (Comisiones Obreras) izan zen garai hartan sorturiko elkarterik esanguratsuena. Hitzarmen Kolektiboen Legearen ondorioz, langileak lan-baldintzak ugazabekin negoziatzeko ordezkariak izendatzen hasi ziren, kasu askotan sindikatu bertikalaren egituratik kanpo. Modu espontaneo horretan eratu ziren hainbat "langileen batzorde" eta gero probintzia zein Estatu mailan antolatu ziren. Bizkaian Probintziako Langile-Batzordea (Comisión Obrera Provincial) 1963an eratu zen, aurreko urteko greba batzuen ondoren eta gatazka horietan parte hartu zuten hainbat enpresatako langileen batzordeak koordinatzeko helburuz. Ideologia zehatzik gabeko mugimendu sindikal horren sorreran eta garapenean langile katolikoak (USO -1961ean legez kanpo langile katolikoek sortutako Unión Sindical Obrera-, JOC -Juventud Obrera Católica- eta HOAC -Hermandad Obrera de Acción Católica-) eta Alderdi Komunistaren kideak nabarmendu ziren. Estrategia bikoitza erabili zuten Langile-Batzordeek, legezko bideak eta legez kanpokoak uztartuz: batetik, klandestinitateko lana, protestak, grebak eta mobilizazioak; bestetik, sindikatu bertikalean sartzea eta barnetik borrokatzea. Horrela 1966eko hauteskunde sindikaletan arrakasta handia lortu zuten baina orduan erregimen frankistak errepresioa erabili zuen eta 1967an legez kontrakotzat jo zituen Langileen Batzordeak Auzitegi Gorenak. Sindikatu historikoek berriz, zeharo errefusatu zuten sindikatu bertikalean sartzeko estrategia. UGTk, CNTk eta ELA-STVk 1961ean indarrak koordinatzeko Euskadiko Aliantza Sindikala sortu bazuten ere, barne desadostasunak ugariak izan ziren eta azkenik ELA irten zen 1972an. Bestalde UGTn zein ELAn oso aldendurik zeuden erbesteko zuzendaritza eta barneko militanteak eta ELAren kasuan zenbait zatiketa (ELA-Biarritz, erbesteko zuzendaritza; ELA-Berri; ELA-MSE edo Movimiento Socialista de Euskadi) gertatu ziren urte horietan.

Lan-gatazkak berpiztu egin ziren batez ere 1962. urtetik. Greba gehienetan langileen helburuak sozioekonomikoak izaten ziren: soldaten igoera, lan-baldintzen hobekuntza, oporraldia edo eskubide sindikalak. Hala ere, frankismoak langileriaren antolamendu autonomoa onartzen ez zuenez, greba bera egitea ekintza antifrankista bihurtu zen, izaera eta esangura politikoa hartuz. Lan-gatazkak lau probintzietara zabaldu ziren. Gatazkarik entzutetsuenak Etxabarriko Bandas de Laminación (1966-67 urteetan, 163 egun iraun zuen greba honek eta elkartasuneko adierazpen handiak bereganatu zituen) eta Burgosko epaiketaren kontrako greba orokorrak (1970) izan ziren. Frankismoaren azken bi urteetan langileriaren mobilizazioa eta politizazioa areagotu zen nabarmen. Ondorioz, 1974 eta 1975 urteetan grebak ugaldu ziren izugarri. Garaia hartan krisi ekonomikoaren lehen aztarnak hasi ziren sumatzen eta frankismoaren krisi politikoa agerikoa zen. Egoera horretan langile-mugimendua frankismoaren krisiaren eragile nagusietakoa bihurtu zen, erregimenaren ezintasuna lan-harremanak zein gatazkak bideratzeko agerian utziz.

FMR 2011

Franco hil ondoren sindikatuak legeztatuak izan ziren 1977. urtean. Egoera politiko berrian euren egiturak berrantolatu zituzten. Langileen Batzordeak sindikatuan bi joera zeuden garai hartan: batetik CONE (Comisión Obrera Nacional del País Vasco), gehiengoa zuena eta Alderdi Komunistaren eraginpekoa zena; bestetik, joera erradikalago bat, LKI, ORT, edo EMK talde politikoek bultzatua. 1978ean egindako Euskadiko CCOOen I Kongresuan batu ziren biak. ELA-STV-k ere barne zatiketak gainditu zituen Eibarren buruturiko III Kongresuan (1976), erbesteko zuzendaritzak zekarren zilegitasun historikoa eta barneko klandestinitatean sortutako talde sindikal berriak uztartuz. Bere aldetik, UGT frankismoko urte gogorretan euskal lantegietan galdutako eragina berreskuratzen hasia zen diktaduraren azken urteetatik. LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) sindikatuaren sorrera 1974ean izan zen euskal sindikalgintzaren berrikuntza nagusia garai hartan. Bere jatorria ETAk bultzaturiko Langile-Frontea zen eta 1978an bere I Kongresua egin zuen.

Trantsizioan zehar legedi berria onetsi ondoren, hauteskunde sindikal libreak deitu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoan (E.A.E.) 1982eko hauteskundeetako emaitzak honakoak izan ziren: ELAk ordezkari sindikalen %30,24 eskuratu zuen; UGTk 21,54%; CCOOek %17,12; LABek %5,56; sindikatu gabekoek 14,78%; eta beste sindikatu batzuk % 10,46. Nafarroan, berriz, UGT izan zen ordezkari gehien eskuratu zuena (%25,99), ELA (% 15,74) eta CCOO (%13,46) sindikatuen aurretik. Hala ere, Nafarroan azpimarratzekoa da sindikatu gabekoek lortutako ordezkarien % 22,10.

XX. mendeko azken hamarkadetan eta XXI. mendeko lehen urteetan ELAk E.A.E.an bere indarra handitu eta finkatu du, eta ordezkari gehien duen sindikatua izan da. Aldi berean LABen ordezkaritza handitu da, %15 ingurura heldu arte. 1994etik bi sindikatu abertzaleok ekintza batasuneko politika bideratu dute eta Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eraikitzea izan da euren errebindikazio nagusia. Garai horretan CCOO sindikatua E.A.E.ko bigarren sindikatua bihurtu da, UGTek ordezkariak galdu dituen bitartean. Nafarroan, aldiz, UGT ordezkari gehieneko sindikatua izan da. 2006eko hauteskundeetan ordezkarien %30a lortu zuen sindikatu sozialistak, CCOOek % 24,42, ELAk %21,47 eta LABek %12,27.

Euskal sindikatuek lorturiko ordezkarien ehunekoa Euskal Autonomia Erkidegoan (1982-2006)
Iturria: Elecciones sindicales en la CAPV. Procesos y resultados. Bilbao: CRL-LHK, 2008, 53-57 orr.
1982199019982006
ELA30,2437,8440,3640,7
CC.OO.17,1217,5217,4219,89
UGT21,5419,5515,9213,01
LAB5,8613,1615,4716,75
Sindikatu gabeak14,783,283,022,82
Beste batzuk10,468,657,826,83

Franco hil ondorengo hilabeteetan lan-gatazkakortasuna une gorenera iritsi zen. Sindikatuak artean legez kanpo zeuden eta langile-mugimendua oso politizatua, Monarkiaren lehen gobernuak frankismoaren azaleko erreforma bultzatzen zuen bitartean. Langileriaren mobilizazioak eta grebak, beste eragile batzuekin batera, erabakigarriak izan ziren egitasmo politiko horrek porrot egin zezan eta demokraziarako igarobidea gerta zedin. Testuinguru horretan kokatzen dira Gasteizko 1976eko Martxoaren 3ko gertakariak: Arabako hiriburuan deitutako greba orokorreko egun hartan, langileen asanblada baten aurka poliziak egindako erasoen ondorioz, bost langile hil ziren. Bestalde, krisi ekonomiko, langabezi tasaren gorakada eta industria-birmoldaketaren ondorioz, lan-gatazka ugari gertatu ziren 80eko hamarkadatik aurrera. Mobilizazio horien helburu nagusia lanpostuak mantentzea izaten zen eta adibiderik esanguratsuenak Euskalduna ontziola ez ixteko borrokak (1984) edo Bizkaiko Labe Garaiko beharginek egindako Burdinako Martxa (1992) Madrileraino. Industria-birmoldaketaren aurrean euskal sindikatuek jokabide desberdinak azaldu zituzten. Esaterako, UGTk negoziazioaren bidea bultzatu zuen bitartean, LABek prozesuaren kontrako erabateko ukatze erradikala proposatu zuen. 90eko hamarkadatik sindikatuen arteko desadostasun nagusia Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren auzia izan da. Horren ondorioz bi bloke sindikal eratu dira: batetik, horren alde dauden sindikatu abertzaleak, alegia ELA eta LAB, eta bestetik UGT eta CCOO.

FMR 2011

  • CASTELLS, L.; DIAZ FREIRE, J.J.; LUENGO, F.; RIVERA, A. "El comportamiento de los trabajadores en la sociedad industrial vasca (1876-1936)". Historia Contemporánea, 1990, 4 zk., 319-340 orr.
  • ELECCIONES sindicales en la CAPV. Procesos y resultados. Bilbo: CRL-LHK, 2008.
  • FUSI, J. P. Política obrera en el País Vasco, 1880-1923. Madril: Turner, 1975.
  • MAJUELO, E. Historia del sindicato LAB Langile Abertzaleen Batzordeak 1975-2000. Tafalla: Txalaparta, 2000.
  • OLABARRI, I. "Las relaciones laborales (1841-1936). Balance y perspectivas de investigación". INTXAUSTI, J. (zuz.) Euskal Herria. Historia eta Gizartea. Arrasate: Lan Kide Aurrezkia, 1985.
  • PÉREZ, J.A. Los años del acero : la transformación del mundo laboral en el área industrial del Gran Bilbao [1958-1977] : trabajadores, convenios y conflictos. Madril: Biblioteca Nueva, 2001.
  • UNANUE, J.M. Las relaciones laborales en Euskal Herria. Apuntes históricos y análisis de su evolución desde la transición política. Bilbo: Manu Robles-Aranguiz Institutua, 2002.

FMR 2011