Literatoak

Mitxelena, Salbatore

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Zarautz, 1919-Chaux-de-Fonds, 1965.

Salbatore Mitxelena Zarautzen jaio zen 1919ko urtarrilaren 18an. Lehen ikasketak herrian bertan egin ostean, 1930etik 1935era Arantzazuko eta Foruako frantziskotarren ikasle izan zen. Foruan zegoenean hasi zen, hain zuzen, olerkiak idazten, hamabost urte zituela, hildako amari eskainitakoa tartean. Ikasle arduratsua omen zen, baina eskoletan irakasle-abadeek esanikoak ez zituen beti ontzat ematen, eta hortik zenbait arazo etorri zitzaizkion, antza. Eskoletako ikasgaiekin ados egon ez eta bere kabuz ere ikasten aritzen zen, debekaturiko liburuak barne.

1935ean Zarautzen jantzi zuen frantziskotar abitua. Olitera joan zen ikasten, non Espainiako Gerra Zibilak bete-betean harrapatu baitzuen. Filosofia-ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen, armadari batzeko. Ia hiru urtez ibili zen fronterik fronte, harik eta, gerra amaituta, Olitera itzuli zen arte. Gerra osteko urte latzak ziren, eta Mitxelena bera behea jota ibili zen gerraren emaitzak eta, batik bat, ondorioak, ikusita.

Arantzazuko "Bai" euskal taldeko sortzaileetako bat izan zen: aldizkari klandestinoa egiten zuten taldekideek eskuz, eta eskutik eskura banatzen zuten santutegian bertan, ezkutuan. 1943an Arantzazun abadetu zen. Handik Donostiako Atotxako komentura joan zen. Sermolari ona zela eta, Gipuzkoa eta Nafarroan barrena ibili zen hainbat urtez. Alabaina, jasanezina egiten zitzaizkion elizaren zenbait jarrera eta jokamolde, hala nola, diktadurako agintariekin zeukan bat-etortzea, eta Ameriketara bidal zezaten eskatu zuen.

Hego eta Ertamerikako herrialdeetan barrena sermoiginen ibili. Besteak beste, Uruguai, Peru, Kolonbia, El Salvador, Costa Rica, Kuba, Bolivia eta Panamán egon zen. Time aldizkarirako misioen gaineko erreportajea idatzi zuenean, Mitxelena bera atera zuten azalean. 1962an Suitzara joan behar izan zuen, Espainiatik hara joandako beharginen kaperau.

Salbatore Mitxelenaren obra nagusia Arantzazu euskal-sinesmenaren poema (1949) da, Espainiako Gerra Zibilaren ostean Euskal Herrian euskaraz kaleratutako lehenengo liburua. Arantzazuko santutegiaren historia kontatzen du Mitxelenak bertan, sortu aurreko nahiz osteko gertakizun eta kontakizunen bitartez. Liburua, baina, ez da aipaturiko santutegiaren historia hutsa; izan ere, Arantzazuren inguruko jazoerak Euskal Herri mailakoekin uztartzen ditu zarauztarrak. Hizpide dugun obra idazteko, bada, denbora luzea egin zuen Mitxelenak Arantzazuko liburutegian dokumentazio-lana egiten, historialarien kronikekin batera, ahoz nahiz idatziz sorturiko eta bilduriko istorio, balada, kantu eta bertsoak erabili baitzituen. Nolabait esatearren, material horiek guztiak irentsi, asimilatu eta kontzentraturik bueltatu zituen Mitxelenak. Bestalde, ohikoak ziren erromesaldiak mintzagai ditu, bai eta erromes xeheak (nekazariak eta arrantzaleak, kasurako) ere. Kristau sinbologiak eta martirioari lotutakoak indar handia daukate. Aurrekoak ikusirik, pentsa liteke epika dela nagusi, baina Iñaki Aldekoarekin (2004: 153) bat egiten dugu obra horretan lirika gailentzen dela dionean.

Liburuak 3.600 bertso-lerro eta hiru atal zituen, baina 1949an bi baino ezin izan ziren argitaratu zentsura zela eta. Hirugarrena, dena dela, erbesteko Euzko Gogoa aldizkarian kaleratu zen 1955ean.

Mende hasierako eta gerra aurreko poeta nagusiengan agertzen ziren zenbait elementu agertzen dira Arantzazu, euskal poema liburuan: lurraz, etxeaz, hizkuntzaz edo aberriaz egiten diren gogoeta-moldeak nahiz beroriek agertzeko eta ezaugarritzeko bideak, kasurako, Arrese Beitia, Emeterio Arrese, Lauaxeta eta Orixerengan agertzen ziren. Hori horrela, nolabait esatearren, Salbatore Mitxelenak ez zuen aurreko belaunaldi(eta)ko poeta nagusiekiko hausturarik ekarri (zenbait alorretan, behintzat):

"Arrese-Beitia, Emeterio Arrese, Satarka, Jauregi, Lauaxeta, Orixe, Etxaniz, Gaztelu... constituyen eslabones sucesivos de una misma representación que alcanza en Mitxelena, y algo después en Gandiaga [Elorri, EFA, 1962], su mayor grado de espiritualidad y sacralidad" (Aldekoa, 2004: 154).

Arantzazu, euskal poema lanaren ostean poesiaren bidean eginiko lanek ez zuten 1949koaren arrakastarik lortu: Ama-semeak Arantzazuko kondairan (EFA, 1951), Ogei kanta Arantzazuko (EFA, 1952), Arraun ta amets (Itxaropena, 1955).

Poesia-liburuez gain, bada aipatu beharreko saiakera bat: Unamuno eta Abendats. Bilbotar filosofoaren eta Euskal Animaren jokerei antzemate batzuk (1958). Liburua Mitxelenak idatzi zuen Ameriketan zegoenean, eta "Iñurritza" ezizenaz argitaratu zen Baionan. Euzko Gogoa Saria irabazi zuen. Ezagunak dira Unamunok euskararen gainean esan zituenak nahiz bilbotarraren adierazpenek euskaltzaleengan sortu zuten (eta duten) ezin ikusia eta amorrua. Bada, Mitxelenak jarrera horren kontra egin zuen liburu hartan: Unamunorenganako errespetua agertzeaz gain, haren euskalduntasuna ere aldarrikatu zuen:

"Salbatore Mitxelena es, a su modo, un existencialista. Subrayo " a su modo" porque difícilmente se pueden conciliar como hizo él (...) el existencialismo trágico unamuniano con la ortodoxia de la Iglesia católica anterior al Concilio Vaticano II. El ensayo Unamuno y Abendats es lo más interesante y actual que escribió el autori si se mira desde un prisma contemporáneo" (Aldekoa, 2004: 154).

Halere, Mitxelenaren existentzialismoaz hitz egitean, ezin pentsa dezakegu Txillardegik 1957ko Leturiaren egunkari ezkutua obran agertu zuenekotik hurbil zegoenik.

1965ean hil zen, Suitzan, Salbatore Mitxelena. Urte hartako gabon bezperan ekarri zuten gorpua Zarautzera.