Itzultzaileak

Mendizabal, Fernando

Gipuzkoar idazlea eta itzultzailea. Zaldibian jaio zen 1934ko abenduaren 13an, eta Donostian hil, 2011ko martxoaren 22an.

Frantziskotarra izan zen gaztaroan, eta Euskaltzaindiko kide, 1964tik. Jakin aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, Iñaki Bereziartuarekin, Iñaki Bastarrikarekin eta Imanol Urbietarekin batera, eta lan garrantzitsuenetako batzuk bertan eta Goiz-Argi eta Euskera aldizkarietan argitaratu zituen.

Itzultzaile gisa egin zituen lanen artean, honako hauek aipagarriak dira: Maria (1957, Perez Lozano); Tantan lapurretan (1959, A. Montero); Lau Ebanjelioak (1962), Arantzazuko beste erlijioso batzuk lagunduta; Prolegomenoak (Kant, 1995) eta Hezkuntza eta Soziologia (Emile Durkheim, 1993).

1972an, Gramatika txikia euskeraz argitaratu zuen. Zenbait obra gehiago idatzi ditu, euskaraz, guztiak. Urte asko eman zituen lanean UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroan, eta Euskadiko Udako Unibertsitatean ere lanean aritu zen.