Kontzeptua

Mateo-Txistu

Bat bateko haize bolada zakarren atzean, herriak irudikatu ohi duen pertsonai mitikoaren izenetako bat. Ataunen eta Amezketan Mateo-Txistu deitzen diote; Zerainen, Juanito txistularia; Gesalibarren, Martin-abade; Dohoztin Errege Xalamon; Oiartzunen, Salomon apaiza; eta Usurbilen, Prizti-Juan.

Euskal Herrian bildu diren bertsioetan, ehiztaria apaiz bat izaten da gehienetan; bere ehizarako grinak mendean hartuta duela, elizako atetik erbi bat ihesi joaten ikusten duenean meza ematea bertan behera uzten du, bere txakurrekin haren atzetik joateko eta geroztik ez da atzera itzuli eta inork ez du haren berririk izan gehiago.

Agerkundea ikusi, inork ez du ikusi oraindik; baina askok diotenez, baso eta mendietan haren txistua eta bere txakurren uluak entzuten omen dituzte.

Joan den mendeko hasieran, Ataungo Tellerietxe baserriko emakume batek ikusi omen zituen, apaizaren eta txakurren itzalak neguko gau batez, ilargiaren argitan, baina inork ez omen ditu zuzenean ikusi.


Azkue


Gesalibar Arrasateko auzoan diotenez, bestalde, Udalako apaiza izan zen Martin abadea munduz-mundu dabil txakurrekin eta inork ez ditu haiek ikusi, baina bai txakurrek zaunka egitean ahotik botatzen duten sua.

Halaber, Soraluzen Juanito txistularia Elosuko apaiza zela esaten dute. Behin, meza ematen ari zela, deabrua agertu zitzaion eskuin aldetik erbi itxuran. Apaizak, berehala, meza bertan behera utzi eta ustezko erbiari jarraitu zion txakurrarekin.

Kortezubin, berriz, ehiztaria Mallabiko apaiza izan zela diote, eta bere txakurrarekin batera erbi baten atzetik dabilela. Behin, bere ogi labekada egiten ari zen emakume bat aurkitu zuen eta opil bat eskatu zion. Emakumeak opila eman behar zion, baina ehiztariak ez zuen besoa luzatzeko eta ogia hartzeko astirik izan eta handik alde egin zuen.

Barandiaranek bildutako aurrekoei, besteak beste Gerhard Bähr alemaniar euskaltzaleak edo Juan Garmendia tolosar etnografoak bildutako antzeko albisteak erantsi dakizkieke, zinez ugaria baita legenda honen adibide kopurua. Aipatu Bähr-ek dioskunez, "haize bolada zakar batek bat-batean orbela harrotu eta zuhaitz sendoenak ere astintzen dituenean, ahots uher eta zakur ulu urrunen zurrunbilo moduko hotsa eraginez, herriko jendeak esaten omen du, "han dabiltza ehiztaria eta zakurrak" (Bähr, 1931) (Itzulpena moldatua gazteleratik).